HAIN SINPLEA ETA HAIN KONPLEXUA

Ez al duzu inoiz sentitu politikariek datuekin nahastu egiten gaituztela? Neurri politiko zehatz baten emaitza positibo naiz negatiboa izan daitekeela aldi berean? Nola liteke informazio iturri fidagarrietatik omen datozen datuek istorio guztiz ezberdinak kontatzea esatariaren arabera? Bada, arrazoia uste baino sinpleagoa da. Jo dezagun adibidez pobreziaren kontzeptura. Norbanakoen buruan oso kontzeptu sinple eta ulergarria dirudien honek, infinitu ebaluazio irizpide eskaintzen ditu eta, hortaz, infinitu irakurketa ezberdin eskaini ere. Beraz, pobreziarekin amaitu edo gutxitzeko saiakeran, nola jarriko gara ados ezarri beharreko neurrien inguruan, lehendabizi errealitatea ikuspuntu berdin batetik ikusteko gai ez baldin bagara?

Ikerketa baten emaitzak aztertzeko orduan, emaitza bera bezain garrantzitsua da hau lortzeko erabili diren laginaren ezaugarriak eta ezarri diren adierazleak ezagutzea. Ezer gutxirako balio du pobreziaren datuak milaka pertsonatan edo ehunekotan jasotzea pobrezia karakterizatzeko ezarri diren mugak ulertu gabe: zer da pobrea, jatekorik ez duena? Eguneko euro batetik beherako diru sarrera duena? Edo lotarako teilaturik ez duena?

Orain dela ez asko arte, pobrezia zer den zehaztu eta honen inguruko zenbaki eta estatistikak idazteko adierazle ekonomiko hutsak hartu izan dira, hala nola gizabanakoen errenta. Pobrezia neurtzeko metodo honi, zeharkako metodoa deritzo. Azkeneko urteetan, ordea, zenbait erakundek pobrezia eta batez ere gizartearen garapena neurtzeko adierazle anitzagoak bereganatu dituzte, pertsona pobrea oinarrizko beharrizanak betetzeko gaitasunik ez duena kontsideratuz; metodo zuzena.

Hala ere, arazoa konpontzetik urrun, adierazle gehiagoren erabilerak informazio zehatzagoa eskaintzen badu ere, pobreziaren karakterizazio arazoa areagotzen du: egon daitezkeen ehundaka adierazleen artean, esanguratsuenak kontsideratzen direnak hautatu behar dira batetik eta haien arteko harremana eta mugak ezarri bestetik.

Pobrezia gutxitzeko lanek ere, konplexutasun maila altua eskatzen dute. Pobrezia arazorik ikusi ez eta beste alde batera begiratzea erabakitzen duten norbanakoak alde batera utzita, herri aberats askoren arazoetako bat, haien bizitzari aldaketarik eragin gabe pobreziarekin amaitzeko saiakera da. Herrialde ezberdinen arteko harremanetan adibidez, zaila izaten da hipokresian ez erortzea. Uko egiten al diogu ekoizpena herrialde txiroen pertsona eta baliabideen esplotazioan oinarritzen duten ekoizleen produktuak erosteari? Begiratzen al dugu gure mugikorrak sortzeko erabilitako mineralen jatorri ilunari?

Ane Zorrozua Gamboa