Gizarte eraldaketarako apustua egin duten GrALei buruzko solasaldia

Hainbat Gradu eta Master Amaierako Lanak gauzatzean bidelagun izan garen honetan, Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik ikerketa hauen eraldaketarako ahalmenaren inguruko azterketa bat burutzea otu zitzaigun. Hori dela eta, prozesu honetan lan hauek norbanakoaren eta gizartearen eraldaketarako lanabes moduan ulertzen duten ekimen batzuetara gerturatu gara. Lan honetan, esperientzia hauetan parte hartu duten ikaslegoaren bizipenak jakitearen beharraz ohartu ginen, eta pasa den ekainean hauen inguruan patxadaz hitz-egiteko solasaldi bat burutu genuen.  

Ekintza honetan batu ginen pertsona anitzok (ingeniaritza arlo ezberdinekoak, zientzialariak, gizarte langileak, arte ederretan adituak,…) denon ideiekin gizarte eraldaketa zein zentsutan ulertzen dugun landu genuen. Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzera behartzen gaituen dikotomia askaezina dela eta, gizarte eraldaketarako apustuak argi du noranzkoa. Beharrezkoa da bizitzea merezi duen bizitzak erdigunean jartzea, eta horretarako kontzientzia eta jarrera hartzetik hasi, bertan kokatu eta bertatik nahien arabera abiatzea da xedea. Hasieratik azaltzen da funtsezko adostasuna bat: ez dago gizarte eraldaketarik maila pertsonalean nolabaiteko eragiterik ez badago.

Esperientzien aniztasuna izanagatik ere, denek azaleratzen dute beraien GrALak munduko egoeren inguruko kontzientzia izateko mugarri izan direla. “Hasieran GrAL bibliografiko bat egin nahi nuen, baina lankidetzaren munduari eginiko begiradatxoarekin, ni neu aztertzeko beharra izan nuen”. GrALa egitean ordurarte egingabeko galderak sortu ziren, nolabait jarraitu beharreko ekinbidea ulertzeko balio izan dutenak: Zein da nire aportazioa? Zertarako egiten dut? Zein modutan egin nahi dut?

Hala ere, esperientzia oparoak izanagatik ere, mugak ere aurkitzen dira. Adibide dira denbora urritasuna, edota bukaerako txostenaren egitura zurruna, bertan formakuntza eta ikerketa prozesu hauetako hainbat alderdi agertezin eginez. “Alde teknikoa soilik adieraztea eskatzen zidaten, gizarte ikerketa guztia eranskinetara”. Unibertsitateko ikasketa prozesuan gizarte eraldaketarako GrALa bat burutzeko tresnarik ere ez izatea zailtasuna da. Ikasgeletatik kanpoko gaiak lantzeak dakarren ezagutza falta horrek, GrALa burutzean gai horren inguruan sakontzeko beharrak ere prozesua bizigarri egiten du: “ikasketetan armagintzaren industriari buruz hitz-egiten digute, eta GrALa ISF-MGIrekin egiteak ilusioa eta ikasketei jarraibide berri bat ematea laguntzen du”.

Bukatu baino lehen, denboratxo bat hartu genuen GrAL/MAL programaren inguruan hobetzeko proposamenei buruz hitzegiteko. Ideia batzuen artean, lan hauei jarraipena egiteko irakaslego konprometitu gehiago izatearen beharra aipatu zen, batzuetan zaila izaten da eta tutorea izatea. Unibertsitatea gizarte mugimendu eta eragileei hurbiltzearen beharra ere adierazi zen, gizarte antolatuaren behar eta nahiak asetzeko gai diren esparruak landuz eta babestuz. Ikasketetetan egin beharreko praktikak eta GrALa uztartzearen aukeran ere sakontzea aipatzen da, bai ikerketa hauen hedapena handitzea baita GrALen emaitzen jarraipena egitea ere. Hurrengo hilabeteetan Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik lantzen ari garen ikerketa baterako erabilgarri izango diren 20 bat proposamen jaso dira. Bejondeizuela!

Intersekzionalitatea parte-hartze sozialaren tresna gisa

Herrietako parte-hartze prozesuak nola gertatzen diren aztertu nahi badugu, haien atzetik dauden praktika eta arau guztiak gainbegiratu behar dira. Arreta jarri beharko zaie bazterketa iturriei, ikertu beharko da haien artean nola eragiten dioten elkarri eta pribilegioak hauteman beharko dira ez dauden errealitateak identifikatzeko. Zentzu honetan, intersekzionalitateak eskaintzen digun markoak ahalbidetzen digu zeharkatzen gaituzten zapalkuntza/pribilegio ardatz ezberdinak eta haien artean nola erlazionatzen diren ikusaraztea. Zigortua eta ahaztua dagoen aniztasunaren gain jarri nahi dugu begirada. Guzti hori dela eta, hurrengo Aktibisten Eskola erabiliko dugu ikuspuntu intersekzionalean eta praxis kritikorako duen potentzionalitatearen inguruan sakontzeko.

Jone Martinez-Palacios feminista eta Parte Hartuz-eko ikertzailearen eskutik berrikusiko dugu in-korporatutako dimentsioak nola lan egiten duen intersekzionalitateaz ari garenean. Zer esaten digu gorputzak? Nola jokatzen dugu parekoekin? Nola ezberdinekin? Gure eguneroko praktika sozialen atzetik lan egiten duten logikei buruz taldean hausnartu nahi baduzu, hurrengo ekainaren 27ko -osteguna- saiora gonbidatzen zaitugu. Parte hartu nahi izanez gero, bidal iezaguzu mezu elektronikora hezkuntza@euskadi.isf.es helbidera, idatzi izenburuan AKTIBISTEN ESKOLA eta esaiguzu parte hartu nahi duzula eta zein motibazio dituzun. Bertaratu ahal izateko, ez da beharrezkoa Aktibisten Eskolaren aurreko saioetara etorrita egotea. Zain izango gaituzu!

Data: ekainak 27, osteguna.

Ordua: 17:00-19:00

Tokia: Bilboko Ingeniaritza Eskola, P1G1 gela

Nabigatu arrastorik gabe: Tresna Libreak eta Burujabetza Teknologikoa

Ez da inongo sekretua: teknologiaren sektoreko multinazional handiek gure pribatutasuna urratzen dute, eta oparitzen dizkiegun datuekin salerosketan ibiltzen dira. Interneten nabigatzen dugunean sortzen diren datuek, gure kokapenarekin konbinatuta, informazio guztiz baliotsua ematen dute, Google bezalako enpresek publizitate pertsonalizatua bideratuko diguten beste enpresa batzuei bidaltzeko. Hori jakin badakigun arren, batzuetan geure buruaren zaintza digitalak hobetzeko tresnak falta ditugu, eta azkenean betiko sare eta plataforma pribatiboetara jotzen dugu. Internetekin arrastorik utzi gabe harremanetan aritzeko beste modu batzuk ezagutzea eta burujabetza teknologikora jauzi egitea proposatzen dizugu Mugarik Gabeko Ingeniaritza-Euskaditik.

Mugarik Gabeko Ingeniaritzak eta Ekologistak Martxanek Aktibisteen Eskolaren saio berezia antolatu dugu, mapen erabilerarekin lotutako tresna libreak ezagutzeko eta haiekin praktikatzeko. Zuk ere Google Mapsera sarri jotzen baduzu, interesgarri izango zaizu pribatutasun, autonomia eta erraztasun handiagoak eskaintzen dizkizun mundu oso bat dagoela deskubritzea. Horretarako, Ekaitz Zarraga telekomunikazioko ingeniaria izango dugu gurekin datorren ostegunean, ekainak 13. Erabiltzailea eta bere eskubideak errespetatzen dituzten teknologien erabilera eta sorkuntza sustatzen dihardu gaur egun. Parte hartu nahi baduzu, bidali mezu bat hezkuntza(a bildua)euskadi.isf.es helbidera, idatzi izenburuan AKTIBISTEEN ESKOLA eta esaiguzu parte hartu nahi duzula. Bertaratu ahal izateko, ez da beharrezkoa Ekintzaileen Eskolaren aurreko saioetara etorrita egotea. Zain izango gaituzu!

Eguna: 2019ko ekainaren 13a, osteguna

Ordua: 17:00-19:00

Tokia: Bilboko Ingeniaritza Eskola, P1G1 gela

Ikasleekin topaketa: Gizarte eraldaketarako GRALen esperientziak partekatzen

Zure Gradu Amaierako Lana lankidetza, jasangarritasun edota justizia sozialaren arloan garatu duzu? Nahiko zenuke zure esperientzia beste ikasle batzuekin partekatu? Horrela bada, Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik zure interesekoa izan daitekeen proposamen bat daukagu. Hurrengo astelehenean, ekainaren 10ean, 17:00etan Bilboko Ingeniaritza Eskolan (P1G1a gelan) gizarte eraldaketarako Gradu Amaierako Lanak edo Master Amaierako Lanak egin dituzten ikasleekin topaketa izango dugu.


Espazio-taller honetan, diziplina desberdinetako ikasleek partekatu ahal izango dituzte, dinamika parte hartzaileak erabiliz, haien prozesuan izan zituzten motibazioak, bizipen adierazgarrienak eta GRAL/MAL-ean lortu zituzten emaitzak. Parte hartu nahi baduzu, bidal iezaguzu posta elektroniko bat hezkuntza@euskadi.isf.es helbide elektronikora, gaian IKASLEEKIN TOPAKETA idatziz, eta parte hartzeko motibazioak adieraziz.


Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik uste dugu Gradu eta Master Amaierako Lanak gizarte eraldaketarako tresna izan daitezkeela. Urteak daramatzagu Giza Garapenerako Teknologiak ardatz dituzten ikerketei jarraipena egiten, lankidetza eta jasangarritasun arloetan. Ikasleei zuzendutako espazio hau zabaldu dugu interesatzen zaigulako beste arlo batzuetan egiten diren lanak ezagutzea, eta horrela, ikaspen bateratuak eraiki, esperientziari ahalik eta onurarik handiena ateratzeko.

EMAKUME DEFENDATZAILEAK. Ekofeminismoaren proposamenak eta indarkeriarik gabeko bizitzak

El Salvador kontraste askotako herrialdea da.

Alde batetik, feminizidioen herrialdetako zerrendetan latinoamerika mailan lehen postuan, eta mundu mailan Siria eta Lesotoren ostean aurkitzen da. Amnistia Internazionala erakundearen azken txostenean El Salvador emakumeentzako arriskutsuenetarikoa den herrialdea dela adierazten da genero indarkeriari dagozkion indize altuak direla eta. Horrez gain, abortua guztiz debekatzen duen legedia dago indarrean, emakumeen aurkako hainbat urtetako zigorrak ezarriz, baita osasun-langileentzako ere. Bat-bateko abortua edota larrialdi obstetrikoa izan duten emakumeak erailketa larriagotua gauzatzeagatik erruduntzat ebazten dituzte.

Bestalde, herrialde honetan bertan, 2017ko martxoan meatzaritza metalikoa (urrea, zilarra eta beste metalen ustiapena) debekatzen duen legedia onartu zen, mundu mailan lehenengoa izanik, lurraldearen defendatzaile diren emakumeen borrokaren ostean. Hori lortzeko komunitateetako erakunde eta gizarte mugimenduak hamarkada bat meatzaritza enpresen kokatzearen aurka aritu dira, honelako proiektuek herrialdeko ekosistemetan eta pertsonen bizitzetan, batez ere emakumenetan, duten inpaktua salatuz.

Txanpon berdinaren bi aurpegiak dira. Alde batean, emakumeak ditugu lurraldeari eragiten dioten gaitzak antzematen lehenak. Beraiek dira borroka hauen oinarri eta gauzatzaile, beraien lan produktibo, erreproduktibo eta komunitarioetatik. Beste aldean, kontuan hartuz emakumeon gorputza dela bizi dugun lehen lurraldea, emakumeok lurraldearen defentsan duten jokaera adierazgarria da, norbanakoen zein kolektiboen zein komunitateen eskubideak defendatzean.

Testuinguru honetan, nolakoa da emakume defendatzaileen borroka kontrastezko El Salvador moduko herrialde batean? Zeintzuk dira emakumeen eskubideen defentsarako gauzatu eta gauzatzen ari diren proposamenak?

Silvia Guadalupe, Marleni del Carmen Ortiz eta Deisy Otilia Rivas datorren ekainaren 4an Louise Michele Liburuak izango dira ekofeminismotik dakartzaten beraien proposamenak eta El Salvadorren indarkeriarik gabeko bizitzak lortzeko lanetan dituzten esperientziak elkarbanatzen.

Silvia Guadalupe eta Marleni del Carmen Ortzi Concertación de Muejes de Suchitoto (CMS) erakundeko kideak dira. CMS emakumeen antolamendurako bilgune da Suchitoton emakumeen autonomia sustatzeko, horrela emakumeok indarkeriarik eta bereizketarik gabeko gizarte justuago, demokratikoago eta berdintasunezkoa izateko asmoa duena. Horretarako lau esparru lantzen ditu: erakundeen eta lidergoen sendotzea, sexu eskubideak eta ugalketa eskubideak, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza askeak izateko duten eskubidea, eta autonomia ekonomikoa.

Silvia eta Marlenik testuinguru honetan jardunaldi hau aprobetxatuko dute beraiek eginiko ikerketa bat aurkezteko, ekonomia solidarioa eta elikadura burujabetza gauzatzeko praktika ekofeministen inguran burutu dutena.

Bestalde, Deisy Otilia Rivas Asociación de Desarrollo Económico Social de Santa Marta (ADES) erakundeko kidea da. Erakunde honek nekazaritza ekologikoa eta jasangarria sustatzen, ingurugiroa errespetatzen eta giza garapenaren funtsa den giza eskubideen aldarrikapenean dihardu, formakuntza prozesuak eta herri-komunikazioa bultzatuz.

Horrez gain, CMS erakundeak ekonomia solidarioa eta elikadura burujabetza gauzatzeko praktika ekofeministen inguran burutu duen ikerketa eta kolore anitzeko emakumeak borrokan argazki erakusketa aurkeztuko dira.

Deisy Otilia Rivas Asociación de Desarrollo Económico Social de Santa Marta (ADES) erakundeko kidea da. Erakunde honek nekazaritza ekologikoa eta jasangarria sustatzen, ingurugiroa errespetatzen eta giza garapenaren funtsa den giza eskubideen aldarrikapenean dihardu, formakuntza prozesuak eta herri-komunikazioa bultzatuz. Horren adibide da informaziorako eta komunikaziorako teknologien erabilera ezagutarazi eta erabiltzeko landa eremuko emakumeekin eginiko prozesua, horrela gizonezkoei erlazionatzen zaizkien teknologia berriekiko generoari dagokion eten digitala hautsi asmoz.

Emakumeen parte-hartze, trebakuntza eta ekintza gune izan zen honetatik emaitzen den kolore anitzeko emakumeak borrokan argazki erakusketa ere jardunaldia izango da.

El Salvadorreko hiru emakumen hauek «EMAKUME DEFENDATZAILEAK. Ekofeminismoaren proposamenak eta indarkeriarik gabeko bizitzak» jarndunaldian parte hartuko dute. Solasaldia SETEM Hego Haizea eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteok antolatu dugu, El Salvadorren emakumeen eskubideen defentsaren inguruan solasteko.

El Salvadorreko emakumeen borroka ezagutzea beste hainbat lurraldetako borrokentzako inspirazio iturri dira.

“Gerra hemen hasten da”

2016. eta 2018. urteen artean Bilboko Portutik 9.800 tona lehergailu bidali ziren. Gatazka armatuak ez dira soilik urrutiko lurraldeetan gertatzen diren giza-ezbeharrak: gure lurraldean, industria militarraren garrantzia hain da handia, ezen armamentu kantitate ikaragarriak mobilizatu eta ekoizten dituela sistematikoki giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeetara bidaltzeko. Datorren ostegunean, maiatzaren 30ean, gure “Aktibisten Eskola” egoera horri buruz sakontzeko erabiliko dugu.

La guerra empieza aquí” dokumentalaren proiekzioarekin hasiko dugu saiao. Dokumentalak irabazi handiak ematen dituen sektore horren mekanismoak ikusaraztea eta armen trafikoari amaiera emango dion erantzuna sortzea ditu helburu. Zein erakunde publikok eta pribatuk eusten dute ekonomikoki armen sektorea? Zer dago gobernu autonomoaren eta unibertsitate publikoaren gardentasun ezaren atzean? Proiekzioaren ostean, mahai-ingurua izango dugu Joseba Sanz, dokumentalaren zuzendariarekin, eta Mònica Vega, Banka Armatua Kanpainako kidearekin batera. Zure zain egongo gara!

Data: 2019ko maiatzaren 30ean, osteguna.

Ordua: 17:00-19:00

Tokia: Bilboko Ingeniaritza Eskola, P1G1 gela

Hezkuntza askatzailerako bideak igarotzen

Aurreko Aktibisten Eskolan Hezkuntza Askatzaileari buruz hausnartu genuen begirada feminista batetik. Gema Celorioren eskutik, Hegoako Hezkuntza Teknikoa, bere potentzial osoa ulertzeko hainbat gako aurkitu genituen. Lehenengo urratsa fokua pertsonaren gainean jartzean datza, pausu hori ezinbestekoa da izaera askatzailea izan nahi duen edozein hezkuntza-prozesu egin nahi bada. Gure ikaskuntza prozesuetan subjektu aktiboak garela aitortzea, mobilizazio soziala sortzeko moduko subjektu kritikoak eraikitzeko moduak aztertzea. Soilik puntu horretatik marraztu ahal izango ditugu eraldaketarako aukerak.

Proposamen horrek pentsamendu hegemonikoa osatzen duten elementuak deseraikitzeko erronkak jartzen dizkigu halabeharrez. Pertsonen eta herrien hondamendia dakarren testuinguru neoliberalean, kendu zigutena berreskuratzea geratzen zaigu soilik. Lekuz aldatzea bizitzaren jasangarritasunaren aldeko ikuspegiak geureganatzeko. Zergaitik onartu beharko genuke krisi finantziarioa guztiaren zentrua dela? Zergaitik ez dugu ikuspegia aldatzen zaintzen krisia ardatz kontsideratu ahal izateko?

Ibilbide honetan etapa berri bat agertzen da: beste epistemologiekin kontaktua, beste feminismoekin. Aukera paregabea errealitate desberdinak eta zeharkatzen gaituzten beste zapalkuntza batzuk ezagutzeko. Topaketa honek proiektu askatzaileak sortzeko desikasi behar duguna jartzen digu parez-pare. Garrantzitsua da mahai gainean jartzea gure interesen joera, Donna Haraway-ren gonbidapena onartu eta ikusaraztea denok abiatzen garela jada kokapen zehatza duen ezagutza batetik, errealitatearen interpretazio bakarra existitzen ez dela aldarrikatzeko.

Eta horrela, bidea egiten jarraitu, alda daitezkeen arrakala berriak ezagutzen. Trantsizioan bizitza osoan egongo gara. Baina hura aipatzean, geureganatu nahi dugu jada murgilduta gauden aldaketa prozesua.

Extraktibismoaren kontrako borroken istorioak

Euskal Herriko MGIren helburuen parte da extraktibismoaren kontrako eta giza eskubideen aldeko istorioak ezagutzea eta ezagutzera ematea. Lurraren, lurraldearen, uraren eta ingurumenaren aldeko borrokak, botere korporatiboaren eta politika extraktibisten kontrakoak.

Aste honetan hainbat istorio aurkeztuko dira. Ostegunean, maiatzaren 16an, Deustuko Unibertsitatean No tenemos miedo dokumentalaren proiekzioa izango da, El Salvadorko meatzaritza metalikoaren kontrako borroka prozesua batzen duena. Ikusentzunezkoaren ondoren izango den mahai-ingurua errazteko, Jaime Armado Sánchez-en presentzia izango dugu, Santa Martako Garapen Ekonomiko eta Soziala Elkarteko (ADES) kidea El Salvadorren.

Horrez gain, Emakumeak Lurraldearen eta Giza Eskubideen defentsan eta estereotipoen hausketa erakusketa osatzen duen argazki bilduma egongo da ikusgai, borroka feministaren ikuspegi global-lokalaren lagin fotografikoa. Argazki batzuk El Salvadorko emakume defendatzaileen ikasketa-prozesu baten emaitza dira. Prozesu horren nondik-norakoak ezagutzeko, Deisy Otilia Rivas izango da gurekin, ADESeko kidea eta argazkilaritza prozesuaren dinamizatzailea.

Eta ostiralean, maiatzaren 17an, Berdinak Gara eta Lumatik antolaturiko Lurraldearen defendatzaileak Jardunaldiak izango dira. Bertan, hainbat emakumek giza eskubideen defentsaren alde burututako defentsa eta erresistentzien berri emango digute. Emakume hauek izango dira: Yolanda Oquelí, ekintzaile feminista la Puya komunitatean, Guatemalan; Rosy Pérez Fray Bartolomé de las Casas Giza Eskubideen Zentruko kidea Chiapasen; Marixela Ramos Radio Victoria-ko kidea El Salvadorren; eta María Olga Coronado Consejo de los Pueblos Mam-eko kidea Guatemalan.

Vidalina Moralesek Euskal Herrira eginiko bisitaren xedea El Salvadorko emakumeek lurraldearen eta Giza Eskubideen defentsan burutzen duten lana ezagutzera ematea da.

Pasa den astean, Vidalina Morales gure artean izateko aukera izan genuen. El Salvadorko kidea, komunitate-buru, natura defendatzailea eta meatzaritza metalikoaren kontrako borrokaren kidea dugu Vidalina.

Energiaz beterik eta nekaezin, Euskal Herrian egin duen geldialdian, Vidalina Moralesek resistiendo al extractivismo lelopean,zazpi jardunalditan parte hartu du, eta El Salvadorko komunitate antolatuek hamarkada bat baino gehiagotan burututako meatzaritza metalikoaren kontrako borrokaren berri eman digu. Borroka hori ohiz kanpoko gertaera bilakatu da Latinoamerikan. Izan ere, meatzaritza metalikoa debekatu duen lehenengo legea, eta bakarra, ekarri du. Lorpen honek ez du esan nahi gatazkarekin amaitu denik, meatzaritzan jarduten duten enpresa handiek jarraitzen baitute presio egiten El Salvadorko azpi-zorua bereganatzeko. Hala ere, garaipen adibidea bihurtu da, eta lurralde desberdinetako borrokentzak inspirazio-iturri bihurtu da.

Unibertsitatean eskaini zituen aurkezpenetan – Donostiako UPV/EHU-ko Ingeniaritza Eskolan, Bilboko UPV/EHU-ko Ingeniaritza Eskolan eta Leioako UPV/EHU-ko Arte Ederretako fakultatean-, Vidalinak nabarmendu zuen akademiaren garrantzia nekazaritza eremuetako borroketan, problematika desberdinen argudioetarako ikerketak eta txostenak ahalbidetzeko tresna gisa. El Salvadorko kasuan, hala izan zen, non ikerketa zientifikoek munta berezia izan baitzuten egiaztatzeko meatzaritzak ingurunearen kontra zituen eraginak.

Morales protagonista duen No tenemos miedo dokumentalak meatzaritza metalikoaren kontrako borroka-prozesua biltzen du. Lehenago aipaturiko fakultateetaz gain, ikus-entzunezko formatuan proiektatu zen Donostiako Koldo Mitxelena kultur-gunean, Tolosako Leidor zineman eta Basauriko Marienea emakumeen etxean. Proiekzio bakoitzaren ondoren, publikoak aukera izan zuen giza-eskubideen defendatzailearekin zalantzak eta jakin-minak partekatzeko.

Azkenik, ekintzarik potoloenak Bilboko Bilborock-en izan zuen tokia, Silvia Federici, Rosa Lago, Sara Ibañez eta Estitxu Villamor aktibista ekofeministekin batera, zeinek haien ingurumenaren aldeko borrokak partekatu zituzten ikuspuntu feminista batetik. Guztiek nabarmendu zuten ingurumen-eraginek ondorio zuzenak dituztela emakumeengan. Moralesek azaldu zuen nola uraren arazoek bereziki emakumeengan dituzten, eta hori dela eta, El Salvadorren borroka emakumeek burutu zutela, hein handi batean, El Salvadorko emakume bati, borrokan sartzeko, etxetik eta komunitatetik irtetea dakarren guztiarekin.

Laburbilduz, Vidalina Moralesek Euskal Herrira egin duen bisita ikasketa prozesua izan da. El Salvadorko emakumeen lana ezagutzea lurraldearen eta Giza Eskubideen defentsan inspirazio-iturri da beste borrokentzat eta erresistentzian dauden beste lurraldeentzat.

Begirada feminista hezkuntza askatzailerako

Aktibista Eskolan krisi sistemiko honen aurrean planteatzen diren proposamen pedagogikoak ezagutzeko asmoz jarraitzen dugu. Begirada kritiko eta askatzaile duen hezkuntza lantzea ez da erreza, batez ere jakintza enpresen nahien arabera nola lantzen den ikusten dugun unibertsitate giroan. Hori dela eta, nahitaezkoa iruditzen zaigu honen inguruan hausnartu eta gizarte aldaketarako eta interes askatzailerako lagungarri diren jakintza kolektiboen sorkuntzan dabiltzan proposamenak azaleratzea. Hezkuntza teknikoetan honelakoak zailak iruditu arren, honen pitzadurak aurkitu genitzake hezkuntza askatzalierantz abiatzeko.

Gai horietan sakontzeko, Gema Celorio, Hegoako Hezkuntza Teknikaria izango dugu bidelagun. Beraren laguntzaz Hezkuntza Askatzailearen oinarriak ezagutuko ditugu: intersekzionalitate kritikotik jakintzen elkarrizketara, gizon eta emakumeek dituzten postuen eraldaketarako begirada feministaren beharrean sakonduz. Saiora bertaratzeko eginbehar bakarra hezkuntza(arroba)euskadi.isf.es helbide elektronikora aurretiaz mezua bidaltzea da, AKTIBISTA ESKOLA hitza honen gaian adieraziz, sarrera doakoa eta librea da eta. Gainera, saio honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa Aktibista Eskolako aurreko saioetara etorri izana.

4. saioa: Begirada feminista hezkuntza askatzailerako

Data: Apirilaren 11a, osteguna

Bideratzailea: Gema Celorio

Ordua: 17:00-19:00

Tokia: Bilboko Ingeniaritza Eskola, P1G1A gela