Bidalketak

Eraldaketa sozialerako hezkuntza

Leire Jauregik, garapena, lankidetza eta giza garapenerako teknologiak mintegiko ikasleak, idatzi du artikulu hau.

Batzuetan ain errotuta daukagun sistema honen funtzionamendua zalantzan jartzea gogorra izaten da. Oraingo honetan konkretuko edukazioaren arloa aztertuko dugu Amaia del Rio hizlariarekin, Hegoako ekipoaren parte dena.

Gure heziketa hasten den momentutik bete beharko ditugun urratsak oso argiak dira: asko ikasi ezazu eta honela kalifikazio onak lortuko dituzu, ondoren lanpostu on bat eduki ahal izateko (posible bada zure gustukoa) eta diru mordoa irabazteko. Honela zure bizitza guztiz osatuta egongo da. Eta honetarako ez baduzu balio… zorte on.

Heziketa eredu hau ikastoletan baita unibertsitateetan erabiltzen da, eta aurrerapenak eta indibidualismoa karakteristika nagusitzat dituen modernitate kapitalistaren parte da, honek aldi berean gizakien arteko desberdintasunak handitzen dituelarik.

Aurrerapena oso lotuta dago garapenari, eta, zer ote da garapena? Hazteko eta hedatzeko joera. Honek kapitalaren handipen bat ekartzen badu ere ondorio txarrak ekartzen ditu, ala nola gizakion arteko desberdintasunak handitzea edo naturarekiko duen inpaktu izugarria.

Gaur egun ematen diren krisietan baita jarri genuen arreta. Krisi soziala, emakumeak eta borroka feminista jarriz protagonista nagusitzat, krisi klimatikoa, krisi ekonomikoa, krisi politikoa, non bizi garen sistema “intentsitate baxuko demokrazia” bezala deitzen dugun, krisi kulturala, honetan kontsumismora eramaten gaituen estruktura soziala aztertzen dugu, eta azkenik krisi zientifikoa, non duda mudetan jartzen den zientzia a-politikoa dela, eta okzidenteko herrialdeen garrantzia arlo honetan.

Hitz gutxitan, zaila baldin bada hau guztia zalantzan jartzea are gehiago izango da aldatzea. Argi dagoena da ez dela epe laburreko gauza eta menderatzailearen kontra ibili behar diren pausuak oraindik ez daude zehaztuta. Eta nola ez, bide hau ibiltzen dugun bitartean beste pertsona eta herrialdeen jakituriatik ikasi.

Memoria zabaldu gure arrazakeriaren erroekin topo egiteko

Aktibisten Eskolako azken saioan komentatu genuen hizkuntzak errealitateak eratzen dituela, haren baitan “normalizatzen, inbisibilizatzen eta ideologia transmititzen dela”. Baina ez dezagun ahaztu erlazioa noranzko bikoa dela: errealitateak ere hizkuntza eratzen du. Ikuspuntu horretatik hasi genuen “Hizkuntza (feminista) ez-arrazista baten alde” tailerra. Zeintzuk dira gure arrazakeriari zergatia ematen dioten errealitateak? Nondik dator eta nola izan du eragina gure komunikatzeko eran? Gure historia kolektiboko zein unetan errotu ziren egungo iruditegian ezaugarri den arrazakeriaren egiturak? Begira dezagun iraganera momentu batez….

Gure haurtzaroarekin lotura zuzen bat eginez, Gladys Giraldo saioaren bideratzaileak Cola-Cao-ren abestia kantatzera animatzen gaitu. Ipar Globalean hazi garenok oso argi dugu zein den, taldean dauden latinoamerikarren harridurarako. Kolonialismoaren ondarea hor dugu, gure oroitzapenetan dago, gaur egunean eta bertan gauzatzen da. Gure baitan dagoen arrazakeria deseraikitzearen bidaia honen hasieran, gaur garena eta dugunaren eta historiaren arteko erlazioak ezartzea garrantzitsua da. Hori dela eta, gure memoria tenkatzen jarraituko dugu.  

Gure kaleetan seinale ugari ditugu. Gasteizen adibidez, Zulueta Jauregia orain dela gutxiko historian pertsonen trafikatzaileetan handiena izan zen Julian Zulueta “Kubako azken beltz-tratularia”-k metatu zuen ondarearen adierazgarri da. Zuluetak, Kubako zein espainiar estatuko erakundeetan goi-karguduna izandakoak, 2000 pertsonatik gora erroldatuta izan zituen esklabo moduan. Gutako zenbat geratu gara eraikuntza horren edertasun arkitektonikoarekin liluratuta? Gutako zenbatek aztertu dugu ondare horren jatorria? Kolonialismoa ez dago gutaz gain, gizartean ditugun pribilegioak erakustarazten eta azalarazten dizkigu. Berriro ere, gonbita luzatzen digu gure memoria tenkatzen jarraitzeko gure lengoaia, komunikazio eta memoriaren erroak zertzeladaka aztertzen hasi garen honetan arrazakeriarekin alderatzeko.

El Salvadorko landa-eremuetako testuinguruetan urak duen irisgarritasunera begirada feminista

Eva Perez-Pons gure kidearen artikulua partekatzen dizuegu

Emakumeak eta ura elkarri lotutako bi kontzeptu dira; gaur egun oraindik, emakumeak dira lan erreproduktiboaz arduratzen lehenak mundu mailan. Aitzitik, ura lortzeko dugun eskuragarritasuna ez da berbera Iparralde eta Hegoalde Globalei erreparatzen badiegu. Era berean, aipaturiko eskuragarritasuna ez da berbera landa-eremuetan edota hiriguneetan.

Uda honetan, uraren eta genero-arrakalaren inguruko hainbat saio eta tailerretan parte-hartzeko aukera izan dugu, zeinetan El Salvadorko landa-eremuetako emakumeen egoeraz hausnartzeaz gain, egoera horiei aurre egiteko estrategiak (bir)pentsatzeko aukera izan dugun. Saio horietako bat Julia Evelyn ekonomialari feministak eskaini zuen El Salvadorko Santa Marta komunitatean. Saio horretan, El Salvadorko jendartearen testuingurua aztertzeko, izeberg-aren beheko zatian (ikusten ez dena) zentratu ginen: zaintza lanetan. Hori aztertu ezean, ezein analisi geratzen baita erdixka. Zaintza lanek bizitzako etapa guztietan (jaio garenetik hil egiten garen arte) daude presente. Ekonomia feministak etapa horiek guztiak duintasunez bizitzea aldarrikatzen du. Hau da, beharrizan fisiologikoak (arnasketa, elikadura egokia, kalitatezko ura edatea, sexualitate segurua…) eta segurtasunezkoak (habitat segurua, afektibitatea, sozializazioa eta hezkuntza, konfiantza…) bermatu daitezela.

Aurretiaz esan dugunez, beharrizan fisiologikoek eta segurtasunezkoek zaintza lanen beharra dute. Hala nola, autozaintza, dependenteak diren pertsonen zaintza eta zaintza kolektiboa. Ahaztu barik, zaintzailearen zaintza. Zaintza lan horiek era egokian aurrera eramateko hiru baldintza bete behar direla aldarrikatzen du Evelynek: ziklo naturalen jarraikortasuna (uraren zikloa, oxigenoa, landareak…), baliabideak (denbora, ezagutzak – nola zaindu behar bereziak dituen pertsona bat – eta azpiegiturak – ura, argia…) eta zaintzaren etika (zaintzaren gaineko kontzientzia indibidual eta kolektiboa). Horiek barik, hau da, bizitza aurrera eramateko behar den espazioa ahul badago, bizitzaren jasangarritasuna kolokan jartzen da.

Artikulu honetan uraren irisgarritasunean jarriko dugu begirada, aztertzeko nola eragiten dien horrek Hegoalde Globaleko landa-eremuko emakume eta neskatoei. 2017ko El Salvadorko edateko uraren irisgarritasuna aztertuz gero, ikus daiteke nola dauden alde nabariak landa-eremuen eta hiriguneen artean. Hoditeria bidez ura etxeetara eskuragarri zituzten biztanleen guztizkoa % 88,3koa zen, baina horietako %95,5a hirigunean bizi zen eta % 6,5a landa-eremuan. Putzutik eskuratzen zutenak, aldiz, guztizkoaren % 6,2a zen, horietako % 11,7 landa-eremuan bizi zen eta % 2,9a hirigunean. Hala ere, edateko uraren kalitatea ez da bermatzen. El Salvadorko estatuak uraren gainean duen kudeaketa eta legedi txarraren ondorioz, ura enpresa pribatuen esku dago eta ez da tratatzen. Gaur egun, uraren % 90a inguru dago kutsaturik eta tratamenduari dagokionez, 2017an herritarren % 12,8ak soilik egiten zion urari nolabaiteko tratamenduren bat (ura irakitzen jarri, iragazki batetik pasarazi, kloratu… ), horietako % 11,3a hirigunean bizi zen eta % 15,5 a landa-eremuan. % 70,3ak ez zion urari inolako tratamendurik egiten (% 64,7a hirigunean eta % 88,4 landa-eremuan bizi zen), eta % 16,9ak ura botiletan erosten zuen, % 4,1a landa-eremuko biztanleria izanik eta % 24a hirigunekoa (DYGESTIC, 2017). Arazo horiei gehitu behar zaie klima-aldaketaren eta deforestazioaren ondorioz estres hidrikoa areagotu egin dela.

Uraren gabeziak zuzenean eragiten dute emakumeen egunerokotasunean eta bizitzetan, haiek baitira etxeko lan erreproduktiboaz arduratzen direnak, eta ondorioz, ura eskuratzeaz arduratzen direnak. Izan ere, edozertarako da beharrezkoa ura: arropa garbitzeko, harrikoa egiteko, janaria prestatzeko, etxea eta norbera garbitzeko, edateko… Uraren irisgarritasuna ziurtatzen duen azpiegiturarik egon ezean, emakumeek eta neskatoek ekarri behar dute ura ibaitik edota putzutik, edo etxeko lanak bertan egin. Guzti horrek osasunean, hezkuntzan eta beste espazio kolektiboetako parte-hartzean eragin zuzena du, bai eta emakumeen segurtasunean. Era berean, ur faltak zuzenean duenez eragina emakumeengan, haiek dira pribatizazioak mehatxu egiten dienean borrokak burutzen dituztenak.

Landa-eremuetan eguzki-energia bidezko ur-sistema isolatuak jartzen hasiak dira egoera horri aurre egiteko. Ikustekoa da nola uraren horniketa egiteko azpiegitura jartzen denean gizonak inplikatzen diren, baina formulak prekarioak direnean, emakumeen gain erortzen den zama osoa.

Bestalde, sistema isolatuek kudeaketa egokia behar dute instalazioa egin ondoren biziraun dezaten; hau da, komunitateak sistemak ekar ditzaken arazoei aurre egiteko. Hori dela eta, garrantzitsua da herritarrak prozesuan inplikatzea eta sistema osoaren funtzionamendua ulertzea. Sistema hauek pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko prestaturik daude, etxeko beharrizanei aurre egiteko. Animaliak elikatzeko, landak ureztatzeko, ibilgailuak garbitzeko… erabiliz gero ura, sistemek ezin dute eskaria asetu ura eta sistema mugatuak direlako eta etxebizitza asko oinarrizko beharrizanak asetzeko ur barik geratzen dira. Bestelako aktibitateentzako ura lortzeko alternatibak sustatu beharra dago, esaterako, euri-ura pilatzea edo erabilitakoa birziklatzea.

Testu honen hasieran, ekonomia feministaren aldarrikapenetako bat bizitzako etapa guztiak duintasunez bizitzea dela aipatu da. Sistema isolatuek erraztu egiten dute beharrizan fisiologikoak eta segurtasunezkoak betetzeko behar diren baldintzak, baina instalazioa egitearekin ez da nahiko. Emakumeak kontziente dira egunero egiten diren esfortzuaz eta nolako eragina duen haiengan. Egoerari aurre egiteko beharrezkoa da lanketak gizonekin egitea eta zaintza lanetan inplikatzea, ostera, emakumeen gaineko lan karga bikoiztu, edo kasurik okerrenean, hirukoiztu egin daiteke.

Intersekzionalitatea parte-hartze sozialaren tresna gisa

Herrietako parte-hartze prozesuak nola gertatzen diren aztertu nahi badugu, haien atzetik dauden praktika eta arau guztiak gainbegiratu behar dira. Arreta jarri beharko zaie bazterketa iturriei, ikertu beharko da haien artean nola eragiten dioten elkarri eta pribilegioak hauteman beharko dira ez dauden errealitateak identifikatzeko. Zentzu honetan, intersekzionalitateak eskaintzen digun markoak ahalbidetzen digu zeharkatzen gaituzten zapalkuntza/pribilegio ardatz ezberdinak eta haien artean nola erlazionatzen diren ikusaraztea. Zigortua eta ahaztua dagoen aniztasunaren gain jarri nahi dugu begirada. Guzti hori dela eta, hurrengo Aktibisten Eskola erabiliko dugu ikuspuntu intersekzionalean eta praxis kritikorako duen potentzionalitatearen inguruan sakontzeko.

Jone Martinez-Palacios feminista eta Parte Hartuz-eko ikertzailearen eskutik berrikusiko dugu in-korporatutako dimentsioak nola lan egiten duen intersekzionalitateaz ari garenean. Zer esaten digu gorputzak? Nola jokatzen dugu parekoekin? Nola ezberdinekin? Gure eguneroko praktika sozialen atzetik lan egiten duten logikei buruz taldean hausnartu nahi baduzu, hurrengo ekainaren 27ko -osteguna- saiora gonbidatzen zaitugu. Parte hartu nahi izanez gero, bidal iezaguzu mezu elektronikora hezkuntza@euskadi.isf.es helbidera, idatzi izenburuan AKTIBISTEN ESKOLA eta esaiguzu parte hartu nahi duzula eta zein motibazio dituzun. Bertaratu ahal izateko, ez da beharrezkoa Aktibisten Eskolaren aurreko saioetara etorrita egotea. Zain izango gaituzu!

Data: ekainak 27, osteguna.

Ordua: 17:00-19:00

Tokia: Bilboko Ingeniaritza Eskola, P1G1 gela

Hezkuntza askatzailerako bideak igarotzen

Aurreko Aktibisten Eskolan Hezkuntza Askatzaileari buruz hausnartu genuen begirada feminista batetik. Gema Celorioren eskutik, Hegoako Hezkuntza Teknikoa, bere potentzial osoa ulertzeko hainbat gako aurkitu genituen. Lehenengo urratsa fokua pertsonaren gainean jartzean datza, pausu hori ezinbestekoa da izaera askatzailea izan nahi duen edozein hezkuntza-prozesu egin nahi bada. Gure ikaskuntza prozesuetan subjektu aktiboak garela aitortzea, mobilizazio soziala sortzeko moduko subjektu kritikoak eraikitzeko moduak aztertzea. Soilik puntu horretatik marraztu ahal izango ditugu eraldaketarako aukerak.

Proposamen horrek pentsamendu hegemonikoa osatzen duten elementuak deseraikitzeko erronkak jartzen dizkigu halabeharrez. Pertsonen eta herrien hondamendia dakarren testuinguru neoliberalean, kendu zigutena berreskuratzea geratzen zaigu soilik. Lekuz aldatzea bizitzaren jasangarritasunaren aldeko ikuspegiak geureganatzeko. Zergaitik onartu beharko genuke krisi finantziarioa guztiaren zentrua dela? Zergaitik ez dugu ikuspegia aldatzen zaintzen krisia ardatz kontsideratu ahal izateko?

Ibilbide honetan etapa berri bat agertzen da: beste epistemologiekin kontaktua, beste feminismoekin. Aukera paregabea errealitate desberdinak eta zeharkatzen gaituzten beste zapalkuntza batzuk ezagutzeko. Topaketa honek proiektu askatzaileak sortzeko desikasi behar duguna jartzen digu parez-pare. Garrantzitsua da mahai gainean jartzea gure interesen joera, Donna Haraway-ren gonbidapena onartu eta ikusaraztea denok abiatzen garela jada kokapen zehatza duen ezagutza batetik, errealitatearen interpretazio bakarra existitzen ez dela aldarrikatzeko.

Eta horrela, bidea egiten jarraitu, alda daitezkeen arrakala berriak ezagutzen. Trantsizioan bizitza osoan egongo gara. Baina hura aipatzean, geureganatu nahi dugu jada murgilduta gauden aldaketa prozesua.