Bidalketak

Ikasleekin topaketa: Gizarte eraldaketarako GRALen esperientziak partekatzen

Zure Gradu Amaierako Lana lankidetza, jasangarritasun edota justizia sozialaren arloan garatu duzu? Nahiko zenuke zure esperientzia beste ikasle batzuekin partekatu? Horrela bada, Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik zure interesekoa izan daitekeen proposamen bat daukagu. Hurrengo astelehenean, ekainaren 10ean, 17:00etan Bilboko Ingeniaritza Eskolan (P1G1a gelan) gizarte eraldaketarako Gradu Amaierako Lanak edo Master Amaierako Lanak egin dituzten ikasleekin topaketa izango dugu.


Espazio-taller honetan, diziplina desberdinetako ikasleek partekatu ahal izango dituzte, dinamika parte hartzaileak erabiliz, haien prozesuan izan zituzten motibazioak, bizipen adierazgarrienak eta GRAL/MAL-ean lortu zituzten emaitzak. Parte hartu nahi baduzu, bidal iezaguzu posta elektroniko bat hezkuntza@euskadi.isf.es helbide elektronikora, gaian IKASLEEKIN TOPAKETA idatziz, eta parte hartzeko motibazioak adieraziz.


Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik uste dugu Gradu eta Master Amaierako Lanak gizarte eraldaketarako tresna izan daitezkeela. Urteak daramatzagu Giza Garapenerako Teknologiak ardatz dituzten ikerketei jarraipena egiten, lankidetza eta jasangarritasun arloetan. Ikasleei zuzendutako espazio hau zabaldu dugu interesatzen zaigulako beste arlo batzuetan egiten diren lanak ezagutzea, eta horrela, ikaspen bateratuak eraiki, esperientziari ahalik eta onurarik handiena ateratzeko.

GrALa garapenerako lankidetzan egiteko ilusioa

Ia pasatu dira ia 2 urte Sergiok bere GrALa garapenerako lankidetzan egiteko erronka hartu zuela. Garai hartan ilusioz erantzun zigun orain gure blogean berreskuratzen dugun elkarrizketan:

Zergatik lankidetza arloko GrALa?

Graduko 4. maila hastean Gradu Amaierako Lana (GrAL) zeri buruz egitea aukeratu behar nuen. Irakasleek proposatzen zituzten proiektuek ez ninduten gehiegi motibatzen eta, gainera, giza garapenerako lankidetza arloan zerbait egiteko ideia nuen. Izan ere, duela hiru urte Ghanan egon nintzen umezurztegi batean eta antzeko esperientzia errepikatu nahi nuen. GrALa gustora egin nahi nuen, zerbait aurrera eramateko balioko lukeena eta ez gradua amaitzeko tramite huts bat bakarrik. Horregatik, Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkartearekin harremanetan jarri nintzen eta egun eskuetan daukadan proiektua lortu genuen.

Zertan datza zure GrALak?

El Salvadorreko Asociación Comunitaria Unida por el Agua y la Agricultura (ACUA) elkarteak proposatutako Conacaste kantoiaren komunitate batzuetarako ur-hornidura sistema bat diseinatuko dut. Lana Bilbotik aurrera eramateko, gaiari buruzko informazioa eta beharrezko datuak partekatu dizkidate eta sistemaren eskema egiten hasi naiz. El Salvadorrera heltzerakoan, egindako eskema osatuko dut bertan dituzten datu zehatzagoak erabiliz eta GrALa egingo dut: kalkuluak egin, ondorioak atera, alternatiba aukeratu, etab. eta lan osoa idatzi.

Zer espero duzu bertan egingo duzun egonalditik?

Ekainean El Salvadorrera joango naiz hilabete eta erdiko egonaldia egitera. San Salvador hiriburuan egongo naiz lo egiten eta egunero Zaragozara joango naiz ACUAn lan egitera. Noizbait komunitateetara gerturatuko garela uste dut proiektuaren errealitateaz jabetzeko: bertan bizi diren pertsonak eta euren bizimodua, gabeziak eta premiak ezagutzeko.

Bilbora umilago bueltatuko naizela uste dut. Esperientzia honek gure bizimodua erlatibizatzeko balioko dit eta guretzat normalak diren eskubide eta baliabideak beste leku batzuetan existitzen ez direla ikusiko dut, edo hauek lortzeko egin beharreko esfortzua zein den.

Egonaldi honekin giza garapenerako lankidetzan esperientzia bereganatu nahi dut: nola funtzionatzen duen, proiektuak aurrera eramateko trabak zeintzuk diren, langileak nola antolatzen diren, komunitateetako pertsonekin harremana nolakoa den, etab. Lankidetzan lan egiten jarraitzera motibatuko nauela uste dut.

Zure ustean, mota honetako GrAL bat zein neurritan izan daiteke eraldatzaile?

Nire GrALean proposatuko dudan ur-hornidura sistema aurrera eramango denik ere ez dakit. Hortaz, zuzenean batere eraldatzaile ez izatea suerta daiteke. Baina GrALa egiteko aitzakiarekin El Salvadorrera banoa, ACUA elkartearekin tailerretan parte hartzen badut, etorkizunean lankidetzan lan egiteko kontaktuak egin eta esperientzia bereganatzen badut eta nire egonaldian bizi izandakoa lagun eta ezagunekin partekatzen badut, eraldatzailea izango da neurri batean edo bestean.

GrAL hau egiteak etorkizunari begira zer ekarriko dizula uste duzu?

Alde batetik, GrAL bat egiteak industria ingeniaritza arloko proiektuak ezagutzea, prestatzea, idaztea eta aurrera eramatea du helburu, eta baita arazo edo gabezien aurrean konponbideak proposatzeko gaitasuna bereganatzea, ikasitako kontzeptuak, kalkulu tresnak eta metodologiak erabiliz. Beste alde batetik, ohiko GrAL bat beharrean garapenerako lankidetza arlokoa denez, nire lana proiektu handiago baten parte izango da. Horregatik, unibertsitatean aurkeztu behar dudanaz gain beste hainbat aspektu landuko ditut eta lankidetzako proiektu erreal baten egitura eta lan egiteko modua ikusi eta ikasiko ditut. Honek beste ikuspegi praktikoago bat emango didala espero dut, benetako proiektuetan ematen diren arazoak biziko ditudalako eta irtenbide eman beharko diedalako.

Partekatu nahi duzun beste ezer?

Ingeniaritzako graduan ikuspegi soziala falta da. Errentagarritasun ekonomikoa lantzen da baina proiektuen onura edo zergati sozialak ez dira aipatzen. Horregatik erabaki nuen Gradu Amaierako Lana giza garapenerako lankidetzan egitea: beste ikuspegia ere bereganatzeko, ez bakarrik unibertsitatean irakatsi diguten ikuspegi partziala.

Behin esperientzia pasata, Sergio, esperotakoa bizi izan zenuen ala ilusio hutsa izan zen? Animatuko zenituzke honelako esperientzia batera unibertsitateko ikasleak? Ia gure facebook-eko sarreran erantzuten digun.