Osakidetzaren pribatizazioa salatu du Euskal Herriak Kapitalari Plantok
EH Kapitalari Plantok Osakidetzaren egoeraren inguruan egindako txostena aurkeztu du. Dokumentuak Osakidetzan emandako inbertsio publikoaren gelditzea, esternalizazioen gorakada, eredu publiko-pribatuaren sustatzea, aseguru pribatuen gorakada eta ate birakarien praktika aztertu eta salatzen du, besteak beste. Aurkezpenaren harira, EH Kapitalari Plantok, Osaldek eta Osasun Publikoaren Aldeko plataformek agerraldia eta kontzentrazioa egin dute Bilboko Doctor Areilza kaleko osasun zentroaren aurrean.
EH Kapitalari Plantok argi dauka Osakidetzaren hondatzea sakona, oso agerikoa da, ez da pertzepzio hutsa. Desinbertsioa batik bat lehen mailako arretan eta osasun publikoko zerbitzuetan-, itxaron zerrendak, prekarizazioa eta laneko behin behinekotasuna, modu berezian kaltetzen dira, bizitzaren zaintzarekin lotutako lan sektore feminizatuetako baldintzak, osasun eskubidea kaltetzea, eta osasun sarbideari dagokionez hazten ari diren klase, arraza eta genero aldeko asimetriak errealitate dira.
Harrapaketa korporatiboa diagnostiko horren funtsezko zatia da, interes pribatuak eta onurak maximizatzeko ekuazioaren irabazia funtsezko aldagai gisa hartzen baititu. Horren ondorioz, eskubide publiko baten eta interes komunaren arteko talka gertatzen da, alde batetik, eta interes pribatua maximizatzearen aurrean. Inbertsio publikorik eza, itunpetze soziosanitarioak, zerbitzu orokorren azpikontratazioak, enplegu publiko pribatizatuak, aseguru pribatuak eta ate birakariak dira gaur egun horren adibide.
Hori guztia dela eta, gaur Osakidetzaren harrapaketa korporatiboari eta enpresak euskal osasu sistema publikoan sartzeari buruzko diagnostikoa plazaratu nahi dugu, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataforma osatzen dugun eragile sozial eta sindikalek kolektiboki egindakoa. Txostenak erakusten dituen datuen arabera, Osakidetzan inbertsioaren gelditzea dago (2025erako Osakidetzak dituen funts eskuragarriak 7 milioi baino ez dira haziko, osoaren %0,1, pertsonalaren atalean, igoera 24 milioikoa da; hau da, %0,9), itxarote zerrendak mediku espezialistaren lehen bisita jasotzeko gora doaz (24.179 pertsona izatetik 2021ean eta 69.532 pertsona izatera igo dira 2023an), ebakuntzen itxarote zerrendak berdin (18.357tik 24.333ra igo dira 2019tik 2023ra). Beraz, itunpetze sanitario eta soziosanitarioetan alde egiten da, funts publikoak negozio pribatuetara
bideratuz. Aurrekontuei erreparatuta, azken datu ofizialen arabera 2024an itunpetze sanitarioei bideratutako kopuru osoa 249.695.724 eurokoa izan da. Hori Osasun Sailaren gastu osoaren %5,10 da, eta 2023tik %9,1 igo da. Hala ere, zenbait kazetaritza iturrik kopuru hori 299,8 milioikoa izan dela azaldu dute, aurreko urtekoarekiko %11,5 igota eta aurrekontu osoaren %6,12. Kopuru horiei itunpetze soziosanitarioei dagozkien 6,49 milioi euro gehitu behar zaizkio. Zerbitzuak eta lanak kanpora ateratzearena ez da mugatzen arlo soziosanitariora, zerbitzu orokorren baitako hainbat zereginetan ere esternalizazioa gorantz doa, garbiketa, anbulantziak, sukaldaritza, segurtasuna, mantentze lanak, elektromedikuntza, arropa garbitegia, aholkularitza, zerbitzu digitalak, e. a.
Honela, osasun sistema publikoan lekua hartuta zuen botere korporatiboa hazi eta hedatu egiten da edozein arlotako enpresekin. Horien negozio estrategia Osakidetzaren etengabeko pribatizazioa finkatu eta hazi ahala moldatuko da gehiago ala gutxiago. Ohikoa da zenbait osasun alor, osasun mentala, kardiopatiak, giltzurrunetako gaixotasunak, dialisia, erradiologia, kardiologia, onkologia eta abar. arlo sentikorrak izanik ere, ez egotea interes orokorraren eta osasun eskubidearen
defentsaren aterkipean zainduta. Aitzitik, horiek ere irabaziak maximizatzearen aldeko enpresa logikari lotuta ageri dira. Sustatzen den eredu publiko-pribatuak, oro har, zerbitzuen kalitate galera dakar, baita planifikazio eta aholkularitza dinamiketan enpresa pribatuen larregizko presentzia ere. Horrez gain, eredu honek lizitazioen arloan talde modura funtzionatzea dakar, datuen eskuratze pribatua, eta bereziki lan gatazken areagotzea, enpresen helburua beti baita haien etekinak ahalik eta gehien handitzea. Pribatizatutako enplegu publikoa aipatu beharreko beste zutabea da, soldata publikodun mediku izanda osasungintza pribatuan ere lan egiten duten medikuena. Gaur egun Osakidetzako 1.059 osagile dira bateragarritasuna aitortua dutenak, jokabide hau sustatu egin da, bai esklusibotasun pizgarriak ezabatuta, bai gaiari jarraipenik bat ere ez egitearen poderioz. Inbertsio publikoaren gelditzearen eta esternalizazioen gorakadaren beste aldean aseguru pribatuen kopuruaren zein gastu bolumenaren hazkundea dago. Beti ere, aseguru pribatua egin ahal dutenen artean. EAEn nolabaiteko osasun aseguru pribatua duten pertsonak 525.000 baino gehiago dira, 2023ko datuen arabera. Prima bezala egiten den gastu osoa, urte horretan, ia 400 milioi eurokoa da, 30 urtean laukoiztu egin da kopuru hori. Eta zer esan ate birakarien inguruan, jokabide hau guztiz ohikoa da euskal osasun sisteman.
Hainbestean ze, Osasun Saileko sailburu eta sailburuordeetatik asko, batez ere Eusko Alderdi Jeltzailera lotuak, igarotzen baitira euskal osasun arloko botere korporatiboko zuzendaritza ardurak hartzera, Keralty, Quiron eta IMQ-n besteak beste. Talde hauek osasun sistema publikoa pribatizatzea internazionalizatzen dabiltza herrialde ezberdinetan, batez ere Hegoalde globalean. Honegatik guztiagatik, Euskak Herriak Kapitalari Plantok gure txostena irakurtzera gonbidatzen zaituztegu eta honakoa exijitzen du:
• Osasun arloan inbertsio publikoa modu nabarmenean handitzea.
• Esternalizazioei muga jartzea epe ertainera begira.
• Osasungintza publikoko langileriaren lan eta soldata egonkortasuna hobetzea.
• Enplegu publiko eta pribatuaren arteko bateragarritasuna zerbitzuburuei kentzea.
• Ate birakariak ekiditzea, interesen arteko talkak zorrotz kontrolatuta.
• Maila guztietako lege aldaketak sustatzea, gaur egungo harrapaketa korporatiboa gelditzeko
eta osasun sistemaren jabetza, kontrola eta kudeaketa oinarri-oinarrian publikoa izatea
babesteko.
OSAKIDETZAREN PRIBATIZAZIOARI EZ