Memoria zabaldu gure arrazakeriaren erroekin topo egiteko

Aktibisten Eskolako azken saioan komentatu genuen hizkuntzak errealitateak eratzen dituela, haren baitan “normalizatzen, inbisibilizatzen eta ideologia transmititzen dela”. Baina ez dezagun ahaztu erlazioa noranzko bikoa dela: errealitateak ere hizkuntza eratzen du. Ikuspuntu horretatik hasi genuen “Hizkuntza (feminista) ez-arrazista baten alde” tailerra. Zeintzuk dira gure arrazakeriari zergatia ematen dioten errealitateak? Nondik dator eta nola izan du eragina gure komunikatzeko eran? Gure historia kolektiboko zein unetan errotu ziren egungo iruditegian ezaugarri den arrazakeriaren egiturak? Begira dezagun iraganera momentu batez….

Gure haurtzaroarekin lotura zuzen bat eginez, Gladys Giraldo saioaren bideratzaileak Cola-Cao-ren abestia kantatzera animatzen gaitu. Ipar Globalean hazi garenok oso argi dugu zein den, taldean dauden latinoamerikarren harridurarako. Kolonialismoaren ondarea hor dugu, gure oroitzapenetan dago, gaur egunean eta bertan gauzatzen da. Gure baitan dagoen arrazakeria deseraikitzearen bidaia honen hasieran, gaur garena eta dugunaren eta historiaren arteko erlazioak ezartzea garrantzitsua da. Hori dela eta, gure memoria tenkatzen jarraituko dugu.  

Gure kaleetan seinale ugari ditugu. Gasteizen adibidez, Zulueta Jauregia orain dela gutxiko historian pertsonen trafikatzaileetan handiena izan zen Julian Zulueta “Kubako azken beltz-tratularia”-k metatu zuen ondarearen adierazgarri da. Zuluetak, Kubako zein espainiar estatuko erakundeetan goi-karguduna izandakoak, 2000 pertsonatik gora erroldatuta izan zituen esklabo moduan. Gutako zenbat geratu gara eraikuntza horren edertasun arkitektonikoarekin liluratuta? Gutako zenbatek aztertu dugu ondare horren jatorria? Kolonialismoa ez dago gutaz gain, gizartean ditugun pribilegioak erakustarazten eta azalarazten dizkigu. Berriro ere, gonbita luzatzen digu gure memoria tenkatzen jarraitzeko gure lengoaia, komunikazio eta memoriaren erroak zertzeladaka aztertzen hasi garen honetan arrazakeriarekin alderatzeko.