Teknologia, arazo bat ebazteko zientziaren aplikazioa

Teknologia ez da soilik software bat edo auto baten motorra sortzea. Teknologia, grekozko techne, arte edo lanbide esan nahi duena, eta zientzia esan nahi duen logia, arazo bat ebaztea edo nahi bat asetzea helburu duen zientziaren aplikazioa da. Eta horixe da aurreko ostegunean egin genuena, konfinamendu hasieratik datorren arazo bat konpontzea: bizikletaz ezin ibiltzea (edo pedalei berriro eragitearen beharra asetzea).

Zuk Zeuk Egin Lab 1.0 programaren lehenengo tailerraren arrakastaren ondoren (elikadura burujabetzari buruzko tailerra), bizikleta saio honekin animatu ginen. Badakigu bizikleta ezinbestekoa dela egungo larrialdi klimatikoari aurre egingo dion mugikortasun jasangarriaren eraikuntzan. Bere funtzionamendua ezagutzea, gure beharren arabera aldatzera animatzea eta bizikletaren alde egiten duten lotura kolektiboak indartzea izan dira saioaren helburuak.

Bizikletak konfinamendu garaian tokirik ez zuela uste genuen, baina MTB Andreak kolektiboak asmamen apur batekin posible zela erakutsi zigun. Eta horrela, bizikletarekiko zale diren emakumeek irtenbidea erakutsi eta gure bizikleta estatiko bihurtzen irakatsi ziguten, egongelatik pedalei eragiten jarraitzeko.

Bakoitza gure etxetik baina bideokonferentzien plataforma baten bidez konektatuta, gure bizikletak moldatu genituen eta spinning klase bat eman genuen.

Etorri ezin izan zinetenontzat, urratsez urrats kontatzen dizuegu nola egin genuen tailerra:

Bizikleta zahar baten kamera, bi brida, artaziak, bi aulki, erratz baten edo mendiko makila bat eta benda bat besterik ez dugu behar. Bizikletaren katea askatuz hasiko gara. Kamera erditik moztuko dugu. Kameraren mutur bat pedalari eusten dion haritik pasatu eta brida batekin lotuko dugu. Beste muturra atzeko burdinean lotuko dugu. Kamera tenkatuta dagoela egiaztatu behar da, baina pedalei eragiteko moduan, soberan dagoen zatia moztu eta prozesua beste pedalarekin errepikatuko dugu.

Ondoren, atzeko gurpila aterako dugu. Makila hartu eta erdian benda jarriko diogu. Bi aulkiak paraleloan jarri eta bizikleta haien artean kokatuko dugu. Makila aulkien gainean jarriko dugu bizikleta eusteko, eta bendarekin ondo lotuko dugu aulkiei. Ondoren, soberan izan dugun ganbera zatitxoarekin aulkiak euren artean lotzen ditugu, zorua berdinduta ez badago egonkortasuna emateko. Nahikoa ez bada, kutxa bat edo liburu batzuk jar ditzakegu aurreko gurpilaren azpian.

Eta badaukagu gure bizikleta estatikoa!
Musika apur bat eta pedalei eragitera!

Testua baino bideoak nahiago badituzu, hemen ikus ditzakezu tailerraren, spinning saioaren eta Luzatze ariketen bideoak.