Deskarga ezazu gure lan-koadernoa “Giza eraldaketarako bidea: GrAL eta MAL aldaketa tresna gisa”

Ikaslea zara eta zure GrAL edo MAL arazo sozial bati aurre egiteko erabilgarria izatea gustatuko litzaizuke? GrAL / MALak tutorizatzen dituzu eta ikerketa lan horiei ahalik eta etekin handieta nola atera azalduko dizun dokumentu bat izatea gustatuko litzaizuke? Agian giza erakunde bateko kide zara, eta inoiz ez duzu pentsatu GrAL/MALek bultzatzen dituzuen giza eraldaketarako prozesuetako tresnak eta analisiak hobetzeko balio dezaketenik? Kasu horietarako ISF-MGIk hemengo dokumentu hau prestatu dugu.

Giza eraldaketarako graduko lanak diseinatzen eta laguntzen 20 urte baino gehiago eman ondoren, ISF-MGIn Lan Koaderno bat sortu dugu, gure ikaskuntzak jasotzen dituena eta GrALek eta MALek eskaintzen dituzten aukera zabalak gurekin lan egiten duten beste eragile batzuentzat lagungarri izan daitekeena. Dokumentu honetan era horretako ikerketetan sinestera garamatzaten arrazoiak ikusi ahal izango dituzu, egunero aurkitzen ditugun mugak ahaztu gabe. Ikerketa feministako metodologien munduan murgiltzen gara, genero-ikuspegia gaindituz eta antzeko jauzia egin nahi duten beste erakunde batzuekin erreferentziak eta ideiak partekatuz, ezagutza sortzeko modua zalantzan jartzeko. Azkenik, giza eraldaketarako GrAL eta MALen hedapenarekin amesten jarraitzen dugun eragile guztiekin eztabaidatzen jarraitu nahiko genuke, eta horretarako etorkizuneko erronka batzuk aipatzen ditugu.

Kontatzen ari garena interesatzen zaizu? Hemen daukazu dokumentu osora sartzeko esteka! 

https://nube.isf.es/index.php/s/S3xRQQkQWbmTLJ9

[BETETA!!!] Giza eraldaketarako GrAL/MALen diseinu eta akonpainamendua. Hainbat lurraldetako esperientzien arteko elkarrizketarako topaketa

ISF-MGItik ahalegin handiak egin genituen Gradu eta Master Amaierako Lanek gizarte eraldaketarako duten potentziala aztertzeko. Prozesu horri esker, “Gizarte-eraldaketarako bidea: GrAL eta MAL lanak eraldaketarako tresna gisa” lan-koadernoa sortu dugu. Bertan, ikerketa prozesuan zehar sortutako idea eta gogoeta nagusiak bildu ditugu.

Lan hori aurkezteko unea iritsi da, eta lan-koaderno horretan jasotako gakoak partekatzeko saio batera gonbidatu nahi zaitugu. Ikuspegia zabaltzeko eta elkarrizketarako elementu gehiago izateko, hainbat ikuspegitatik GrAL eta MALei ahalik eta potentzial handiena ateratzeko lan egiten ibilbide luzea egin duten beste lurralde batzuetako esperientziak gonbidatu nahi izan ditugu. Moxviquil (Chiapas, Mexico) Iraunkortasunerako Prestakuntza Zentroko Pedagogiako Maisutzako taldea izango dugu online. Halaber, Alejandra Boni izango dugu gurekin, Valentziako UPVko Garapenerako Lankidetza Masterreko irakaslea eta Berrikuntzen eta Jakintza – Adimen Kudeaketako Institutuko zuzendariordea (CSIC – UPV). Haien testigantzen bidez ikerkuntza horiek beste modu batean diseinatu eta laguntzeko moduak ezagutuko ditugu, testuinguru eta proposamen metodologiko askotatik abiatuta.

Saioa hurrengo asteartean, maiatzaren 19an, 18:00etan izango da, Jitsi plataformaren bidez (mezu bat bidaliko dizugu jarraibideekin). Proposamena interesgarria iruditzen bazaizu eta ordutegia egokia bada zuretzat, mesedez jakinarazi iezaguzu etorriko zarela hezkuntza(arroba)euskadi.isf.es helbidearen bitartez. Animatu eta (modu seguruan) ikusiko dugu elkar sareetan!

Saioa: Giza eraldaketarako GrAL/MALen diseinu eta akonpainamendua. Hainbat lurraldetako esperientzien arteko elkarrizketarako topaketa

Data: 2020ko maiatzaren 19a, asteartea

Ordua: 18:00-19:30

Tokia: Jitsi plataforma (posta bitartez izango gaituzu jakinaren gainean, aurretiazko izen-ematea)

Hizkuntza: gaztelania

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ibilbidea

Aita Noel eta Balendin Deunarekin lortu duten moduan, kontsumismoaren egutegian Black Friday txertatuz gure bizitzetan eragitea lortu dute.

Black Friday-a, jatorri estatubatuarra duen ostiral beltzetik datorrena, Amerikako Estatu Batuetan azaroaren azken ostiralean erosketa konpultsibora bultzatzeko hainbat produktuen prezioetan deskontu-eskaintzak egitea gurean gauzatzeko iniziatiba da.

Enpresa transnazionalak bultzatutako ekitaldi hau eredu kapitalistaren adierazpen gordinena da, lan eta gizatasun baldintza umiliagarriak bizi dituzten langileriak egindako gaiekin, arropa eta teknologia aparatuak bereziki, ipar globaleko herrialdetan kontsumismo sutsua eraginez. Langileria honen baldintzen adierazgarri batzuk dira ordainsari oso baxuak, jardunaldi amaiezinak edota segurtasun falta, eta Black Friday moduko egitasmoek suposatzen duten gehiegizko ekoizpenari aurre egiteko lanaldiak oraindik ere luzeagoak eta markek eskariaren beharra asetzeko presiopean gauzatuak dira. Hemen prezioek deskontuak izatearen onura bizi dugun bitartean, planetako beste toki batzuetan Giza Eskubideen deskontuak bizi dituzte.

Gehiegizko ekoizpen eta kontsumo honek ingurumenaren gaineko eragina ere gogoratzekoa da. Aztarna hidrikoaren kontzeptuaren egilea den Arjen Hoekstra-ren datuei erreparatuz, bakero batzuk ekoizteko 10.000 litro ur behar dira. Teknologiari dagokionez, Juan Carlos Erregea unibertsitateko ikerlariek Chaqui aldizkarian argitaratutako La cara oculta de la sociedad de la información: el impacto medioambiental de la producción, el consumo y los residuos tecnológicos artikuluaren arabera 80 gramoko telefono mugikor bat egiteko 44,4 kg baliagai natural behar dira, lehengaien ustiaketan eta konposatu ezberdinen ekoizpenean. Kontuan izanda behar dugu azken hamarkadan 7.100 milioi telefono adimendun ekoiztu direla.

Ondorio hauek ezagutu arren, herritarrok dendak eta interneteko salmenta plataformak ditugu jomuga merkealdi garaietan. El Pais egunkariaren arabera, pasa den urtean egun honen inguruan internet bidez egindako erosketen batez besteko gastua 149,29 eurokoa izan zen, aurreko urtean baino %45 gehiago.

Neoliberalismoak sustatzen duen kontsumo eredu honi aurre eta kontrakotasuna adierazteko, Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik alternatiba ezberdinak ezagutarazi nahi ditugu, ingurugiroarekiko eta pertsonekiko, eta hauen eskubide, egite eta erabaki moduekin bat datozen ekoizpen jasangarriak direnak. Horregatik, datorren ostiralean, azaroak 29, Bilboko alde zaharrean zehar Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ibilbidea antolatu dugu, kontsumo etiko eta arduratsua gauzatzen duten proiektu ezberdinak ezagutzeko. Energia kooperatiba, telekomunikazio kooperatiba, banku etikoa, kontsumo taldea edota espazio soziokultural autogestionatua moduko iniziatibak bisitatuko ditugu.  

Animatzen al zara?

Gizarte eraldaketarako apustua egin duten GrALei buruzko solasaldia

Hainbat Gradu eta Master Amaierako Lanak gauzatzean bidelagun izan garen honetan, Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik ikerketa hauen eraldaketarako ahalmenaren inguruko azterketa bat burutzea otu zitzaigun. Hori dela eta, prozesu honetan lan hauek norbanakoaren eta gizartearen eraldaketarako lanabes moduan ulertzen duten ekimen batzuetara gerturatu gara. Lan honetan, esperientzia hauetan parte hartu duten ikaslegoaren bizipenak jakitearen beharraz ohartu ginen, eta pasa den ekainean hauen inguruan patxadaz hitz-egiteko solasaldi bat burutu genuen.  

Ekintza honetan batu ginen pertsona anitzok (ingeniaritza arlo ezberdinekoak, zientzialariak, gizarte langileak, arte ederretan adituak,…) denon ideiekin gizarte eraldaketa zein zentsutan ulertzen dugun landu genuen. Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzera behartzen gaituen dikotomia askaezina dela eta, gizarte eraldaketarako apustuak argi du noranzkoa. Beharrezkoa da bizitzea merezi duen bizitzak erdigunean jartzea, eta horretarako kontzientzia eta jarrera hartzetik hasi, bertan kokatu eta bertatik nahien arabera abiatzea da xedea. Hasieratik azaltzen da funtsezko adostasuna bat: ez dago gizarte eraldaketarik maila pertsonalean nolabaiteko eragiterik ez badago.

Esperientzien aniztasuna izanagatik ere, denek azaleratzen dute beraien GrALak munduko egoeren inguruko kontzientzia izateko mugarri izan direla. “Hasieran GrAL bibliografiko bat egin nahi nuen, baina lankidetzaren munduari eginiko begiradatxoarekin, ni neu aztertzeko beharra izan nuen”. GrALa egitean ordurarte egingabeko galderak sortu ziren, nolabait jarraitu beharreko ekinbidea ulertzeko balio izan dutenak: Zein da nire aportazioa? Zertarako egiten dut? Zein modutan egin nahi dut?

Hala ere, esperientzia oparoak izanagatik ere, mugak ere aurkitzen dira. Adibide dira denbora urritasuna, edota bukaerako txostenaren egitura zurruna, bertan formakuntza eta ikerketa prozesu hauetako hainbat alderdi agertezin eginez. “Alde teknikoa soilik adieraztea eskatzen zidaten, gizarte ikerketa guztia eranskinetara”. Unibertsitateko ikasketa prozesuan gizarte eraldaketarako GrALa bat burutzeko tresnarik ere ez izatea zailtasuna da. Ikasgeletatik kanpoko gaiak lantzeak dakarren ezagutza falta horrek, GrALa burutzean gai horren inguruan sakontzeko beharrak ere prozesua bizigarri egiten du: “ikasketetan armagintzaren industriari buruz hitz-egiten digute, eta GrALa ISF-MGIrekin egiteak ilusioa eta ikasketei jarraibide berri bat ematea laguntzen du”.

Bukatu baino lehen, denboratxo bat hartu genuen GrAL/MAL programaren inguruan hobetzeko proposamenei buruz hitzegiteko. Ideia batzuen artean, lan hauei jarraipena egiteko irakaslego konprometitu gehiago izatearen beharra aipatu zen, batzuetan zaila izaten da eta tutorea izatea. Unibertsitatea gizarte mugimendu eta eragileei hurbiltzearen beharra ere adierazi zen, gizarte antolatuaren behar eta nahiak asetzeko gai diren esparruak landuz eta babestuz. Ikasketetetan egin beharreko praktikak eta GrALa uztartzearen aukeran ere sakontzea aipatzen da, bai ikerketa hauen hedapena handitzea baita GrALen emaitzen jarraipena egitea ere. Hurrengo hilabeteetan Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik lantzen ari garen ikerketa baterako erabilgarri izango diren 20 bat proposamen jaso dira. Bejondeizuela!

Ikasleekin topaketa: Gizarte eraldaketarako GRALen esperientziak partekatzen

Zure Gradu Amaierako Lana lankidetza, jasangarritasun edota justizia sozialaren arloan garatu duzu? Nahiko zenuke zure esperientzia beste ikasle batzuekin partekatu? Horrela bada, Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik zure interesekoa izan daitekeen proposamen bat daukagu. Hurrengo astelehenean, ekainaren 10ean, 17:00etan Bilboko Ingeniaritza Eskolan (P1G1a gelan) gizarte eraldaketarako Gradu Amaierako Lanak edo Master Amaierako Lanak egin dituzten ikasleekin topaketa izango dugu.


Espazio-taller honetan, diziplina desberdinetako ikasleek partekatu ahal izango dituzte, dinamika parte hartzaileak erabiliz, haien prozesuan izan zituzten motibazioak, bizipen adierazgarrienak eta GRAL/MAL-ean lortu zituzten emaitzak. Parte hartu nahi baduzu, bidal iezaguzu posta elektroniko bat hezkuntza@euskadi.isf.es helbide elektronikora, gaian IKASLEEKIN TOPAKETA idatziz, eta parte hartzeko motibazioak adieraziz.


Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik uste dugu Gradu eta Master Amaierako Lanak gizarte eraldaketarako tresna izan daitezkeela. Urteak daramatzagu Giza Garapenerako Teknologiak ardatz dituzten ikerketei jarraipena egiten, lankidetza eta jasangarritasun arloetan. Ikasleei zuzendutako espazio hau zabaldu dugu interesatzen zaigulako beste arlo batzuetan egiten diren lanak ezagutzea, eta horrela, ikaspen bateratuak eraiki, esperientziari ahalik eta onurarik handiena ateratzeko.