Giza Garapenerako Lankidetzarako Sarrera

Aitziber Arizkurenek* idatzitako artikulua
Ikastaro honetarako izena eman nuenean ez nuen oso argi zer aurkituko nuen, izan ere, nik garapenerako lankidetzari buruz zer nekien? Hasi aurretik ideiaren bat nuen burutik, hala ere gutxi nekiela iruditzen zitzaidan baina ikastaroa bukatzean konturatu egin naiz uste nuena baino askoz gutxiago nekiela. Asko ikasi dut egun hauetan eta gehiago ikasteko gogoekin geratu naiz, jarduera bakoitzetik informazio gehiagoren egarriakin ateratzen nintzen ta era berean nire buruarekin pixkat haserre.

Izan ere, nik kooperazioaren ideia pixkat zaharkitua neukan. Guk nola lagundu dezakegu beste herrietan? Zer egin dezakegu haien bizimodua hobetzeko? Baina inola ere ez nuen planteatzen gure bizimodua ez dela helburu ideala eta hare gehiago gure bizimodu “onak” egiten duela haien bizimodua okerragoa izatea. Hau da, ez direla herrialde txiroak, txirotuak baizik.

Lankidetza2015

Hor hasten da Garapenerako Heziketaren papera. Ni konturatu naizen moduan nire inguruko jendea ere konturatzea, kontzientziatzea ta aktibatzea. Lankidetza ez dela hegoaldea laguntzea karitatez, hegoaldea ere gizarte aktibo bat dela konturatzea ta guztion lankidetzaren bitartez justizia sozialaren alde lan egitea baizik. Guk gure bizimoduarekin beste herrietako bidegabekeriak ahalbidetzen ditugula konturatzea eta horren aurrean neurriak hartzea.

Egunak pasa ahala geroz eta gehiago konturatzen nintzen gure sistema guztiz inperfektua zela ta gauza ugari aldatu behar genituela, ta gure sistema zela askotan munduaren beste parteetan zeuden bidegabekerien eragile nagusiena. Horregatik gure garapen eredua egokiena den planteatzeko momentua iritsi da. Mundu guztia gure garapen eredura bideragarria izango litzateke? Ez, izan ere, dagoeneko garapen eredua orain dagoen moduan egonda ere (herri aberatsak eta herri txirotuak, aurrekoak aberatsak izan ahal izateko) ez da bideragarria eta bidegabekeria da askorentzat.

Puntu honetara iristeko giza eskubide ugari urratu dira eta urratzen ari dira. Nola da posible, milioika pertsona gosez hiltzen diren mundu batean era berean janari tonak eta tonak botatzea? Zeinek uler dezake? Horrelako gauzak, barrenean denek dakigu baina horri aurre egin ordez, pasatzea uzten dugu. Bada garaia, elikaduraz negozio egin duten horiei aski dela esatea eta neurriak hartzen hastea.

Ta gauza bera gertatzen da energia eta uraren kasuarekin. Akaso ez da eskubide bat bizitza digno bat izateko beharrezkoak diren baliabide minimoak izatea? Noiz bihurtu dira negozio egiteko aukera paregabea? Harrigarria da mundu honetan boteredunei ahoa giza eskubidez betetzen zaien bitartean, oraindik egotea jendea ura eskuratu ahal izateko orduak ibili behar dituena eta kontuan hartu gabe guztiz edangarria den edo ez jakin gabe.

Galdera guzti hauek Generoaren gaian sartu gabe. Gai honetan nahiko kritikoa nintzela iruditzen zitzaidan ikastarora joan aurretik ta berriro ere beste mila galdera agertu zitzaizkidan eta zaizkit. Ikastaroan landu ziren beste gai guztien barne dagoela generoaren problematika ikusi nuen, izan ere bai iparraldean eta bai hegoaldean, bai gizartean bai ekonomian eta arlo guztietan ere generoaren arazoa dago. Izan ere, gizarte guztietan, munduaren parte ezberdinetan emakumeak eta gizonak badute bere rolla eta maila ezberdinetan bada ere roll horiek betetzearekin bidegabekeriak datoz bat.

Zenbat galdera ta zenbat erantzun gutxi. Hamaika galdera nituen ikastaroa hasi aurretik eta hamaika galdera ezberdin ditut ikastarotik atera eta gero. Galdera horiei erantzuna aurkitzeko informazioa bilatzean ziur beste hamaika agertuko direla eta horregatik ISF–MGI ri eskerrak eman nahi dizkiot. Milesker jarduera hauetan parte hartzeko aukera emateagatik eta informatzeko, galdegiteko eta pentsamendu kritikoa lantzeko aukera emateagatik. Esperientzia izugarria izan da. Galderei erantzunak aurkitzen diedan bitartean mundu hobeago bat lortzeko nire ekarpen txikitxoak egiten joango naiz eta horretara animatzen zaituztet!

Eskerrik asko ISF-MGI eta parte hartu duzuen guztiei!

*Lan hau donostiako VII Lankidetzara sarrera ikastaroaren barruan kokatzen da. Bertan ikasleak bukaeran lan bat aurkezteko aukera zuten behin ikastaroa amaitutakoan. Lan honek ikasle edo ikasleen iritziak erakusten ditu. ISF-MGIk ez du zertan hauekin ados egon behar.