Metodologia kuantitatiboa heteropatriarkala da? Teknika kualitatiboak hobeto egokitzen al dira giza errealitatea ulertzeko ikuspegi feministara? Kualitatiboak kuantitatiboarekiko hainbeste kalte egin duen pentsamendu dual horretan erorarazten gaitu?
Galdera eta ideia hauekin hasi zen Marta Luxan, EHUko irakaslea eta Ikasketa Feminista eta Generoko Masterreko Batzorde Akademikoko kidea, ikerketa teknika kuantitatiboetan ikuspegi feministak sartzeari buruzko gogeta praktiko eta teorikorako saioan.
Metodologia kuantitatiboaz eta ikerketa feministaz hitz egitea ez da kontraesana. Metodolagiak nahi bezala erabil ditzakegu, bakoirtzak bere mugak ditu, baina bata edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi posizio batetik edo bestetik hitz egiten dugunik. Teknikak berak ez du ikuspegirik, hoen erabilera da begirada feminista barneratuko duena edo ez. Beraz, bi metodologiak behar ditugu, bai datu kualitatiboak baita kuantitatiboak ere, errealitatea ulertzeko.
hori bai, datu kuantitatiboek ikuspegi feminista edo, gutxienez, genero ikuspegia izan dezaten saia gaitezke. Datu kuantitatibo gehienak estatistika institutuek sortzen dituzte, administrazioekin harreman estua baitute, eta datu horiek erabiltzen dira politika publikoak egiteko. Horregatik, ezinbestekoa da ikuspegi feminista hori metodologia kuantitatiboan txertatzea, generoa sexura ez murrizteko.
Datuak ez dira loreak bezala jasotzen, galdetegi bat diseinatzeko moduak du eragina datu hauek jasotzean: elkarrizketa non egitea erabakitzen dugun, zergatik egiten dugun, zer kategoria eta definizio erabiltzen ditugun, zer beste aldagairekin gurutzatzen dugun generoa… Horrek guztiak eragin handia dauka datuak biltzerako orduan.
Halaber, garrantzia handiko beste kontu bat adierazleak dira. Oso garrantzitsua da genero adierazleak eraikitzea, desberdintasunen sorkuntza adierazten duten datuak modu errazean eta argi aurkezten laguntzen baitu. Adibidez, ezkonduta dauden emakumeei seme-alaba kopurua bakarrik galdetzen badiegu eta emakume ezkongabeei edo gizonei galdera hori egiteari uzten badiogu, 1991ra arte Espainako Estatuan gertatzen zen bezala, ez gara errealitatea jasotzen ari, eta datuak gizartean gertatzen ari denaren atzean kokatuko dira.
Errealitatea desitxuratzen duen beste adibide bat zainketa edo etxeko lanak populazio aktiboari buruzko inkestetan lan gisa ez agertzea da, edo emakume eta gizon artean bakarrik bereiztea, beste identitate batzuk ezagutu gabe.
Borobilduz, Martak hiru ideia nagusiri buruz gogoeta egitera gonbidatu gintuen. Lehenik eta behin, ikerketa metodologiak erabiltzen ditugunean, datuak bildu beharrean, sortzen ditugula konturatzea; beraz, teknika hautatu eta garatzeak eragin handia du produkzio honetan. Bestalde, ikuspegi feminista sartzea sexuaren arabera bereizitako informazioa jasotzetik haratago doala ohartzea. Azkenik, oso garrantzitsua da eragiketa estatistikoak sortu diren testuinguruan kokatzea.