Ur kudeaketaren aulkiak

20 aulki,… 10 hobe, ezta? Ondo da?…….. Ez! Orain hobe 7,… ez hobe 5, ez 7! Aulki zenbakien arabera laburbildu daiteke 11 urte luzetan El Salvadorren uraren lege orokorraren inguruan darabilen eztabaidak. Oraintsu aurkeztu du Universidad Centroamericana “José Simeón Cañas” (UCA, gaztelerazko siglak) unibertsitate pribatu esanguratsuko aholkulari talde batek azken proposamena, 7 aulkiduna, ekainean bertan El Salvadorreko alderdi kontserbadoreek Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioan eztabaidatzeko aurkeztu zuten 5 aulkitako proposamenak sortu zuen zalaparta soziala baretze aldera.

Hala ere aulkien zenbakietan baino, aulki horiek osatuko luketen uraren kudeaketaren kontseilu zuzentzailean nor eseriko den hautatzean dago gakoa. 7 bat hilabete lehenago beste 7 aulkidun proposamen batek eragin zuen moduan, uraren kudeaketaren boterea noren esku utzi nahi den izan da azken hilabetetako Uraren Pribatizazioaren Aurkako Aliantzak (non El Salvadorreko Uraren Foroak ere parte hartzen duen) buruturiko ohar abisu eta ekintza guztien muina. Horren adibide dugu, uztailaren 11ean El Salvadorreko 14 departamentuetan aliantza honek burutu zituen ekintzak. Uraren Foroko Balsamo Mendilerroko Lurralde Mahaiko lagunak La Libertad departamentuko Santa Tecla hirian, eta ADES Santa Marta eta Osasun Foroko kideak Cabañas departamentuko Guacotecti herrian izan ziren, adibidez.

Aliantza honen izenak berak argi uzten duen moduan, jakina da azken proposamen hauek aulki gehienak uraren kontsumo altua duten El Salvadorreko zein sektore ekonomikoren esku utzi nahi dituzten. Hori dela eta, argi dute Ur Giza Eskubidea gauzatzeko kudeaketa publikoa eta komunitario izan behar dela, 2012tik 10 aulkidun proposamena aurkeztu ondotik Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioaren eztabaidetan adierazi izan duten moduan. Horixe da pribatizazio eta merkantilizazio prozesuen aurrean ISF federazioko “ura guztiona, eskubidea da, ez salgaia” kanpainaren ideietan laburbiltzen dena, eta parte hartzailea, gardena eta kontu-ematean oinarritzen den uraren kudeaketaren ereduaren oinarria. ISF-MGIk El Salvadorreko erakunde ezberdinekin elkarlanean eredu hauek bultzatzen jarraitzeko ekinean dihardu, eta aulki jolas honen azken kapitulu honi adi jarraituko diogu aste eta hilabete hauetan zehar.

Hori bai, ez dago inongo berririk Asanblada Legegileko 84 aulkitan eserita dauden diputatuek legealdi honetan onartzeke duten konstituzioko 69. artikulu berriaren inguruan. Ura eta elikadura giza eskubidea Game Over omen dabil oraindik El Salvadorren.