Bidalketak

Patriarkatua eta heteronorma, eraikuntza zientifikoaren baldintzatzaile gisa

Zientzia aniztasuna zientzia hobea da izenburuarekin, pasaden martxoak 11an Lydia Gil-ek, dibulgatzaile zientifiko eta dokumentalistak, saio bat dinamizatu zuen; eta, bertan, gogoeta eginarazi zigun, zientzia arloan pertsonei buruz proiektatzen zaigun irudia berrikusteak duen garrantzian.

Zientzialari izatea oso lanbide baloratua da. Izan ere, Espainiako estatuan, lanbide horren balorazioa mediku izatearen atzetik baino ez dago. Baina, zer irudi datorkigu burura pertsona zientifiko bat irudikatzen dugunean? Galdera hori ehun bat umeri egin zieten, eta marrazteko eskatu zieten. Emaitza gizon bat izan zen, adinekoa, zuria, heterosexuala eta “friki” itxura zuena.

Hori da zientzialarien gizarteak dituen erreferenteen isla. Lydiak esan zigun, adibidez, testu-liburuetan %7,5 baino ez direla emakumeak; wikipedian 10 biografiatik 2 baino ez direla emakumeenak; edo 5 iritzi-zutabetik 1 baino ez duela emakume batek sinatzen. Zifra horiek are txikiagoak dira esparru zientifikoan.

Non daude zientzian askotariko sexualitateak eta identitateak dituzten pertsonak? Nola baldintzatzen ditu beren genero-identitatea eta sexualitatea lan zientifikoan? Zientzialariak askotarikoak dira: emakumeak, gazteak, pertsona arrazializatuak, LGTBI kolektibokoak, etab. Baina ikusezin bihurtzen dira, edo ezaugarri horietako batengatik nabarmentzen dira, beren lan zientifikoagatik nabarmendu beharrean. Ez da harritzekoa “emakume batek lehen aldiz irabazi du matematikako Nobel saria” edo “matematikaren sari noblea irabazi zuen errefuxiatua” bezalako izenburuak irakurtzea.

Garrantzitsua eta beharrezkoa da ikusaraztea zientzia anitza dela; hau da, pertsona zientifikoak askotarikoak direla; izan ere, Lydiak esan zuen bezala, neskak ezin dira ikusten ez dutena bihurtu. Ezinbestekoa da hainbat erreferente sortzea, eta zeregin horretan energia jarri behar dugu. Genero-estereotipo inplizituak eta heteronormaren inertzia haustea oraindik oztopo asko dauden bi bide dira.

Genero estereotipoak zientzian eta teknologian

Egin dezagun zintzotasun ariketa bat, zer da burura datorkigun lehenengo gauza matematikari edo zientzialari bati buruz ari garenean? Galdera hori bera egin zieten haurrei bi garaitan, zientziaren eta teknologiaren munduan aritzen diren pertsonei buruz zuten ideia marrazki batean isla zezaten. Bigarren azterlanean emaitzak positiboagoak izan arren, bi kasuetan, marrazkietan protagonista ziren emakume kopurua handiagoa zen 6 urtetik beherako umeek marrazten zituztenean, eta gehienetan neskak ziren marrazki horiek egiten zituztenak. Aipatzekoa da marrazki gehienetan, gizonezkoak izateaz aparte, protagonistak zuriak zirela, bata zuriak janzten zituztela eta betaurrekoak eramaten zituztela.

Urtez urte esaten ari garen bezala, genero-estereotipoen ondorioz uzten diote neskatoek txiki-txikitatik zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa izateari. 2015ean egindako ikerketa batean,  bi estereotipo mota bereizi ziren: esplizituak eta inplizituak. Esplizituak pertzepzio eta sinesmen kontzienteekin lotuta daude; inplizituak, berriz, sakonagoak dira, inkontzienteak, baina ahaltsuak jokabidean duten eraginean. Bigarren horiek dira desagerrarazteko okerrenak, ez ditugulako aitortzen; ez zaigu gustatzen seinala gaitzaten; interpelazioak min ematen digu, eta horrek pertsonarengan aldaketa saihesten du.

Marta Machok emakumeak mundu zientifikoan gizonen baldintza berdinetan egotearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, emakumerik gabe errealitatearen zati handi bat galdu egiten da, eta pertsonen bizitzak eta osasunak okerrera egiten du. Hori gertatzen da ibilgailuak fabrikatzeko prototipoetan edo medikuntzan pertsona estandarraren irudia 80 kg-ko gizona delako. Eredu horrek, jendartearen isla faltsua denez, ondorio negatiboak ditu horrelakoak ez diren pertsonentzat. Horregatik, garrantzitsua da estereotipoak ez elikatzea eta horiek haurtzarotik desagerraraztea, ez sinetsaraztea, adibidez, mutikoak naturaz bikainak direla eta, langileak izanik bakarrik, neskatoek ere gauza bera lortu ahal izango dutela, Harry Potterren saga ezagunean, Harry eta Hermioneren pertsonaiekin ikusten den bezala.

Saioan parte-hartzeko aukera izan ez bazenuten, hemen duzue ikusgai.

Estereotipo inplizituak eta genero-desberdintasun iraunkorrak arlo zientifiko-teknologikoan

Heltzear daude unibertsitatera sartzeko azterketak eta, honekin batera, segur aski ikasle asko hautatuko duten graduari eta lan-eremuari buruz hausnartzen ari dira. Zenbateraino da aukeraketa hau bokazioa edo bizi garen gizartearen presioa? Zaila da bai neskek zein mutilek askatasunez aukeratzea, neskak letren arlora eta mutilak arlo zientifiko-teknologikora bultzatzen dituzten estereotipoz betetako testuinguru honetan. Banaketa orokortu hau ez al da iraganeko kontua? Gustatuko litzaiguke…

Alde batetik zenbait diziplinatan dagoen emakume faltagatik, bestetik, daudenei eta aurretik izan direnei eman zaien agerikotasun eskasagatik, automatikoki gizonak erlazionatzen dira zientziarekin. Estereotipo inplizitu hauek arlo zientifiko-teknologikoan ematen diren desberdintasunak eta diskriminazioak jarraitzea errazten dute. Hausnarketa kolektiboan eta parte-hartzean oinarritutako saio honetan, Marta Macho, UPV/EHU-ko irakaslea eta Mujeres con Ciencia blogaren dibulgatzaile zientifikoa izango dugu. Animatuko zara?

Saio presentzialak berreskuratu ahal izan arte, saioa bideokonferentziaz egingo da, Jitsi plataformaren bidez. Zure plaza erreserbatzeko (plaza mugatuak daude) eta saio honetaz gozatzeko informazioa jasotzeko, idatz iezaguzu hezkuntza (arroba) euskadi.isf.es helbidera. Animatu eta sarretatik ikusiko dugu elkar (modu seguruan)!

Saioa: Estereotipo inplizituak eta genero-desberdintasun iraunkorrak arlo zientifiko-teknologikoan

Hizlaria: Marta Macho

Data: 2020ko maiatzaren 28an, osteguna

Ordua: 18:00-20:00 (GMT + 2)

Tokia: Jitsi (posta bitartez jakinaraziko dizugu, aldez aurretiko izen ematea)

Hizkuntza: Gaztelania