Santamartar emakumeen begirada defendatzen

Aste hauetan zehar El Salvadorreko Cabañas departamentuko Santa Martako komunitate-erakundeetako emakumeak argazkigintzari buruzko herri-formazio jardunaldiak gauzatzen dabiltza komunitate honek hamarkadetan lurraldearen defentsarako borrokan egindako beraien lan nekaezin ezikusiarazia erakustea lortzeko.

Urte honetan zehar, Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) babesarekin, ADES Santa Marta eta ISF-MGI moduko eragileen laguntzaz gauzatzen ari den komunitatearen ahalduntze-prozesua osatzen duten beste ekintza batzuekin batera, eskubideen galdagarritasunerako eta lurraldearen defentsarako komunitate-erakundeetako emakumezko buruzagien gaitasun tekniko eta politikoak sendotzea bilatzen da.

 

Genero arrakala digitala murrizteko eta salaketarako eta zaintzarako tresna hauek sustatzeko helburuarekin, formakuntza prozesu honetan argazki makinarekin ohitura hartzetik santamartar emakumeen fokatzearen bilaketararte doazen zenbait jardunaldi burutzen dabiltza.

Mikro eta makro mailako bizipenak

UPV/EHU-ko ikasle eta egun El Salvadorren Mugarik Gabeko Ingeniaritza, ADES Santa Marta eta FIA/UES-ekin batera GrAL-a burutzen ari den Mikeli bidaiaren aurretik eginiko elkarrizketa.

Zergatik burutuko duzu GrAL-a lankidetzan?

Familiarekin, lagunekin eta ezagunekin Gradu Amaierako lanei buruz hitz egin ondoren, konturatu nintzen gehienak erabilera esakasa edota nulua daukatela. Izatez, gehienak unibertsitateko ikerkuntzei laguntzen dieten ikerkuntza txikiak dira. Gradua amaitzeko behar den azken pausu moduan barneratuta daukagu eta gehienetan ez gara konturatzen lan honekin arazoak dituzten lurraldeak ahal den heinean lagundu ahal dugula.

Gainera GrAL ezberdina egin nahi nuen, zerbaitetan ezberdintasuna markatu ahal zuena, era honetan nire ezaguerak erabiliz gero beste pertsona batzuen bizitzan lagunduz.

Zertan datza zure GrAL-a?

Nire lana kostu baxukoa, eskuragarria eta iraunkorra den teknologia baten lehenengo ikerkuntza batean datza. Nire partea pretratamenduan eta mikroorganismoen erabileraren hobekuntzan eta eraginkortasunaren handitzean zentratzen da bereziki.

El Salvadorren izandako esperientzietatik zein espero duzu aipagarriena izango dela?

Nire lana testuinguruan kokatu ahal izatea. Garatzeko bidean dauden herrialdeen uraren eta honen tratamenduaren egoera ulertzea.

Zer neurritan uste duzu GrAL honek eraldaketa ekintza bat suposatzen duela?

GrAL honen errealizazioa eraldaketa akzio bikoitza suposatzen du, alde batetik lana kostu baxuko, eskuragarria eta iraunkorra den teknologia den biojardinera bati buruzkoa denez jada zerbait eraldatzailea da. Bestaldetik lan hau burutzea informatzea behartzen du, era honetan El Salvador moduko beste lurraldetan mota honetako proiektuen bistaratzean lagunduz.

Zer uste duzu GrAL honek aportatuko dizula etorkizun batean?

Batez ere esperientzia.

Gozatu esperientziaz Mikel, eta bueltan gaude!

El Salvadorren biojardinerak aztergai

Mugarik Gabeko Ingeniaritza, ADES Santa Marta eta FIA/UES-ekin batera GrAL-a gauzatzen dabilen UPV/EHU-ko ikasle den Leireri El Salvadorrera joan aurretik egindako elkarrizketa hementxe!

Zergatik burutuko duzu GrAL-a lankidetzan?
Orain dela urte bat unibertsitateko hitzaldi batera joan ginen non gazte batzuek kooperazioz burututako Gradu Amaierako Lanaren esperientzia aurkezten zuten. Ondoren Robertorekin [UPV/EHU-ko iraskalea eta ISF-MGI-ko ikerkuntza taldeko kidea] hitz egin ostean aurrera jarraitzea erabaki genuen, gaia interesgarria eta errealitatera aplikatuta baitzegoen. Gainera Gradu Amaierako Lana kooperazioz egitean bidaiatzeko aukera ematen zigun, gure bizitza markatuko zigun esperientzia bizitzeko aukera hain zuzen ere. Izatez, bidai honetan urak daukan benetako garrantzia ikustea espero dugu, inolako kontzientziarik gabe erabiltzen duguna.

Zertan datza zure GrAL-a?
Nire Gradu Amaierako Lana biojardinera sistema baten modelizazioan eta simulazioan datza. Biojardinera baten instalazioa burutzerakoan hiru tratamendu ezberdin ezartzen dira eta biojardinera prozesu biologikoa gertatzen den tratamendua da, bertan sustratuaren eta mikroorganismoen iterakzioa gertatzen da eta. Izatez, mikroorganismoei esker biojardinerara sartzen den ur grisaren sustratu (DBO5) kantitatea murriztea lortzen da, behin honela ureztatzerako erabili daitekeen ura lortuz.
Ingeniaritza Kimikoko lan bat denez balantze ezberdinak planteatu egin dira, bai sustratuarentzako zein mikroorganismoentzako. Behin balantzeak planteatuta Scilab erabili egin da simulazio erraminta moduan, era honetan sustratu eta mikroorganismo kontzentrazioen eboluzioa denborarekiko aztertu ahal izateko. Simulazioak biojardineraren errendimendua adibidez ere ikustea ahalbidetzen du, honela biojardineraren barruan Ingenieritza Kimikoaren ikuspuntutik zer gertatzen den ulertu ahal izateko.

El Salvadorren izandako esperientzietatik zein espero duzu aipagarriena izango dela?
Uraren analisian ahal dudan heinean laguntzeaz aparte, era honetan hemengo biojardinerak aurkezten duten errendimendua aztertuz, urak daukan garrantziaz konturatzea espero dut, herrialde honetan ur edangarriaren falta pairatzen duten pertsona asko bizi dira eta.

Zer neurritan uste duzu GrAL honek eraldaketa ekintza bat suposatzen duela?
Eraldaketa edozein kasuan nire pertsonarengan izango da, apaltasuna eta gauzen balioa ikasiz.

Zer uste duzu GrAL honek aportatuko dizula etorkizun batean?
Errealitatera enfokatuta dagoen lan bat burutu izanaren esperientzia.

 

Egonaldi ona izan Leire, eta bueltan gaude!

 

Uraren defentsaren aldarrikapena bizi

San Isidroko ingurugiro artista eta aktibista zen Marcelo Riveraren erailketaren bederatzigarren urteurrenean bertan, uztailaren 5ean, herrialdeko hainbat txokotan milaka pertsona atera ziren kalera uraren pribatizazioaren aurka eta orain dela 12 urtetik mugimendu sozialek aldarrikatzen duten Uraren Lege Orokorraren defentsan.

Informazio gehiago:

#ApruebenLeyGeneralDeAguasYa
#NoALaPrivatizacionDelAgua

Hiriko drainatze-sistema iraunkorren unibertsitate-ikerketa abian

El Salvadorreko Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultatearekin (FIA/UES, gaztelerazko siglak) dihardugun unibertsitate-lankidetza prozesuan erronka berri bati ekin diogu azken hilabete hauetan, hiri dranaitze-sistema iraunkorren (SUDS, gaztelerazko siglak) ikerketari.

3 drainatze-sistema iraunkorren diseinu eta muntai helburu duen erronka honetan, aurreko proiektuan moduan Herri Lanen Eskolako ikasle elkartearen (ASEIC, gaztelerazko siglak), ikerlarien eta zuzendaritzaren koordinazioarekin hasi ginen.

Heziketa eta ikerketa prozesu berritzaile hauetan ikaslegoaren parte hartzea sustatze aldera, ikasketa-planean dituzten “ordu-sozialak” proiektu honetan gauzatzeko aukera aurkeztu zitzaien uztailaren 3an buruturiko bilera irekian.

Uraren kudeaketa eta hirigintza egokiaren beharra oinarri duen proiektu honetan ia 30 ikaslek adierazi zuten parte hartzeko asmoa, ASEICek eginiko aukeraketaren ostean  horietatik 24 ikaslek modalitate horretan parte hartuko dute (9 emakumeak izanik), zortzik diseinuaren fasean eta beste hamaseik muntaian, gai hauetan aditua den ingeniari baten koordinaziopean.

Uztail eta abuztuan zehar, diseinuaren ardura duten ikasleek ur isuriak gelditzen dituen sistema, ur isuria kontrolatzeko sistema eta bio-atxikipena bultzatzeko lorategia kokatzeko asmoa dauden eraikuntzen datuak jasotzeari ekin zioten, bai unibertsitateko sail ezberdinetan informazioa eskatuz baita tokian tokiko informazioa bilduz. Behin horrela, eraiki nahi diren sistemen plano eta zehaztasun tekniko guztiak kalkulatu dituzte.

Hala ere, unibertsitateko kafetegietako urak tratatuko lituzkeen lorategiaren diseinuari dagokionez, gai konplexu eta esperimentala denez, El Salvadorren eta Ertamerikan zehar gauzaturiko kasu ezberdinak ezagutzea eta aztertzea beharrezkoa izan da. Lan horretan, irailean zehar mota honetako lorategi eta beste saneamendu alternatiba ezberdinen inguruan dituzten zalantzak argitzeko, ACUAko ur eta saneamendu teknikari baten laguntza izan dute, GKE honek hainbat urtetan Balsamo mendilerroan gai hauek landu izan dituelako. Diziplina anitzeko azken solasaldi honetara Roberto Aguado ISF-MGIko kidea eta UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoko doktorea ere batu da.

Kalkulu guztiak finkatu eta hurrengo hilabeteetan sistema hauen muntaketa martxan jarriko da, betiere UPV/EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoaren babesarekin abiatu den prozesu honetan.

Ur kudeaketaren aulkiak

20 aulki,… 10 hobe, ezta? Ondo da?…….. Ez! Orain hobe 7,… ez hobe 5, ez 7! Aulki zenbakien arabera laburbildu daiteke 11 urte luzetan El Salvadorren uraren lege orokorraren inguruan darabilen eztabaidak. Oraintsu aurkeztu du Universidad Centroamericana “José Simeón Cañas” (UCA, gaztelerazko siglak) unibertsitate pribatu esanguratsuko aholkulari talde batek azken proposamena, 7 aulkiduna, ekainean bertan El Salvadorreko alderdi kontserbadoreek Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioan eztabaidatzeko aurkeztu zuten 5 aulkitako proposamenak sortu zuen zalaparta soziala baretze aldera.

Hala ere aulkien zenbakietan baino, aulki horiek osatuko luketen uraren kudeaketaren kontseilu zuzentzailean nor eseriko den hautatzean dago gakoa. 7 bat hilabete lehenago beste 7 aulkidun proposamen batek eragin zuen moduan, uraren kudeaketaren boterea noren esku utzi nahi den izan da azken hilabetetako Uraren Pribatizazioaren Aurkako Aliantzak (non El Salvadorreko Uraren Foroak ere parte hartzen duen) buruturiko ohar abisu eta ekintza guztien muina. Horren adibide dugu, uztailaren 11ean El Salvadorreko 14 departamentuetan aliantza honek burutu zituen ekintzak. Uraren Foroko Balsamo Mendilerroko Lurralde Mahaiko lagunak La Libertad departamentuko Santa Tecla hirian, eta ADES Santa Marta eta Osasun Foroko kideak Cabañas departamentuko Guacotecti herrian izan ziren, adibidez.

Aliantza honen izenak berak argi uzten duen moduan, jakina da azken proposamen hauek aulki gehienak uraren kontsumo altua duten El Salvadorreko zein sektore ekonomikoren esku utzi nahi dituzten. Hori dela eta, argi dute Ur Giza Eskubidea gauzatzeko kudeaketa publikoa eta komunitario izan behar dela, 2012tik 10 aulkidun proposamena aurkeztu ondotik Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioaren eztabaidetan adierazi izan duten moduan. Horixe da pribatizazio eta merkantilizazio prozesuen aurrean ISF federazioko “ura guztiona, eskubidea da, ez salgaia” kanpainaren ideietan laburbiltzen dena, eta parte hartzailea, gardena eta kontu-ematean oinarritzen den uraren kudeaketaren ereduaren oinarria. ISF-MGIk El Salvadorreko erakunde ezberdinekin elkarlanean eredu hauek bultzatzen jarraitzeko ekinean dihardu, eta aulki jolas honen azken kapitulu honi adi jarraituko diogu aste eta hilabete hauetan zehar.

Hori bai, ez dago inongo berririk Asanblada Legegileko 84 aulkitan eserita dauden diputatuek legealdi honetan onartzeke duten konstituzioko 69. artikulu berriaren inguruan. Ura eta elikadura giza eskubidea Game Over omen dabil oraindik El Salvadorren.

3,2,1… Plantaton! Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, baltsamo eguna

Erakunde publiko eta eragile sozialen koordinaziopean Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 5ean, hainbat egitasmo antolatu ziren El Salvadorren. Horietako bat, Ingurumen Jasangarritasunaren eta Zaurgarritasunaren Kontseilu Nazionalak (CONASAV, gaztelerazko siglak) bultzaturiko #Plantaton2017 egitasmoa izan zen, herrialde osoan zehar milaka zuhaitz landatzeko proposamenarekin.

 CORCULL eta Balsamo Mendilerroko Lurralde Mahaiko (MTCB, gaztelerazko siglak) osatzen duten beste hainbat eragileetako partaideak Nuevo Cuscatlán-go Pedro Pablo Castillo eskola publikoan batu ziren ekimen honi hasiera emateko.

Adin askotariko ikasleek buruturiko naturako elementu ezberdinen inguruko dantza eta antzezlan erakustaldien ostean, martxoak 7 komunitatean eta Santa Teclarantz doan errepidearen inguruan kimuak landatzeari ekin zioten eskola horretako ikasleen laguntzaz. Ea lurralde hau jasaten ari den arnasestua lasaitzeko gai diren!

Argazki-festaz eta umeen irriez gain, eta baltsamo egun hutsa ez bilakatzeko, CORCULL-en lehendakari den Maria Paz-ek argi adierazi zuen ekitaldian eginiko hitzaldian kezka “golf kantxa, hirigintza eta bizitegi guneak, merkatal gune haundiak, besteak beste (…) deforestazio handia dakartelako” mendilerro osoan zehar; Nuevo Cuscatlan bertan bezala, “Estero San Diego eta Jute-San Antonio ibai arroen buruan dagoen karga hidriko gunea“ izanik. Balsamo mendilerroan bizi diren herritar orori dei eginez bukatu zuen: “denok gara CORCULL, beraz mendilerroa zaintzeko ardura handia dugu ez daiten ingurumena gehiago andeatu eta horrela aldaketa klimatikoaren zaurgarritasuna gutxitzea eta estres hidrikoa gelditzea lortuko delarik”.

Egun horretako El Salvadorreko Irrati eta Programa Partehartzaileen Erakundearen (ARPAS, gaztelerazko siglak) editorial honetan ageri den moduan, badago premiaz hasi beharreko ingurumen agenda! Baditugu beraz urte guztirako nahi beste lan eta erronka Egun. 3,2,1, ekin!

 

 

GrALa garapenerako lankidetzan egiteko ilusioa

Ia pasatu dira ia 2 urte Sergiok bere GrALa garapenerako lankidetzan egiteko erronka hartu zuela. Garai hartan ilusioz erantzun zigun orain gure blogean berreskuratzen dugun elkarrizketan:

Zergatik lankidetza arloko GrALa?

Graduko 4. maila hastean Gradu Amaierako Lana (GrAL) zeri buruz egitea aukeratu behar nuen. Irakasleek proposatzen zituzten proiektuek ez ninduten gehiegi motibatzen eta, gainera, giza garapenerako lankidetza arloan zerbait egiteko ideia nuen. Izan ere, duela hiru urte Ghanan egon nintzen umezurztegi batean eta antzeko esperientzia errepikatu nahi nuen. GrALa gustora egin nahi nuen, zerbait aurrera eramateko balioko lukeena eta ez gradua amaitzeko tramite huts bat bakarrik. Horregatik, Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkartearekin harremanetan jarri nintzen eta egun eskuetan daukadan proiektua lortu genuen.

Zertan datza zure GrALak?

El Salvadorreko Asociación Comunitaria Unida por el Agua y la Agricultura (ACUA) elkarteak proposatutako Conacaste kantoiaren komunitate batzuetarako ur-hornidura sistema bat diseinatuko dut. Lana Bilbotik aurrera eramateko, gaiari buruzko informazioa eta beharrezko datuak partekatu dizkidate eta sistemaren eskema egiten hasi naiz. El Salvadorrera heltzerakoan, egindako eskema osatuko dut bertan dituzten datu zehatzagoak erabiliz eta GrALa egingo dut: kalkuluak egin, ondorioak atera, alternatiba aukeratu, etab. eta lan osoa idatzi.

Zer espero duzu bertan egingo duzun egonalditik?

Ekainean El Salvadorrera joango naiz hilabete eta erdiko egonaldia egitera. San Salvador hiriburuan egongo naiz lo egiten eta egunero Zaragozara joango naiz ACUAn lan egitera. Noizbait komunitateetara gerturatuko garela uste dut proiektuaren errealitateaz jabetzeko: bertan bizi diren pertsonak eta euren bizimodua, gabeziak eta premiak ezagutzeko.

Bilbora umilago bueltatuko naizela uste dut. Esperientzia honek gure bizimodua erlatibizatzeko balioko dit eta guretzat normalak diren eskubide eta baliabideak beste leku batzuetan existitzen ez direla ikusiko dut, edo hauek lortzeko egin beharreko esfortzua zein den.

Egonaldi honekin giza garapenerako lankidetzan esperientzia bereganatu nahi dut: nola funtzionatzen duen, proiektuak aurrera eramateko trabak zeintzuk diren, langileak nola antolatzen diren, komunitateetako pertsonekin harremana nolakoa den, etab. Lankidetzan lan egiten jarraitzera motibatuko nauela uste dut.

Zure ustean, mota honetako GrAL bat zein neurritan izan daiteke eraldatzaile?

Nire GrALean proposatuko dudan ur-hornidura sistema aurrera eramango denik ere ez dakit. Hortaz, zuzenean batere eraldatzaile ez izatea suerta daiteke. Baina GrALa egiteko aitzakiarekin El Salvadorrera banoa, ACUA elkartearekin tailerretan parte hartzen badut, etorkizunean lankidetzan lan egiteko kontaktuak egin eta esperientzia bereganatzen badut eta nire egonaldian bizi izandakoa lagun eta ezagunekin partekatzen badut, eraldatzailea izango da neurri batean edo bestean.

GrAL hau egiteak etorkizunari begira zer ekarriko dizula uste duzu?

Alde batetik, GrAL bat egiteak industria ingeniaritza arloko proiektuak ezagutzea, prestatzea, idaztea eta aurrera eramatea du helburu, eta baita arazo edo gabezien aurrean konponbideak proposatzeko gaitasuna bereganatzea, ikasitako kontzeptuak, kalkulu tresnak eta metodologiak erabiliz. Beste alde batetik, ohiko GrAL bat beharrean garapenerako lankidetza arlokoa denez, nire lana proiektu handiago baten parte izango da. Horregatik, unibertsitatean aurkeztu behar dudanaz gain beste hainbat aspektu landuko ditut eta lankidetzako proiektu erreal baten egitura eta lan egiteko modua ikusi eta ikasiko ditut. Honek beste ikuspegi praktikoago bat emango didala espero dut, benetako proiektuetan ematen diren arazoak biziko ditudalako eta irtenbide eman beharko diedalako.

Partekatu nahi duzun beste ezer?

Ingeniaritzako graduan ikuspegi soziala falta da. Errentagarritasun ekonomikoa lantzen da baina proiektuen onura edo zergati sozialak ez dira aipatzen. Horregatik erabaki nuen Gradu Amaierako Lana giza garapenerako lankidetzan egitea: beste ikuspegia ere bereganatzeko, ez bakarrik unibertsitatean irakatsi diguten ikuspegi partziala.

Behin esperientzia pasata, Sergio, esperotakoa bizi izan zenuen ala ilusio hutsa izan zen? Animatuko zenituzke honelako esperientzia batera unibertsitateko ikasleak? Ia gure facebook-eko sarreran erantzuten digun.

ISF-MGI El Salvadorren martxan

Bisitez betetako astea igaro genuen El Salvadorren ISF-MGI-ko kideok urtarrilaren amaieran. ESF Catalunyako adiskideekin etorkizuneko erronkei buruzko solasarekin hasi, eta El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultateko (FIA/UES) dekanotzako eta ASEIAS ikasle elkarte antolatuko kideekin batzartu ginen. Bertan, UPV/EHUko OFICOParen babesarekin sustatu den unibertsitate-lankidetzaren esperientziatik guztiok jaso ditugun ikasbideei eta etorkizunari begira elkarlanean burutu ditzakegun ekintzei buruz mintzatu ginen.

Hiritik irten, eta arnasestuka dabilen Balsamo Mendilerrora jo genuen, bertako komunitate eta elkarte antolatuekin Ur eta Saneamendu Giza Eskubieen eta ingurumenaren defentsaren borrokan azken bi urte hauetan ACUA, ASAPS eta CORCULL erakundeekin daramangun ahalduntzen prozesuen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Uraren Giza Eskubidearen defendatzaile hauek elkarte moduan komunitate eta lurralde mailako antolamendurako beharrei aurre egiten ari dira trebakuntza prozesu ezberdinen bidez, beste hainbat erronken artean, estatuko beste hainbat elkarterekin batera Uren Lege Orokorra gauzatzeko beharraren aldarri nekaezinari eusteko adibidez. Uraren defentsaren eguneroko lan horretan emakumeek duten protagonismo aktiboaren (ez ikusizkoa oro har) lantze aldera oraintsu hasi da beraiei zuzendutako iturgintza trebakuntza. Prozesu hau eta ASAPS osatzen duten komunitateetako ur batzordeekin gauzatuko diren beste batzuk, ANDA estatuko uraren antolatzaile publikoaren landa-eremuko sistema eta komunitateentzako atentziorako gerentziarekin elkarlanean gauzatuko dira, ur edangarria bideratzen duten sistemen antolatzaile eta kudeatzaileentzako formakuntza integralerako gune berrian. Prozesu hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntzen deialdi ezberdinen bidez burutzea posible izan da.

 

San Jose Guadalupe komunitatera hurbilbuta 2015an hasi eta 2016 bukatu zen uraren hornidura-sistemaren eraikuntza proiektuaren lorpenak aurrez aurre ezagutu genituen. Aipatzekoa da ur sistema honen diseinua Garapenerako Lankidetzan oinarrituriko Gradu Amaierako Lan baten bidez gauzatzea lortu zela. Horrez gain, gaur egun martxan dagoen saneamendu proiektuaren aurrerapenei buruz komunitateko kideekin solasa izan genuen. Komunitate honetako proiektu berri honek ere Bilboko Udalaren garapenerako nazioarteko lankidetzarako diru-laguntzen deialdiaren bidez gauzatzeko aukera izan du.

 

Azken bisita honen ostean Radio Balsamoko kideek ISF-MGIko kide den Aitor Gomezi egindako elkarrizketaren berrian laburbiltzen den moduan “ura ezinbestekoa da bizitzarako, eta Balsamoko mendillerroaren kasuan, (…) beharrezko lana da honakoa bizirik irauteko, beste aukera batzuk izateko eta herritarren gaitasunak sendotzeko”. Berri horretan bertan Steve Magaña esatariak laburtzen duen moduan horretan jarraitzen dugu ISF-MGItik “Ura Giza Eskubidea den eskakizunaren bitartez komunitateko antolakuntza sendotuz”.

Erronka zahar-berriak ditugu eskuartean beraz. Denon artean, aurrera ba!