Bidalketak

Ur kudeaketaren aulkiak

20 aulki,… 10 hobe, ezta? Ondo da?…….. Ez! Orain hobe 7,… ez hobe 5, ez 7! Aulki zenbakien arabera laburbildu daiteke 11 urte luzetan El Salvadorren uraren lege orokorraren inguruan darabilen eztabaidak. Oraintsu aurkeztu du Universidad Centroamericana “José Simeón Cañas” (UCA, gaztelerazko siglak) unibertsitate pribatu esanguratsuko aholkulari talde batek azken proposamena, 7 aulkiduna, ekainean bertan El Salvadorreko alderdi kontserbadoreek Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioan eztabaidatzeko aurkeztu zuten 5 aulkitako proposamenak sortu zuen zalaparta soziala baretze aldera.

Hala ere aulkien zenbakietan baino, aulki horiek osatuko luketen uraren kudeaketaren kontseilu zuzentzailean nor eseriko den hautatzean dago gakoa. 7 bat hilabete lehenago beste 7 aulkidun proposamen batek eragin zuen moduan, uraren kudeaketaren boterea noren esku utzi nahi den izan da azken hilabetetako Uraren Pribatizazioaren Aurkako Aliantzak (non El Salvadorreko Uraren Foroak ere parte hartzen duen) buruturiko ohar abisu eta ekintza guztien muina. Horren adibide dugu, uztailaren 11ean El Salvadorreko 14 departamentuetan aliantza honek burutu zituen ekintzak. Uraren Foroko Balsamo Mendilerroko Lurralde Mahaiko lagunak La Libertad departamentuko Santa Tecla hirian, eta ADES Santa Marta eta Osasun Foroko kideak Cabañas departamentuko Guacotecti herrian izan ziren, adibidez.

Aliantza honen izenak berak argi uzten duen moduan, jakina da azken proposamen hauek aulki gehienak uraren kontsumo altua duten El Salvadorreko zein sektore ekonomikoren esku utzi nahi dituzten. Hori dela eta, argi dute Ur Giza Eskubidea gauzatzeko kudeaketa publikoa eta komunitario izan behar dela, 2012tik 10 aulkidun proposamena aurkeztu ondotik Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioaren eztabaidetan adierazi izan duten moduan. Horixe da pribatizazio eta merkantilizazio prozesuen aurrean ISF federazioko “ura guztiona, eskubidea da, ez salgaia” kanpainaren ideietan laburbiltzen dena, eta parte hartzailea, gardena eta kontu-ematean oinarritzen den uraren kudeaketaren ereduaren oinarria. ISF-MGIk El Salvadorreko erakunde ezberdinekin elkarlanean eredu hauek bultzatzen jarraitzeko ekinean dihardu, eta aulki jolas honen azken kapitulu honi adi jarraituko diogu aste eta hilabete hauetan zehar.

Hori bai, ez dago inongo berririk Asanblada Legegileko 84 aulkitan eserita dauden diputatuek legealdi honetan onartzeke duten konstituzioko 69. artikulu berriaren inguruan. Ura eta elikadura giza eskubidea Game Over omen dabil oraindik El Salvadorren.

GrALa garapenerako lankidetzan egiteko ilusioa

Ia pasatu dira ia 2 urte Sergiok bere GrALa garapenerako lankidetzan egiteko erronka hartu zuela. Garai hartan ilusioz erantzun zigun orain gure blogean berreskuratzen dugun elkarrizketan:

Zergatik lankidetza arloko GrALa?

Graduko 4. maila hastean Gradu Amaierako Lana (GrAL) zeri buruz egitea aukeratu behar nuen. Irakasleek proposatzen zituzten proiektuek ez ninduten gehiegi motibatzen eta, gainera, giza garapenerako lankidetza arloan zerbait egiteko ideia nuen. Izan ere, duela hiru urte Ghanan egon nintzen umezurztegi batean eta antzeko esperientzia errepikatu nahi nuen. GrALa gustora egin nahi nuen, zerbait aurrera eramateko balioko lukeena eta ez gradua amaitzeko tramite huts bat bakarrik. Horregatik, Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkartearekin harremanetan jarri nintzen eta egun eskuetan daukadan proiektua lortu genuen.

Zertan datza zure GrALak?

El Salvadorreko Asociación Comunitaria Unida por el Agua y la Agricultura (ACUA) elkarteak proposatutako Conacaste kantoiaren komunitate batzuetarako ur-hornidura sistema bat diseinatuko dut. Lana Bilbotik aurrera eramateko, gaiari buruzko informazioa eta beharrezko datuak partekatu dizkidate eta sistemaren eskema egiten hasi naiz. El Salvadorrera heltzerakoan, egindako eskema osatuko dut bertan dituzten datu zehatzagoak erabiliz eta GrALa egingo dut: kalkuluak egin, ondorioak atera, alternatiba aukeratu, etab. eta lan osoa idatzi.

Zer espero duzu bertan egingo duzun egonalditik?

Ekainean El Salvadorrera joango naiz hilabete eta erdiko egonaldia egitera. San Salvador hiriburuan egongo naiz lo egiten eta egunero Zaragozara joango naiz ACUAn lan egitera. Noizbait komunitateetara gerturatuko garela uste dut proiektuaren errealitateaz jabetzeko: bertan bizi diren pertsonak eta euren bizimodua, gabeziak eta premiak ezagutzeko.

Bilbora umilago bueltatuko naizela uste dut. Esperientzia honek gure bizimodua erlatibizatzeko balioko dit eta guretzat normalak diren eskubide eta baliabideak beste leku batzuetan existitzen ez direla ikusiko dut, edo hauek lortzeko egin beharreko esfortzua zein den.

Egonaldi honekin giza garapenerako lankidetzan esperientzia bereganatu nahi dut: nola funtzionatzen duen, proiektuak aurrera eramateko trabak zeintzuk diren, langileak nola antolatzen diren, komunitateetako pertsonekin harremana nolakoa den, etab. Lankidetzan lan egiten jarraitzera motibatuko nauela uste dut.

Zure ustean, mota honetako GrAL bat zein neurritan izan daiteke eraldatzaile?

Nire GrALean proposatuko dudan ur-hornidura sistema aurrera eramango denik ere ez dakit. Hortaz, zuzenean batere eraldatzaile ez izatea suerta daiteke. Baina GrALa egiteko aitzakiarekin El Salvadorrera banoa, ACUA elkartearekin tailerretan parte hartzen badut, etorkizunean lankidetzan lan egiteko kontaktuak egin eta esperientzia bereganatzen badut eta nire egonaldian bizi izandakoa lagun eta ezagunekin partekatzen badut, eraldatzailea izango da neurri batean edo bestean.

GrAL hau egiteak etorkizunari begira zer ekarriko dizula uste duzu?

Alde batetik, GrAL bat egiteak industria ingeniaritza arloko proiektuak ezagutzea, prestatzea, idaztea eta aurrera eramatea du helburu, eta baita arazo edo gabezien aurrean konponbideak proposatzeko gaitasuna bereganatzea, ikasitako kontzeptuak, kalkulu tresnak eta metodologiak erabiliz. Beste alde batetik, ohiko GrAL bat beharrean garapenerako lankidetza arlokoa denez, nire lana proiektu handiago baten parte izango da. Horregatik, unibertsitatean aurkeztu behar dudanaz gain beste hainbat aspektu landuko ditut eta lankidetzako proiektu erreal baten egitura eta lan egiteko modua ikusi eta ikasiko ditut. Honek beste ikuspegi praktikoago bat emango didala espero dut, benetako proiektuetan ematen diren arazoak biziko ditudalako eta irtenbide eman beharko diedalako.

Partekatu nahi duzun beste ezer?

Ingeniaritzako graduan ikuspegi soziala falta da. Errentagarritasun ekonomikoa lantzen da baina proiektuen onura edo zergati sozialak ez dira aipatzen. Horregatik erabaki nuen Gradu Amaierako Lana giza garapenerako lankidetzan egitea: beste ikuspegia ere bereganatzeko, ez bakarrik unibertsitatean irakatsi diguten ikuspegi partziala.

Behin esperientzia pasata, Sergio, esperotakoa bizi izan zenuen ala ilusio hutsa izan zen? Animatuko zenituzke honelako esperientzia batera unibertsitateko ikasleak? Ia gure facebook-eko sarreran erantzuten digun.

ISF-MGI El Salvadorren martxan

Bisitez betetako astea igaro genuen El Salvadorren ISF-MGI-ko kideok urtarrilaren amaieran. ESF Catalunyako adiskideekin etorkizuneko erronkei buruzko solasarekin hasi, eta El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultateko (FIA/UES) dekanotzako eta ASEIAS ikasle elkarte antolatuko kideekin batzartu ginen. Bertan, UPV/EHUko OFICOParen babesarekin sustatu den unibertsitate-lankidetzaren esperientziatik guztiok jaso ditugun ikasbideei eta etorkizunari begira elkarlanean burutu ditzakegun ekintzei buruz mintzatu ginen.

Hiritik irten, eta arnasestuka dabilen Balsamo Mendilerrora jo genuen, bertako komunitate eta elkarte antolatuekin Ur eta Saneamendu Giza Eskubieen eta ingurumenaren defentsaren borrokan azken bi urte hauetan ACUA, ASAPS eta CORCULL erakundeekin daramangun ahalduntzen prozesuen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Uraren Giza Eskubidearen defendatzaile hauek elkarte moduan komunitate eta lurralde mailako antolamendurako beharrei aurre egiten ari dira trebakuntza prozesu ezberdinen bidez, beste hainbat erronken artean, estatuko beste hainbat elkarterekin batera Uren Lege Orokorra gauzatzeko beharraren aldarri nekaezinari eusteko adibidez. Uraren defentsaren eguneroko lan horretan emakumeek duten protagonismo aktiboaren (ez ikusizkoa oro har) lantze aldera oraintsu hasi da beraiei zuzendutako iturgintza trebakuntza. Prozesu hau eta ASAPS osatzen duten komunitateetako ur batzordeekin gauzatuko diren beste batzuk, ANDA estatuko uraren antolatzaile publikoaren landa-eremuko sistema eta komunitateentzako atentziorako gerentziarekin elkarlanean gauzatuko dira, ur edangarria bideratzen duten sistemen antolatzaile eta kudeatzaileentzako formakuntza integralerako gune berrian. Prozesu hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntzen deialdi ezberdinen bidez burutzea posible izan da.

 

San Jose Guadalupe komunitatera hurbilbuta 2015an hasi eta 2016 bukatu zen uraren hornidura-sistemaren eraikuntza proiektuaren lorpenak aurrez aurre ezagutu genituen. Aipatzekoa da ur sistema honen diseinua Garapenerako Lankidetzan oinarrituriko Gradu Amaierako Lan baten bidez gauzatzea lortu zela. Horrez gain, gaur egun martxan dagoen saneamendu proiektuaren aurrerapenei buruz komunitateko kideekin solasa izan genuen. Komunitate honetako proiektu berri honek ere Bilboko Udalaren garapenerako nazioarteko lankidetzarako diru-laguntzen deialdiaren bidez gauzatzeko aukera izan du.

 

Azken bisita honen ostean Radio Balsamoko kideek ISF-MGIko kide den Aitor Gomezi egindako elkarrizketaren berrian laburbiltzen den moduan “ura ezinbestekoa da bizitzarako, eta Balsamoko mendillerroaren kasuan, (…) beharrezko lana da honakoa bizirik irauteko, beste aukera batzuk izateko eta herritarren gaitasunak sendotzeko”. Berri horretan bertan Steve Magaña esatariak laburtzen duen moduan horretan jarraitzen dugu ISF-MGItik “Ura Giza Eskubidea den eskakizunaren bitartez komunitateko antolakuntza sendotuz”.

Erronka zahar-berriak ditugu eskuartean beraz. Denon artean, aurrera ba!

Unibertsitate-lankidetzaren sendotzea

Abenduaren 6rako iragarritako El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultateko (FIA/UES) zuzendaritza batzordearen bileran unibertsitate honek, ISF-MGIk eta UPV/EHUk babestutako “Ezagutza zientifiko-teknikoaren hartu-emanerako El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen eta UPV/EHUren arteko unibertsitate-lankidetzaren sendotzea” proiektuaren emaitzen aurkezpena burutu zuten 2015ko urrian hasitako prozesu honen koordinatzaileek eta bertan parte hartu duten ikasle salvadortarrek.

Bi unibertsitateetako ikaslegoaren eta irakaslegoaren koordinazio proiektu honek FIA/UESko Herri Lanen Eskolako hidraulika laborategiaren diseinua eta instalakuntzaren proposamena gauzatzea lortu du, bertako ikaslegoarentzat gai hauek lantzeko praktiken formakuntza egitasmoekin batera. FIA/UESeko zuzendaritza batzordeak oniritsia eman dio honakoa ezartzeari eta etorkizuneko profesionalen trebatzerako eta sentsibilizaziorako unibertsitate-lankidetza berritzaile hauetan sakontzeko asmoa adierazi zuen.

El Salvadorreko taldearekin bilera

El Salvador-eko Uraren Foroak gobernuaren eta ANEP-en artean Uren Lege Orokorraren aurreproiektu berria negoziatzea salatzen du

Hamar urte pasa dira El Salvador-eko Uraren Foroaren inguruan antolaturiko gizarte mugimenduek Uren Lege Orokor bat proposatu zutenetik. Proposamen honek herrialdeko uraren babesaren ardura ardatz harturik kudeaketa publikoa, partehartzailea, iraunkorra eta bidezkoaren ikuspuntua zuen, uraren kudeaketa komunitarioa aintzatetsiz.

Aldarrikapen aintzindari honek 2012an El Salvador-eko Gobernuarekin Uren Lege Orokorraren aurreproiektu bat adostea lortu zuen. Bertan uraren erakunde zuzentzailea guztiz publikoa izango zela bermatzen zen, honen buru Ingurumen eta Baliabide Naturalen Ministerioa (MARN gaztelerazko siglak) izango zelarik eta honek Uraren Kontseilu Nazional (CONAGUA gaztelerazko siglak) baten laguntza izango zuelarik, besteak beste, unibertsitate, landako eta komunitateetako erakunde, alkatetza eta sektore pribatu beraren parte hartzea ahalbidetuz.

movilizacion_pormiderechoalagua_24022015

Uraren foroaren “nire ur eskubidea” ekinaldiko mobilizazioa. 2015-02-24

Read more

San José de Guadalupen ur sistema hobetua

Comasaguako San José Guadalupeko biztanleek ur sistema hobetua dute dagoeneko!

sistemaagua

Comasaguaseko komuna eta ACUArekin elkarlanean egindako proiektuak 30 bat familien egoera aldatuko du. Proiektuak Bilboko udaletxeak ere parte hartu du.
Samuel Ventura, ACUAko zuzendariak esan du gero eta familia gehiago lagundu ahal izango direla horrelako proiektuekin.

comasagua

Argazkiak: Radio Bálsamo 92.1

Pintxo Solasaldia El Salvador

ISF-MGIk El Salvadorreko erakunde ezberdinak sendotzeko prozesuetan laguntzen urteak daramatzalarik, zuekin komunitate zaurgarrituetako uraren defentsan dabiltzan emakumeak jasaten ari diren bortizkeriari buruz hitz egiteko beharra dugu.

2015/16 ikasturteari agurra emateko Pintxo-solasaldi berezi honetara gonbidatu nahi zaituztegu, eta bertan ISF-MGIk lankidetza proiektuetan sustatu dituen uraren berdintasunezko kudeaketa gauzatzeko ekintzen berri eman nahi dizugu.

GrAL-a edo MAL-a lankidetzan egiteko interesa duten pertsonentzako aukera oso interesgarria izango da (solasaldi hau) gure lankidetza esparruak eta ISF-MGI-k eskaintzen dituen aukerak ezagutzen hasteko.

​Ekainaren 15ean 19etan Ekoetxean (pelota kalea 5 Bilbo) izango da topaketa.

Pintxoak eta edaria izango dugu, eta nahi izanez gero, partekatzeko zeozer ekarri dezakezu!

Anima zaitez guztion artean ekiteko!

Pintxo-Solasaldia Ekainak 15 Junio Pintxo-Tertulia

Ura Giza Eskubide bezala aldarrikatzen duten defendatzaileek jasaten ari diren kriminalizazioa salatzen dugu.

Puerto de La Libertadeko alkatearen eskutik, Ura Giza Eskubide bezala aldarrikatzen duten defendatzaileek jasaten ari diren kriminalizazioa salatzen dugu.

Berriro ere “El Foro del Agua” esandakoarekin eta bere lanarekin bat egiten dugu, hementxe duzue komunikatua gazteleraz:

“Ante la incriminación que el Alcalde del Puerto de La Libertad realizó de personas defensoras del derecho humano al agua en el asesinato de una colaboradora de la municipalidad, como parte de una estrategia para amenazar los Sistemas Comunitarios de agua.

Representantes del Foro del Agua denuncian públicamente que Miguel Ángel Jiménez, Alcalde del Puerto de La Libertad, expuso la semana pasada fotografías y nombre completo de dos personas que pertenecen a Sistemas Comunitarios de Agua potable, acusándolas del asesinato de una colaboradora de la alcaldía.

Carlos Flores explicó que recientemente la Procuraduría para la Defensa de los Derechos Humanos (PDDH) emitió medidas cautelares contra el Alcalde Jiménez por amenazas, coacciones y difamación hacia estas personas a quienes ahora acusa irresponsablemente.

Esta estrategia de amenaza a los sistemas comunitarios para apoderarse de las principales fuentes de abastecimiento de agua no es exclusiva del municipio del Puerto de La Libertad, una situación similar está ocurriendo en Tacuba y San Isidro Cabañas, alcaldías gobernadas por el partido ARENA.

Vea más en el siguiente enlace: http://forodelagua.org.sv/noticia/2016/05/denuncian-acusacion-del-alcalde-del-puerto-libertad

“Ura eta Saneamendua izateko Giza Eskubidea eta Bizkaian gizarte eraldaketa” erakusketan parte hartzen dugu

Bizkaian kontzientzia kritikoa eta eraldaketarako lankidetza-lana sustatu eta Ura eta Saneamendua izateko Giza Eskubidearen praktika zabaltze aldera. Foro Bizkaia DHAS-en parte hartzen dugu.

Mugarik Gabeko Ingeniaritzak, El Salvadorren gauzatzen ari den proiektuarekin parte hartzen du:”ACCESO A LOS SERVICIOS DE AGUA POTABLE Y SANEAMIENTO BÁSICO PARA LA POBLACIÓN DE LA COMUNIDAD DE SAN JOSÉ GUADALUPE”. Bertako komunitateen lana indartuz, ura eta saneamendu egoki bat lortzeko asmoarekin egindako proiektua da, eta helburu bezala osasun egoera, ingurugiroa eta emakumeeek zein neskatoek sufritzen duten lan karga hobetzea da. Hau gauzatzeko ezinbestekoa da komunitatearen ezaguera teknikoa zein administrazio ezaguerak hobetzea.

Erakusketa ikusteko hementxe ikus dezakezue non eta noiz izango den: http://forobizkaiadhas.org/index.php/category/eventos/

 

 

Garapenerako GrAL eta Lankidetza esperientziak El Salvador-en

Kaixo!
Mugarik Gabeko Ingeniaritzako kideok​ antolatu dugun “Garapenerako GrAL eta Lankidetza esperientziak El Salvador-en” jardunaldira gonbidatzen zaituztegu.
Jardunaldi hauetan aurkeztuko dugu ISF-MGIk El Salvador-en diharduen lankidetza proiektua, solasaldi eta argitaragabea den erakusketaren bitartez:
Agua_Ura_Leioa

Lurra zaintzearen garrantziaz hitz egingo dugu, eta bereziki El Salvador-en uraren egoera eta hau hobetzeko proposatzen diren Garapenerako Lankidetza Proiektu eta GrAL lanen nondik norakoak ezagutuko ditugu.

Data eta Lekua:​ Maiatzak 11
Zientzia eta Teknologia Fakultatean: Barrio Sarriena s/n 48940 Leioa

Goizeko 12:​00​tan

​Non: Gradu-aretoan​
Etor zaitez!