El Salvadorko landa-eremuetako testuinguruetan urak duen irisgarritasunera begirada feminista

Eva Perez-Pons gure kidearen artikulua partekatzen dizuegu

Emakumeak eta ura elkarri lotutako bi kontzeptu dira; gaur egun oraindik, emakumeak dira lan erreproduktiboaz arduratzen lehenak mundu mailan. Aitzitik, ura lortzeko dugun eskuragarritasuna ez da berbera Iparralde eta Hegoalde Globalei erreparatzen badiegu. Era berean, aipaturiko eskuragarritasuna ez da berbera landa-eremuetan edota hiriguneetan.

Uda honetan, uraren eta genero-arrakalaren inguruko hainbat saio eta tailerretan parte-hartzeko aukera izan dugu, zeinetan El Salvadorko landa-eremuetako emakumeen egoeraz hausnartzeaz gain, egoera horiei aurre egiteko estrategiak (bir)pentsatzeko aukera izan dugun. Saio horietako bat Julia Evelyn ekonomialari feministak eskaini zuen El Salvadorko Santa Marta komunitatean. Saio horretan, El Salvadorko jendartearen testuingurua aztertzeko, izeberg-aren beheko zatian (ikusten ez dena) zentratu ginen: zaintza lanetan. Hori aztertu ezean, ezein analisi geratzen baita erdixka. Zaintza lanek bizitzako etapa guztietan (jaio garenetik hil egiten garen arte) daude presente. Ekonomia feministak etapa horiek guztiak duintasunez bizitzea aldarrikatzen du. Hau da, beharrizan fisiologikoak (arnasketa, elikadura egokia, kalitatezko ura edatea, sexualitate segurua…) eta segurtasunezkoak (habitat segurua, afektibitatea, sozializazioa eta hezkuntza, konfiantza…) bermatu daitezela.

Aurretiaz esan dugunez, beharrizan fisiologikoek eta segurtasunezkoek zaintza lanen beharra dute. Hala nola, autozaintza, dependenteak diren pertsonen zaintza eta zaintza kolektiboa. Ahaztu barik, zaintzailearen zaintza. Zaintza lan horiek era egokian aurrera eramateko hiru baldintza bete behar direla aldarrikatzen du Evelynek: ziklo naturalen jarraikortasuna (uraren zikloa, oxigenoa, landareak…), baliabideak (denbora, ezagutzak – nola zaindu behar bereziak dituen pertsona bat – eta azpiegiturak – ura, argia…) eta zaintzaren etika (zaintzaren gaineko kontzientzia indibidual eta kolektiboa). Horiek barik, hau da, bizitza aurrera eramateko behar den espazioa ahul badago, bizitzaren jasangarritasuna kolokan jartzen da.

Artikulu honetan uraren irisgarritasunean jarriko dugu begirada, aztertzeko nola eragiten dien horrek Hegoalde Globaleko landa-eremuko emakume eta neskatoei. 2017ko El Salvadorko edateko uraren irisgarritasuna aztertuz gero, ikus daiteke nola dauden alde nabariak landa-eremuen eta hiriguneen artean. Hoditeria bidez ura etxeetara eskuragarri zituzten biztanleen guztizkoa % 88,3koa zen, baina horietako %95,5a hirigunean bizi zen eta % 6,5a landa-eremuan. Putzutik eskuratzen zutenak, aldiz, guztizkoaren % 6,2a zen, horietako % 11,7 landa-eremuan bizi zen eta % 2,9a hirigunean. Hala ere, edateko uraren kalitatea ez da bermatzen. El Salvadorko estatuak uraren gainean duen kudeaketa eta legedi txarraren ondorioz, ura enpresa pribatuen esku dago eta ez da tratatzen. Gaur egun, uraren % 90a inguru dago kutsaturik eta tratamenduari dagokionez, 2017an herritarren % 12,8ak soilik egiten zion urari nolabaiteko tratamenduren bat (ura irakitzen jarri, iragazki batetik pasarazi, kloratu… ), horietako % 11,3a hirigunean bizi zen eta % 15,5 a landa-eremuan. % 70,3ak ez zion urari inolako tratamendurik egiten (% 64,7a hirigunean eta % 88,4 landa-eremuan bizi zen), eta % 16,9ak ura botiletan erosten zuen, % 4,1a landa-eremuko biztanleria izanik eta % 24a hirigunekoa (DYGESTIC, 2017). Arazo horiei gehitu behar zaie klima-aldaketaren eta deforestazioaren ondorioz estres hidrikoa areagotu egin dela.

Uraren gabeziak zuzenean eragiten dute emakumeen egunerokotasunean eta bizitzetan, haiek baitira etxeko lan erreproduktiboaz arduratzen direnak, eta ondorioz, ura eskuratzeaz arduratzen direnak. Izan ere, edozertarako da beharrezkoa ura: arropa garbitzeko, harrikoa egiteko, janaria prestatzeko, etxea eta norbera garbitzeko, edateko… Uraren irisgarritasuna ziurtatzen duen azpiegiturarik egon ezean, emakumeek eta neskatoek ekarri behar dute ura ibaitik edota putzutik, edo etxeko lanak bertan egin. Guzti horrek osasunean, hezkuntzan eta beste espazio kolektiboetako parte-hartzean eragin zuzena du, bai eta emakumeen segurtasunean. Era berean, ur faltak zuzenean duenez eragina emakumeengan, haiek dira pribatizazioak mehatxu egiten dienean borrokak burutzen dituztenak.

Landa-eremuetan eguzki-energia bidezko ur-sistema isolatuak jartzen hasiak dira egoera horri aurre egiteko. Ikustekoa da nola uraren horniketa egiteko azpiegitura jartzen denean gizonak inplikatzen diren, baina formulak prekarioak direnean, emakumeen gain erortzen den zama osoa.

Bestalde, sistema isolatuek kudeaketa egokia behar dute instalazioa egin ondoren biziraun dezaten; hau da, komunitateak sistemak ekar ditzaken arazoei aurre egiteko. Hori dela eta, garrantzitsua da herritarrak prozesuan inplikatzea eta sistema osoaren funtzionamendua ulertzea. Sistema hauek pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko prestaturik daude, etxeko beharrizanei aurre egiteko. Animaliak elikatzeko, landak ureztatzeko, ibilgailuak garbitzeko… erabiliz gero ura, sistemek ezin dute eskaria asetu ura eta sistema mugatuak direlako eta etxebizitza asko oinarrizko beharrizanak asetzeko ur barik geratzen dira. Bestelako aktibitateentzako ura lortzeko alternatibak sustatu beharra dago, esaterako, euri-ura pilatzea edo erabilitakoa birziklatzea.

Testu honen hasieran, ekonomia feministaren aldarrikapenetako bat bizitzako etapa guztiak duintasunez bizitzea dela aipatu da. Sistema isolatuek erraztu egiten dute beharrizan fisiologikoak eta segurtasunezkoak betetzeko behar diren baldintzak, baina instalazioa egitearekin ez da nahiko. Emakumeak kontziente dira egunero egiten diren esfortzuaz eta nolako eragina duen haiengan. Egoerari aurre egiteko beharrezkoa da lanketak gizonekin egitea eta zaintza lanetan inplikatzea, ostera, emakumeen gaineko lan karga bikoiztu, edo kasurik okerrenean, hirukoiztu egin daiteke.