3,2,1… Plantaton! Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, baltsamo eguna

Erakunde publiko eta eragile sozialen koordinaziopean Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 5ean, hainbat egitasmo antolatu ziren El Salvadorren. Horietako bat, Ingurumen Jasangarritasunaren eta Zaurgarritasunaren Kontseilu Nazionalak (CONASAV, gaztelerazko siglak) bultzaturiko #Plantaton2017 egitasmoa izan zen, herrialde osoan zehar milaka zuhaitz landatzeko proposamenarekin.

 CORCULL eta Balsamo Mendilerroko Lurralde Mahaiko (MTCB, gaztelerazko siglak) osatzen duten beste hainbat eragileetako partaideak Nuevo Cuscatlán-go Pedro Pablo Castillo eskola publikoan batu ziren ekimen honi hasiera emateko.

Adin askotariko ikasleek buruturiko naturako elementu ezberdinen inguruko dantza eta antzezlan erakustaldien ostean, martxoak 7 komunitatean eta Santa Teclarantz doan errepidearen inguruan kimuak landatzeari ekin zioten eskola horretako ikasleen laguntzaz. Ea lurralde hau jasaten ari den arnasestua lasaitzeko gai diren!

Argazki-festaz eta umeen irriez gain, eta baltsamo egun hutsa ez bilakatzeko, CORCULL-en lehendakari den Maria Paz-ek argi adierazi zuen ekitaldian eginiko hitzaldian kezka “golf kantxa, hirigintza eta bizitegi guneak, merkatal gune haundiak, besteak beste (…) deforestazio handia dakartelako” mendilerro osoan zehar; Nuevo Cuscatlan bertan bezala, “Estero San Diego eta Jute-San Antonio ibai arroen buruan dagoen karga hidriko gunea“ izanik. Balsamo mendilerroan bizi diren herritar orori dei eginez bukatu zuen: “denok gara CORCULL, beraz mendilerroa zaintzeko ardura handia dugu ez daiten ingurumena gehiago andeatu eta horrela aldaketa klimatikoaren zaurgarritasuna gutxitzea eta estres hidrikoa gelditzea lortuko delarik”.

Egun horretako El Salvadorreko Irrati eta Programa Partehartzaileen Erakundearen (ARPAS, gaztelerazko siglak) editorial honetan ageri den moduan, badago premiaz hasi beharreko ingurumen agenda! Baditugu beraz urte guztirako nahi beste lan eta erronka Egun. 3,2,1, ekin!