Bidalketak

Nabigatu arrastorik gabe: Tresna Libreak eta Burujabetza Teknologikoa

Ez da inongo sekretua: teknologiaren sektoreko multinazional handiek gure pribatutasuna urratzen dute, eta oparitzen dizkiegun datuekin salerosketan ibiltzen dira. Interneten nabigatzen dugunean sortzen diren datuek, gure kokapenarekin konbinatuta, informazio guztiz baliotsua ematen dute, Google bezalako enpresek publizitate pertsonalizatua bideratuko diguten beste enpresa batzuei bidaltzeko. Hori jakin badakigun arren, batzuetan geure buruaren zaintza digitalak hobetzeko tresnak falta ditugu, eta azkenean betiko sare eta plataforma pribatiboetara jotzen dugu. Internetekin arrastorik utzi gabe harremanetan aritzeko beste modu batzuk ezagutzea eta burujabetza teknologikora jauzi egitea proposatzen dizugu Mugarik Gabeko Ingeniaritza-Euskaditik.

Mugarik Gabeko Ingeniaritzak eta Ekologistak Martxanek Aktibisteen Eskolaren saio berezia antolatu dugu, mapen erabilerarekin lotutako tresna libreak ezagutzeko eta haiekin praktikatzeko. Zuk ere Google Mapsera sarri jotzen baduzu, interesgarri izango zaizu pribatutasun, autonomia eta erraztasun handiagoak eskaintzen dizkizun mundu oso bat dagoela deskubritzea. Horretarako, Ekaitz Zarraga telekomunikazioko ingeniaria izango dugu gurekin datorren ostegunean, ekainak 13. Erabiltzailea eta bere eskubideak errespetatzen dituzten teknologien erabilera eta sorkuntza sustatzen dihardu gaur egun. Parte hartu nahi baduzu, bidali mezu bat hezkuntza(a bildua)euskadi.isf.es helbidera, idatzi izenburuan AKTIBISTEEN ESKOLA eta esaiguzu parte hartu nahi duzula. Bertaratu ahal izateko, ez da beharrezkoa Ekintzaileen Eskolaren aurreko saioetara etorrita egotea. Zain izango gaituzu!

Eguna: 2019ko ekainaren 13a, osteguna

Ordua: 17:00-19:00

Tokia: Bilboko Ingeniaritza Eskola, P1G1 gela