Messi – Medikua – Unibertsitateko maisua – Neska gazte eta liraina – Kaleko saltzaile afrikarra – Eskalea – Nerabe marokoarra

Arrate Zelaia Eizaguirre. Herri Antolakuntza ponentziaren inguruko hausnarketa.

5 minutu baino gutxiago behar izan ditugu rol-play batean ezezagunak zitzaizkigun rolekin pasiatu eta guganako erreakzioei erreparatuz goiko sailkapena osatzeko. Konsigna: gizartean oro har ematen diren erreakzioak erreproduzitu.

Zapalkuntzaren antzerkiaren bidez lortutako errenkadatik argi geratzen da denok ezagutzen ditugula gizartean bakoitza bere lekuan jartzeko dauden mekanismoak. Baina gizartea ez da ente bat, guk osatzen dugu eta hortaz, mekanismo horren parte diren keinuak ezagutzen ditugu ikusi eta egiten ditugulako. Sexismoa, arrazismoa eta aporofobia, beraz, guztiz barneratuta ditugula onartu beharrean gaude.

Errenkada osatu eta gero nor zaren asmatzean baita sailkapena bera egitean barneko aurreiritzi eta ezjakintasunak ateratzen dira. Neska gazteak, nor zen jakin gabe, atzera joan nahi izan du sailkapenean eta beste partaideek zuzendu dute, bere lekua ez omen zegoen hain atzean. Beraz, nor zaren jakin gabe, bestea nor den ikusita eta jasandakoa pairatu eta gero, badakizu zure lekua bestearekiko ere bai. Zer jasaten duzun eta zer ez duzun jasaten, biak dira pistak zure lekua zein den jakiteko.

Baina sailkapen prozesutik ordea galderak datozkit. Neska gaztearen sailkapena zuzendu denean taldeko emakumeen artean sortu diren keinu eta irri konplizeetan ez ahal da emakumeon hezkuntza mugatzailea plazaratu? Zergatik kendu diogu Neska gazteak jasandakoari garrantzia? Beste alde batetik, neska gazteak protestatu gabe onartu du zuzenketa, ez ahal ditugu guk jasaten (eta gorroto) ditugun zuzenketak erreproduzitu obeditu zezan? Ideiak adierazteko eran ere barneratuta dauzkagun sinismen mugatzaileak ateratzen direla argi dago. Garrantzitsuagoa dena oraindik, gure aurreiritzi eta sinesmenek ez dituzte besteak bakarrik mugatzen, gure burua ere mugatzen dute.

Gizartearen argazkia ateratzeko dinamika apropos honetan zapalkuntza sistemek gure jarreretan noraino egon daitezkeen barneratuta errez ikus daiteke. Dinamika parte hartzen duten kopuruaren menpekoa izanik ez dira gizarte honetako zapalkuntza guztiak atera. Triada nagusitik at, kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismotik kanpo kapazitismoa eta adultismoa faltan bota dira emaitza aztertu denean.

Kapitalaren garrantziari erreparatuz argi geratzen da diruaren arabera sailkatzen garela gizartean, baina arraza aldagaia sartzen baldin badugu migratzaileak atzera doaz zuzenean. Emakumearen balioa aldiz, ez da diruan egon, bere itxuran baizik. Ez diogu gure buruari galdetu dirurik duen edo ez liraintasunak definitzen zuen bere lekua.

Nerabe marokoarrak jasan du mesprezu gehien, eskalea aldiz gizartetik at sentitu da, ikusezina. Baina futbolariak ere bere ekintza gaitasuna besteen erreakzioen menpe ikusten zuenez berak bere burua gizartetik kanpo utzi du.

Nabarmentzekoa da aintzat hartu ez diren rol guztiek etengabe gorde dituztela mina eragiten dizkieten sentimenduak barnean, egoera honek gizartean amorrua ezkutuan daramagula adierazten du. Baliteke horrela bizi behar duen jendez inguratuta bizitzean “errugabe izanda noizbait beste batek eragindakoa ordaintzea”.

Baina ni ez nago ideia horrekin ados, momenturen batean norbaitek barnean duen amorrua aurpegiratuko baligu aukera moduan ikusi beharko genukeela uste dut. Gure burua amorruaren eragile moduan ikusten ez baldin badugu ere, enpatia falta edo keinuren bat egin dugula onartu beharko genuke amorru hori aterarazi baldin badugu. Eta horrela izan ez bada ere maitasunez erantzun beharko genukeela pentsatzen dut. Talde moduan mindutakoa talde moduan osatu beharko da eta gugandik hastera animatzen zaituztet.

Hala ere, ezin dugu ahaztu sistema zapaltzaile baten barruan bizi garenik, egituratutako zapalkuntzak dira jasaten ditugunak eta pertsonen gehiengoa dago eguneroko bizitzan zapalkuntza maila ezberdinak jasaten.

Eredu hegemoniko honetan, non ideologia indibidualista eta merkantilista bizi dugun, jaiotzez ditugun baliabideek kokatzen gaituzte gizartean. Errealitatean, aukera ezberdinak ditugu, baina meritokrazia ez dator errealitatearekin bat eta desabantailekin jaiotakoa errudun sentiarazteko eta politikoki baliogabetzeko balio du. Honez gain, baliabide gehiago eduki dituenak bestea lagundu ezkero mesedetan dabilela sentituko du, ez aberastasuna banatzen. Horrela gizartea kutxatan banatzen da elkarren arteko aliantzak sortzea galaraziz.

Sistemak lan ona egiten du alde batetik, gu banatuz eta taldearen indarra ahulduz eta bestetik, alternatibak ezkutuan mantentzen ditu. Horrela inertziak aurrera darrai eta pribilegioak denboran mantentzen dira desberdintasunak handituz. Ondorioz, bakoitzaren lana bilakatzen da kontzientzia zabaldu eta horri aurre egitea. Sistema bidegabeari aurre egiteak garrantzia badu ere erabat ziur nago konponbidea kontzientzia zabaltzea dela. Alde batetik, egiten ditugun keinuak etab. identifikatzeko (ezabatu ahal izateko) eta bestetik taldea, komunitatea, osatzeko.

Bide honetan lan egiten dute Herrien partea hartzea sustatzen dabiltzan asko, adibidez Zesar Martinez (azaldutako dinamika prestatu zigunak). Herria antolatu eta sujetu politiko bihurtzen lagundu, identifikatu dituzten arazoei elkarrekin aurre egiteko. Ideia sinplea baina aurrera eroaten latza.

Helburu hori prozesu askatzaileen bidez eramaten dute aurrera, taldea batu eta kontzientzia kolektibo politikoa sortzeko asmoz. Parte hartzearekin ez delako nahikoa. Boterea herrian ez dagoenez antolatzea ezinbestekoa da.

Prozesu askatzaile hauek dinamika osatzaileak izaten dira, non partaide bakoitzak bere bizipenak aurkezten dituen. Aurkezpen hauek modu ordenatu batean egiten dira jerarkiak ekiditeko. Txanda-pasa erabiltzean, berdintasuna bermatzen da taldeko partaideen artean eta partehartzaile bakoitzaren ahotsa entzutea bermatzen da. Prozesu honen ondorioz talde sentimendua indartzeaz gain auto-konfiantza sustatzen da. Kolektiboki eta indibidualki sendotuz.

Horrela, taldea bera agente politiko bihurtzen da eta nahikoa indar baldin badu botere dialektikan azaltzeko aukera izango du. Politika goitik eginda etorri ez dadin, gizartean kontzientzia zabaltzea ezinbestekoa den heinean, gizartearen babesa lortzeko antolatuta egotea ezinbestekoa da indar hori lortzeko.

Ildo honetan lan egiten du Ikerketa-Ekintza deiturikoak. Kezka eta interesetatik abiatuz, hausnarketa dinamiketatik pasatuz diagnostikoa osatu eta ekintza planarekin bukatzen da. Helburua komunitatea osatzea da sare sozialak sendotuz.

Eta zergatik da garrantzitsua komunitatea sendotzea? Desberdintasunak txikitzeko bidea izateaz gain, zaurgarriak garelako eta elkarren beharra daukagulako. Bizi garen gizartean edozein egoera bidegabe pairatu duenik baldin badago ez garelako inoiz gizarte baketsu bat izango. Denak libre izan arte gu ere ez garelako libreak izango. Barneratuta ditugun aurreiritzi, sinesmen etab.-ek ez bait digute kide on ezta egokiak izaten uzten, gu ere pertsona mugatuak baitgara motxila hori daramagun bitartean.