ISF-MGI El Salvadorren martxan

0
0
Total
0

Bisitez betetako astea igaro genuen El Salvadorren ISF-MGI-ko kideok urtarrilaren amaieran. ESF Catalunyako adiskideekin etorkizuneko erronkei buruzko solasarekin hasi, eta El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultateko (FIA/UES) dekanotzako eta ASEIAS ikasle elkarte antolatuko kideekin batzartu ginen. Bertan, UPV/EHUko OFICOParen babesarekin sustatu den unibertsitate-lankidetzaren esperientziatik guztiok jaso ditugun ikasbideei eta etorkizunari begira elkarlanean burutu ditzakegun ekintzei buruz mintzatu ginen.

Hiritik irten, eta arnasestuka dabilen Balsamo Mendilerrora jo genuen, bertako komunitate eta elkarte antolatuekin Ur eta Saneamendu Giza Eskubieen eta ingurumenaren defentsaren borrokan azken bi urte hauetan ACUA, ASAPS eta CORCULL erakundeekin daramangun ahalduntzen prozesuen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Uraren Giza Eskubidearen defendatzaile hauek elkarte moduan komunitate eta lurralde mailako antolamendurako beharrei aurre egiten ari dira trebakuntza prozesu ezberdinen bidez, beste hainbat erronken artean, estatuko beste hainbat elkarterekin batera Uren Lege Orokorra gauzatzeko beharraren aldarri nekaezinari eusteko adibidez. Uraren defentsaren eguneroko lan horretan emakumeek duten protagonismo aktiboaren (ez ikusizkoa oro har) lantze aldera oraintsu hasi da beraiei zuzendutako iturgintza trebakuntza. Prozesu hau eta ASAPS osatzen duten komunitateetako ur batzordeekin gauzatuko diren beste batzuk, ANDA estatuko uraren antolatzaile publikoaren landa-eremuko sistema eta komunitateentzako atentziorako gerentziarekin elkarlanean gauzatuko dira, ur edangarria bideratzen duten sistemen antolatzaile eta kudeatzaileentzako formakuntza integralerako gune berrian. Prozesu hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntzen deialdi ezberdinen bidez burutzea posible izan da.

 

San Jose Guadalupe komunitatera hurbilbuta 2015an hasi eta 2016 bukatu zen uraren hornidura-sistemaren eraikuntza proiektuaren lorpenak aurrez aurre ezagutu genituen. Aipatzekoa da ur sistema honen diseinua Garapenerako Lankidetzan oinarrituriko Gradu Amaierako Lan baten bidez gauzatzea lortu zela. Horrez gain, gaur egun martxan dagoen saneamendu proiektuaren aurrerapenei buruz komunitateko kideekin solasa izan genuen. Komunitate honetako proiektu berri honek ere Bilboko Udalaren garapenerako nazioarteko lankidetzarako diru-laguntzen deialdiaren bidez gauzatzeko aukera izan du.

 

Azken bisita honen ostean Radio Balsamoko kideek ISF-MGIko kide den Aitor Gomezi egindako elkarrizketaren berrian laburbiltzen den moduan “ura ezinbestekoa da bizitzarako, eta Balsamoko mendillerroaren kasuan, (…) beharrezko lana da honakoa bizirik irauteko, beste aukera batzuk izateko eta herritarren gaitasunak sendotzeko”. Berri horretan bertan Steve Magaña esatariak laburtzen duen moduan horretan jarraitzen dugu ISF-MGItik “Ura Giza Eskubidea den eskakizunaren bitartez komunitateko antolakuntza sendotuz”.

Erronka zahar-berriak ditugu eskuartean beraz. Denon artean, aurrera ba!