Bidalketak

ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA GIZARTEA. Hegoa Institutuaren graduondoko ikasketetan buruturiko Giza Garapenerako Teknologien inguruko saioa

Askotan zientzia eta teknologia neutraltasun gune gisa eta ideologiarik gabekotzat aurkezten dira. Zeinbaterainokoa da Ipar eta Hego Globalen artean teknologiaren erabileraren aldea? Nola gauzatzen dute emakumeek eta gizonek teknologiaren erabilera eta kontrola?

Galdera hauek jorratzeko, Ingeniería Sin Fronteras – Mugarik Gabeko Ingeniaritza (ISF-MGI) erakundeak pasadan asteartean, urtarrilaren 15ean, Hegoa Institutuaren Garapena eta Nazioarteko Lankidetza eta Globalizazioa eta Garapena masterreko ikaslegoari zuzenduriko saio bat burutu zuen. Bertan zientzia eta teknologiak bizigarri diren bizitzak posible izateko duten eraginaren inguruko hausnarketa proposatu genuen.

Hamabost bat gazte hurbildu ziren ordu pare bat iraun zuen saiora, eta topaketa eta hizketa gune bat garatu genuen Giza Garapenerako Teknologien eginkizuna eta gure erakundeak zientzia eta teknologia bizitzaren zerbitzura jartzeko egiten duen lanaren inguruan eztabaidatuz.

Horrez gain, hausnarketen gehiengoak Giza Garapenerako Teknologietan perspektiba feminista txertatzearen eta honen zeharkakotasuna garatzearen garrantziari buruzkoak izan ziren, eta horretarako hiru dimentsioetan zehar (proiektuarena, kolektiboarena eta pertsonala) erakundean gauzatutako praktika feministen adibide ezberdinak erabili genituen.

Espazio oso aberasgarria izan zen eta espero dugu hausnarketa kritikorako eta ISF-MGI erakundean, praktiken bidez edota bolondres gisa, partehartzeko interesa piztu izana.

Uda Ikastaroa: Trantsizio energetikoa eta demokrazia

TRADENER proiektuan, Ekologistak Martxan eta UPV/EHUrekin batera antolaturiko ikastaroaren berri ematen dizuegu. Ekainaren 28 eta 29an izango da Bilbon, UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan.

Izen-ematea
Programa
Hizlariak
Lekua
Babesleak

 


Pobrezia energetikoa, generoa energia, energiaren bermunizipalizazioa, energia burujabetza, menpekotasuna, energia segurtasuna… Hauek dira azken aldian berrietan irakurri zein lagunekin eztabaiadatua aurki ditzakegun hitzak. Gaur egungo energia arloan aldaketak nabariak dira, eta honek problematika zein zalantza berriak sortzen dizkigu.

Zer esan nahi du pobrezia energetikoak? Zein da energia arloko langileen egoera? Zein motatako energia erabiltzen dugu gure egunerokotasunean? Ba al dugu alternatibarik? Zergatik gertatzen dira hainbat eskubide urraketa energia proiektu handien inguruan? Zenbat energia behar dugu ondo bizitzeko? Pentsa al dezakegu Euskal Herriko trantsizio energetiko batean, jasangarritasun, justizia sozial eta parte hartze prozesuen bitartez?

Ikastaro honekin galdera guzti hauei eta sortuko diren zalantza gehiagori ere erantzuna ematen saiatuko gara. Erantzun hauek bai akademiatik, bai herri mugimendu zein norbanakoengandik sortzea izango da helburua, denon arteko jakintza sortuz.

 


Helburuak:

  • Lan eta Energia eredua ezagutzea. Zeinentzako egiten dugu lan? Nola eta zein baldintzetan
  • Generoa eta energia. Falokrazia energetikotik ekofeminismoaren bidean.
  • Erregai fosilen ustiaketak sortzen dituen inpaktuak (ingurumen zein inpaktu sozialak) baloratu. Erregai hauen amaierak ekarriko dizkigun agertokiei buruz hausnartu.
  • Energia berriztagarrien mugak eta aukerak aztertu.
  • Eskala ezberdineko Trantsizio energetikoa bizi izan duten esperientziak ezagutu.
  • Energiaren kudeaketa udaletatik egitearen onurak, pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Generoa eta Pobrezia Energetikoa

Datorren azaroaren 16ean Iruñean “Herritarrak eta tokiko erakundeak pobrezia energetikoaren aurkako borrokan” izeneko jardunaldiak izango dira Iruñean, goizeko 9:00etatik aurrera Iruñeko ingurumen museoan.

Bertan, Esther Muñoz -ek (Mugarik Gabeko Ingeniaritzako) lankideak “Epaimahai sinbolikoa”. Kasu praktikoa: Pobrezia energetikoa Nafarroan”-i buruzko aurkezpena egingo du, eta ESF Catalunyako lagunak, Maria Campuzanok, “Genero desberdintasuna eta pobrezia energetikoa. Ahazturiko arrisku faktorea” izeneko aurkezpena egingo du.

Zer da pobrezia energetikoa? Pobreziatik beragandik bereiztu behar al dugu?
Nola eragiten die etxebizitza ahulenei?
Eta batez ere, nola lan egin dezakegu pobrezia mota horren eta sortarazten dituen ondorioen kontra?

Jardunaldiotan, hasierako puntu bezala pobrezia energetikoaren karakterizazioa landuko dugu Nafarroa mailan nahiz estatu mailan, baita askotan ahaztua den arrisku faktorea ere identifikatu ere: genero ikuspegia.

PROGRAMA

Nafarroa

ISF-MGI El Salvadorren martxan

Bisitez betetako astea igaro genuen El Salvadorren ISF-MGI-ko kideok urtarrilaren amaieran. ESF Catalunyako adiskideekin etorkizuneko erronkei buruzko solasarekin hasi, eta El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultateko (FIA/UES) dekanotzako eta ASEIAS ikasle elkarte antolatuko kideekin batzartu ginen. Bertan, UPV/EHUko OFICOParen babesarekin sustatu den unibertsitate-lankidetzaren esperientziatik guztiok jaso ditugun ikasbideei eta etorkizunari begira elkarlanean burutu ditzakegun ekintzei buruz mintzatu ginen.

Hiritik irten, eta arnasestuka dabilen Balsamo Mendilerrora jo genuen, bertako komunitate eta elkarte antolatuekin Ur eta Saneamendu Giza Eskubieen eta ingurumenaren defentsaren borrokan azken bi urte hauetan ACUA, ASAPS eta CORCULL erakundeekin daramangun ahalduntzen prozesuen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Uraren Giza Eskubidearen defendatzaile hauek elkarte moduan komunitate eta lurralde mailako antolamendurako beharrei aurre egiten ari dira trebakuntza prozesu ezberdinen bidez, beste hainbat erronken artean, estatuko beste hainbat elkarterekin batera Uren Lege Orokorra gauzatzeko beharraren aldarri nekaezinari eusteko adibidez. Uraren defentsaren eguneroko lan horretan emakumeek duten protagonismo aktiboaren (ez ikusizkoa oro har) lantze aldera oraintsu hasi da beraiei zuzendutako iturgintza trebakuntza. Prozesu hau eta ASAPS osatzen duten komunitateetako ur batzordeekin gauzatuko diren beste batzuk, ANDA estatuko uraren antolatzaile publikoaren landa-eremuko sistema eta komunitateentzako atentziorako gerentziarekin elkarlanean gauzatuko dira, ur edangarria bideratzen duten sistemen antolatzaile eta kudeatzaileentzako formakuntza integralerako gune berrian. Prozesu hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntzen deialdi ezberdinen bidez burutzea posible izan da.

 

San Jose Guadalupe komunitatera hurbilbuta 2015an hasi eta 2016 bukatu zen uraren hornidura-sistemaren eraikuntza proiektuaren lorpenak aurrez aurre ezagutu genituen. Aipatzekoa da ur sistema honen diseinua Garapenerako Lankidetzan oinarrituriko Gradu Amaierako Lan baten bidez gauzatzea lortu zela. Horrez gain, gaur egun martxan dagoen saneamendu proiektuaren aurrerapenei buruz komunitateko kideekin solasa izan genuen. Komunitate honetako proiektu berri honek ere Bilboko Udalaren garapenerako nazioarteko lankidetzarako diru-laguntzen deialdiaren bidez gauzatzeko aukera izan du.

 

Azken bisita honen ostean Radio Balsamoko kideek ISF-MGIko kide den Aitor Gomezi egindako elkarrizketaren berrian laburbiltzen den moduan “ura ezinbestekoa da bizitzarako, eta Balsamoko mendillerroaren kasuan, (…) beharrezko lana da honakoa bizirik irauteko, beste aukera batzuk izateko eta herritarren gaitasunak sendotzeko”. Berri horretan bertan Steve Magaña esatariak laburtzen duen moduan horretan jarraitzen dugu ISF-MGItik “Ura Giza Eskubidea den eskakizunaren bitartez komunitateko antolakuntza sendotuz”.

Erronka zahar-berriak ditugu eskuartean beraz. Denon artean, aurrera ba!

Generoa eta publizitatea

Nora Azkue, Olatz Jauregi eta Ainhoa Garciaren lana.*

SARRERA
Neska eta emakumeen bizitzek sekulako aldaketa izan du azken 25 urteetan. Gaur egun, historiako beste edozein momentutan baino neska eta emakume gehiago daude alfabetizatuak. Gainera, garapen prozesuan dauden herrialdeen herenean, neska gehiago daude eskoletan mutilak baino.

Honekin batera, orain, lan munduko indarraren %40 baino gehiago emakumeek osatzen dute. Gainera, munduko herrialde gehienetan, emakumeen bizi-itxaropena gizonezkoena baino luzeagoa da eta ikusi da aldaketak abiadura izugarri handian eman direla. Izan ere, herrialde txiroetan aldaketa horiek azkarrago eman dira berez garatuak dauden herrialdeetan baino. Adibidez, Marruekosek hamarkada bat behar izan du eskoletan nesken matrikulazioa handitu ahal izateko, Estatu Batuen aldean 40 urte behar izan zituela.

Hala ere, genero berdintasunaren garapeneko aspektu batzuk mugatuak izan dira, baita garatutako herrialdeetan ere bai. Neska eta emakume txiroak, leku urrunetan bizi direnak, ezintasunen bat pairatzen dutenak edo gutxiengo taldeetakoak direnak egoera txar batean jarraitzen dute. Haurtzaroan eta erreprodukzioa adinean dauden neska eta emakume hilen zenbatekoa oraindik gehiegizkoa da. Errenta ,produktibitatea eta beraien iritzia gizartean duen garrantzia edo botereari dagokionez, emakumeak atzean jarraitzen dute. Esparru batzuetan, hezkuntzan esaterako, gaur egun genero desberdintasunak emakumeen alde egiten du, mutil eta gizonezkoak alderdi honetan atzean geldituz.
Baina, nahiz eta hezkuntzan aurreratuagoak egon, argi geratu da beste esparru askotan neska eta emakumeen irudia berdina izaten jarraitzen duela eta honek era batean hauen zapalkuntza dakarrela.

Horregatik, guzti honengatik, aukeratu dugu iragarki batzuk aztertzea eta hauen inguruko hausnarketa egitea esan bezala ez delako bakarrik herrialde txiroetan ematen genero desberdintasuna, herrialde garatuetan ere, pil-pilean dabilen gaia da eta komunikazio-bideak dira hau gehienbat zabaltzen dutenak. Baina iragarkien hausnarketarekin sartu aurretik, hainbat gauza jakitea komenigarria da.

GARAPENA
‘Komunikabide guztiek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatuko dute, edozein diskriminazio mota ekidinaz’ Horrela esaten du gizon eta emakumeen berdintasun eraginkorrerako sortutako legearen 39.artikuluak. Baina hainbat eta hainbat adibide aurki ditzakegu arautegi hau betetzen ez dutenak.
Adibide hauen artean, oraindik ere serie eta programetan agertzen diren iragarki sexistak aipatu ditzakegu. Hauek, berdintasuna bultzatu beharrean emakumea etxearen arduradun bezala, seme alaben zaintzaren arduradun bezala edo objektu sexual gisara agertzen da.

Arazo honen jatorrietako bat berdintasunaren ardura komunikabideen esku uztea izan dela dio Espainiako kazetari Elkarteen Federazioko, Elsa Gonzaléz Presidentak. Izan ere, hauek onura ekonomiko bilatzen dutelako eta bereziki gizonak izaten direlako erabakiak hartzeko boterea izaten dutenak. ‘’Legedia zorrotza da eta funtzionatzen du, baina emakumea gizonaren menpeko den bigarren mailako pertsonaiatzat uzten duten iragarki asko ikusi daitezke gaur egun’ gaineratzen du Presidentak.

Gainera, Alejandro Peralesek, Komunikazio Erabiltzaileen Elkarteko presidenteak ere honi kritika egiten dio,. Publizitatearen lege orokorraren 3.artikuluaren arabera, emakumea modu iraingarrian uzten dituzten iragarkiak ilegalak direla esaten du, haien gorputza objektutzat erabiltzen delako edota hauen irudia jarrera estereotipatuekin lotzen dutelako.
2012.urtean, publizitatearen auto erregulazioaz arduratzen den Autocontrol organismoak, 19.789 iragarki errebisatu zituen eta sexismoarekin lotutako 19 iragarki behatu zituzten eta horietatik 13, ez emititzea erabaki zuten legearen aurka zeudelako jarrera estereotipatuak erabiltzeagatik edota emakumearen gorputzari emandako erabilera desegokia zelako.

Hau jakinik, honen inguruko hausnarketa egitera pasako gara eta horretarako, hiru iragarki erabiliko ditugu adibide gisa, emakumeak duen papera aztertuz eta desegokia edo matxista zergatik den azaltzen saiatuz.
IRAGARKIAK ETA HAUSNARKETA

  • Garbiketako produktuak: Skip, Ariel, Colon, Kalia etab.

Asko dira gaur egun telebistan agertzen diren garbiketako produktuak saltzen dituzten iragarkiak eta haietan guztietan emakumeak bakarrik ageri dira. Gizonek ez dute parte hartzen era honetako iragarkietan. Emakumeek bakarrik egin behar dituzte garbiketa lanak ala? Gizonek ez dakite garbitzen? Era honetako galderak bururatzen dira horrelako iragarkiak ikustean.

Iragarki hauek jarrera estereotipatuen isla dira, emakumea da seme alaben zaintzaz arduratzen dena, garbiketa lanak egiten dituena eta orokorrean etxearen inguruko zaintza guztiaz arduratzen dena eta gizonak soilik etxetik kanpo egiten du lan.

  • Haurrentzako jostailuak

Haurren jostailuetan ere publizitate sexista argi ikus dezakegu. Nesken irudiak agertzen dira garbiketa eta zaintza lanak simulatzen dituzten jostailuen kaxa eta publizitateetan, eta mutikoen argazkiak berriz eraikuntzako jostailutan. Hau ikusteko googlen “juguetes niñas” eta “juguetes niños” bilatzailean idatzi eta bakoitzerako azaltzen diren edozein irudi begira dezakegu.
Hona hemen adibideetako batzuk:

  • Emakumea irudi sexual gisa erabiltzen dituzten iragarkiak

Badira hainbat iragarki emakumearen gorputza edo irudia erabiltzen dutenak produkturen bat erakargarriagoa, sexy-agoa bilakatzeko edo sari moduan erabiltzeko eta hau saldu ahal izateko. Hau horrela izanik, emakumea objektu moduan tratatua izaten dela argi ikusten da.

Kanpaina askotan, janari bati bizitza eman zaio eta emakume itxura eta gorputzarekin azaldu izan da, adibidez; opil bat emakume gorputzarekin mutil baten poltsikoan gordea dago justu zakilaren ondoan eta emakume batek galdetzean dionean “Eta hori? Berak erantzuten du Ba… zerbait jateko gogoak sartzen bazaizkizu.”

Ez hori bakarrik, oso ezaguna den desodorante marka batek (AXE) ia beti, beti ez esateagatik, emakumea objektu sexuala moduan plasmatzen du. Berez, desodorante hori botata emakume guztiak bere atzetik egongo direlako berak nahi duena egin ahal izateko beraiekin …

ONDORIOAK

Hasteko ikusi dugu, gaur egungo iragarkietako arazo bat errespontsabilitatea komunikazio bideen esku uztea izan dela. Hauek bati-bat irabazi ekonomikoa bilatzen dutelako eta gainera aukeratzeko boterea dutenen artean gehiengoak gizonezkoak direlako. Hau horrela izanik, emakumeak pertsonai sekundario moduan azaltzen dira telebistan, objektuetan irudikatuak, gizartean duten rola markatuz, gizonen plazererako eginak etb.
Gainera, uste dugu, emakumea iraindu dezakeen edozein iragarki desagertu edo eraiki ez ahal izateko, hauen aurkako kritika gizartetik iritsi behar dela. Horretarako, berdintasunezko eta parekidetasunezko genero hezkuntza bat zabaldu beharrean gaudela pentsatzen dugu. Izan ere, iragarkietan azaltzen diren egoera edo irudi sexista gehienak, gizarteko ohitura sexistatik aterata daudelako, gehienbat jostailu eta elikadurari dagokionez.
Horregatik oso garrantzitsua eta ezinbestekoa iruditzen zaigu gizartean mentalitate aldaketa bat egotea, bakoitza bere inguruan ikusten dituen egoera sexistak salatuz eta denok batera borroka eginez berdintasunezko edo parekidetasunezko gizarte bat lortu ahal izateko.

*Lan hau donostiako VII Lankidetzara sarrera ikastaroaren barruan kokatzen da. Bertan ikasleak bukaeran lan bat aurkezteko aukera zuten behin ikastaroa amaitutakoan. Lan honek ikasle edo ikasleen iritziak erakusten ditu. ISF-MGIk ez du zertan hauekin ados egon behar.

Giza Garapenerako Lankidetzarako Sarrera

Aitziber Arizkurenek* idatzitako artikulua
Ikastaro honetarako izena eman nuenean ez nuen oso argi zer aurkituko nuen, izan ere, nik garapenerako lankidetzari buruz zer nekien? Hasi aurretik ideiaren bat nuen burutik, hala ere gutxi nekiela iruditzen zitzaidan baina ikastaroa bukatzean konturatu egin naiz uste nuena baino askoz gutxiago nekiela. Asko ikasi dut egun hauetan eta gehiago ikasteko gogoekin geratu naiz, jarduera bakoitzetik informazio gehiagoren egarriakin ateratzen nintzen ta era berean nire buruarekin pixkat haserre.

Izan ere, nik kooperazioaren ideia pixkat zaharkitua neukan. Guk nola lagundu dezakegu beste herrietan? Zer egin dezakegu haien bizimodua hobetzeko? Baina inola ere ez nuen planteatzen gure bizimodua ez dela helburu ideala eta hare gehiago gure bizimodu “onak” egiten duela haien bizimodua okerragoa izatea. Hau da, ez direla herrialde txiroak, txirotuak baizik.

Lankidetza2015

Hor hasten da Garapenerako Heziketaren papera. Ni konturatu naizen moduan nire inguruko jendea ere konturatzea, kontzientziatzea ta aktibatzea. Lankidetza ez dela hegoaldea laguntzea karitatez, hegoaldea ere gizarte aktibo bat dela konturatzea ta guztion lankidetzaren bitartez justizia sozialaren alde lan egitea baizik. Guk gure bizimoduarekin beste herrietako bidegabekeriak ahalbidetzen ditugula konturatzea eta horren aurrean neurriak hartzea.

Egunak pasa ahala geroz eta gehiago konturatzen nintzen gure sistema guztiz inperfektua zela ta gauza ugari aldatu behar genituela, ta gure sistema zela askotan munduaren beste parteetan zeuden bidegabekerien eragile nagusiena. Horregatik gure garapen eredua egokiena den planteatzeko momentua iritsi da. Mundu guztia gure garapen eredura bideragarria izango litzateke? Ez, izan ere, dagoeneko garapen eredua orain dagoen moduan egonda ere (herri aberatsak eta herri txirotuak, aurrekoak aberatsak izan ahal izateko) ez da bideragarria eta bidegabekeria da askorentzat.

Puntu honetara iristeko giza eskubide ugari urratu dira eta urratzen ari dira. Nola da posible, milioika pertsona gosez hiltzen diren mundu batean era berean janari tonak eta tonak botatzea? Zeinek uler dezake? Horrelako gauzak, barrenean denek dakigu baina horri aurre egin ordez, pasatzea uzten dugu. Bada garaia, elikaduraz negozio egin duten horiei aski dela esatea eta neurriak hartzen hastea.

Ta gauza bera gertatzen da energia eta uraren kasuarekin. Akaso ez da eskubide bat bizitza digno bat izateko beharrezkoak diren baliabide minimoak izatea? Noiz bihurtu dira negozio egiteko aukera paregabea? Harrigarria da mundu honetan boteredunei ahoa giza eskubidez betetzen zaien bitartean, oraindik egotea jendea ura eskuratu ahal izateko orduak ibili behar dituena eta kontuan hartu gabe guztiz edangarria den edo ez jakin gabe.

Galdera guzti hauek Generoaren gaian sartu gabe. Gai honetan nahiko kritikoa nintzela iruditzen zitzaidan ikastarora joan aurretik ta berriro ere beste mila galdera agertu zitzaizkidan eta zaizkit. Ikastaroan landu ziren beste gai guztien barne dagoela generoaren problematika ikusi nuen, izan ere bai iparraldean eta bai hegoaldean, bai gizartean bai ekonomian eta arlo guztietan ere generoaren arazoa dago. Izan ere, gizarte guztietan, munduaren parte ezberdinetan emakumeak eta gizonak badute bere rolla eta maila ezberdinetan bada ere roll horiek betetzearekin bidegabekeriak datoz bat.

Zenbat galdera ta zenbat erantzun gutxi. Hamaika galdera nituen ikastaroa hasi aurretik eta hamaika galdera ezberdin ditut ikastarotik atera eta gero. Galdera horiei erantzuna aurkitzeko informazioa bilatzean ziur beste hamaika agertuko direla eta horregatik ISF–MGI ri eskerrak eman nahi dizkiot. Milesker jarduera hauetan parte hartzeko aukera emateagatik eta informatzeko, galdegiteko eta pentsamendu kritikoa lantzeko aukera emateagatik. Esperientzia izugarria izan da. Galderei erantzunak aurkitzen diedan bitartean mundu hobeago bat lortzeko nire ekarpen txikitxoak egiten joango naiz eta horretara animatzen zaituztet!

Eskerrik asko ISF-MGI eta parte hartu duzuen guztiei!

*Lan hau donostiako VII Lankidetzara sarrera ikastaroaren barruan kokatzen da. Bertan ikasleak bukaeran lan bat aurkezteko aukera zuten behin ikastaroa amaitutakoan. Lan honek ikasle edo ikasleen iritziak erakusten ditu. ISF-MGIk ez du zertan hauekin ados egon behar.