Bidalketak

El Salvadorko landa-eremuetako testuinguruetan urak duen irisgarritasunera begirada feminista

Eva Perez-Pons gure kidearen artikulua partekatzen dizuegu

Emakumeak eta ura elkarri lotutako bi kontzeptu dira; gaur egun oraindik, emakumeak dira lan erreproduktiboaz arduratzen lehenak mundu mailan. Aitzitik, ura lortzeko dugun eskuragarritasuna ez da berbera Iparralde eta Hegoalde Globalei erreparatzen badiegu. Era berean, aipaturiko eskuragarritasuna ez da berbera landa-eremuetan edota hiriguneetan.

Uda honetan, uraren eta genero-arrakalaren inguruko hainbat saio eta tailerretan parte-hartzeko aukera izan dugu, zeinetan El Salvadorko landa-eremuetako emakumeen egoeraz hausnartzeaz gain, egoera horiei aurre egiteko estrategiak (bir)pentsatzeko aukera izan dugun. Saio horietako bat Julia Evelyn ekonomialari feministak eskaini zuen El Salvadorko Santa Marta komunitatean. Saio horretan, El Salvadorko jendartearen testuingurua aztertzeko, izeberg-aren beheko zatian (ikusten ez dena) zentratu ginen: zaintza lanetan. Hori aztertu ezean, ezein analisi geratzen baita erdixka. Zaintza lanek bizitzako etapa guztietan (jaio garenetik hil egiten garen arte) daude presente. Ekonomia feministak etapa horiek guztiak duintasunez bizitzea aldarrikatzen du. Hau da, beharrizan fisiologikoak (arnasketa, elikadura egokia, kalitatezko ura edatea, sexualitate segurua…) eta segurtasunezkoak (habitat segurua, afektibitatea, sozializazioa eta hezkuntza, konfiantza…) bermatu daitezela.

Aurretiaz esan dugunez, beharrizan fisiologikoek eta segurtasunezkoek zaintza lanen beharra dute. Hala nola, autozaintza, dependenteak diren pertsonen zaintza eta zaintza kolektiboa. Ahaztu barik, zaintzailearen zaintza. Zaintza lan horiek era egokian aurrera eramateko hiru baldintza bete behar direla aldarrikatzen du Evelynek: ziklo naturalen jarraikortasuna (uraren zikloa, oxigenoa, landareak…), baliabideak (denbora, ezagutzak – nola zaindu behar bereziak dituen pertsona bat – eta azpiegiturak – ura, argia…) eta zaintzaren etika (zaintzaren gaineko kontzientzia indibidual eta kolektiboa). Horiek barik, hau da, bizitza aurrera eramateko behar den espazioa ahul badago, bizitzaren jasangarritasuna kolokan jartzen da.

Artikulu honetan uraren irisgarritasunean jarriko dugu begirada, aztertzeko nola eragiten dien horrek Hegoalde Globaleko landa-eremuko emakume eta neskatoei. 2017ko El Salvadorko edateko uraren irisgarritasuna aztertuz gero, ikus daiteke nola dauden alde nabariak landa-eremuen eta hiriguneen artean. Hoditeria bidez ura etxeetara eskuragarri zituzten biztanleen guztizkoa % 88,3koa zen, baina horietako %95,5a hirigunean bizi zen eta % 6,5a landa-eremuan. Putzutik eskuratzen zutenak, aldiz, guztizkoaren % 6,2a zen, horietako % 11,7 landa-eremuan bizi zen eta % 2,9a hirigunean. Hala ere, edateko uraren kalitatea ez da bermatzen. El Salvadorko estatuak uraren gainean duen kudeaketa eta legedi txarraren ondorioz, ura enpresa pribatuen esku dago eta ez da tratatzen. Gaur egun, uraren % 90a inguru dago kutsaturik eta tratamenduari dagokionez, 2017an herritarren % 12,8ak soilik egiten zion urari nolabaiteko tratamenduren bat (ura irakitzen jarri, iragazki batetik pasarazi, kloratu… ), horietako % 11,3a hirigunean bizi zen eta % 15,5 a landa-eremuan. % 70,3ak ez zion urari inolako tratamendurik egiten (% 64,7a hirigunean eta % 88,4 landa-eremuan bizi zen), eta % 16,9ak ura botiletan erosten zuen, % 4,1a landa-eremuko biztanleria izanik eta % 24a hirigunekoa (DYGESTIC, 2017). Arazo horiei gehitu behar zaie klima-aldaketaren eta deforestazioaren ondorioz estres hidrikoa areagotu egin dela.

Uraren gabeziak zuzenean eragiten dute emakumeen egunerokotasunean eta bizitzetan, haiek baitira etxeko lan erreproduktiboaz arduratzen direnak, eta ondorioz, ura eskuratzeaz arduratzen direnak. Izan ere, edozertarako da beharrezkoa ura: arropa garbitzeko, harrikoa egiteko, janaria prestatzeko, etxea eta norbera garbitzeko, edateko… Uraren irisgarritasuna ziurtatzen duen azpiegiturarik egon ezean, emakumeek eta neskatoek ekarri behar dute ura ibaitik edota putzutik, edo etxeko lanak bertan egin. Guzti horrek osasunean, hezkuntzan eta beste espazio kolektiboetako parte-hartzean eragin zuzena du, bai eta emakumeen segurtasunean. Era berean, ur faltak zuzenean duenez eragina emakumeengan, haiek dira pribatizazioak mehatxu egiten dienean borrokak burutzen dituztenak.

Landa-eremuetan eguzki-energia bidezko ur-sistema isolatuak jartzen hasiak dira egoera horri aurre egiteko. Ikustekoa da nola uraren horniketa egiteko azpiegitura jartzen denean gizonak inplikatzen diren, baina formulak prekarioak direnean, emakumeen gain erortzen den zama osoa.

Bestalde, sistema isolatuek kudeaketa egokia behar dute instalazioa egin ondoren biziraun dezaten; hau da, komunitateak sistemak ekar ditzaken arazoei aurre egiteko. Hori dela eta, garrantzitsua da herritarrak prozesuan inplikatzea eta sistema osoaren funtzionamendua ulertzea. Sistema hauek pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko prestaturik daude, etxeko beharrizanei aurre egiteko. Animaliak elikatzeko, landak ureztatzeko, ibilgailuak garbitzeko… erabiliz gero ura, sistemek ezin dute eskaria asetu ura eta sistema mugatuak direlako eta etxebizitza asko oinarrizko beharrizanak asetzeko ur barik geratzen dira. Bestelako aktibitateentzako ura lortzeko alternatibak sustatu beharra dago, esaterako, euri-ura pilatzea edo erabilitakoa birziklatzea.

Testu honen hasieran, ekonomia feministaren aldarrikapenetako bat bizitzako etapa guztiak duintasunez bizitzea dela aipatu da. Sistema isolatuek erraztu egiten dute beharrizan fisiologikoak eta segurtasunezkoak betetzeko behar diren baldintzak, baina instalazioa egitearekin ez da nahiko. Emakumeak kontziente dira egunero egiten diren esfortzuaz eta nolako eragina duen haiengan. Egoerari aurre egiteko beharrezkoa da lanketak gizonekin egitea eta zaintza lanetan inplikatzea, ostera, emakumeen gaineko lan karga bikoiztu, edo kasurik okerrenean, hirukoiztu egin daiteke.

Bizkaian ere uraren kudeaketa publiko, sozial, demokratiko eta jasangarriaren alde

Uraren Nazioarteko Egunaren bezperan aurkeztu zen Bilbon dozenaka gizarte-eragile eta elkartek osatzen duten Ur Publikoa Plataforma, Bizkaian uraren ziklo integralaren kudeaketa publiko, sozial, demokratiko eta jasangarria lortzeko asmoarekin.

Honako puntuak ditu plataformak adostutako manifestuak:

  1. Ura izateko aukera Giza Eskubidea da
  2. Uraren titularitateak eta kudeaketak %100 izan behar dute publiko
  3. Kooperazioa eta elkarlan publikoa
  4. Enpleguak publikoa eta kalitatekoa izan behar du
  5. Ezinbestekoa da ingurumen, ekonomia eta egitura arloko jasangarritasuna
  6. Zerbitzuaren kostuari aurre egiteko tarifak bere osoan berriro inbertitzea
  7. Herritarren partaidetza eraginkorra lortzeko kudeaketa gardena, anitza eta irekia
  8. Kontsumo arduratsua eta inplikatu guztien aldetik ura aurreztea sustatzearen aldeko apustua
  9. Bultzada sendoa txorrotako uraren kontsumoari
  10. Legedia eta araubidea egokitu

Honako esteka honetan aurkitzen da aurkezpen dossierra eta Bizkaiko uraren kudeaketaren inguruan (giza eskubideak, lurraldea, kudeaketa eredua, enplegua, jasangarritasuna eta partaidetzari dagokionez) egindako aldarrien garapena duen dokumentua.

Datozen hilabetetan ekingo dio plataformak eragile gehiago batu eta aldarri hauek gauzatzeko elkarlanari. Web orri honetan eta sare sozialetako kontu honetan jarrai ditzakezu berriak.

 

Ur kudeaketa interes pribatuen esku

“Inor atzean utzi gabe” lelopean datorkigu aurtengo Uraren Nazioarteko Eguna, baina El Salvadorretik datozen berriek hamarkada bat baino gehiago dirauten gizarte mugimenduen aldarriak atzean utziko dituzte.

Azken hilabeteetan uraren kudeaketa publikoa eta komunitarioa ezartzeko gizarte eragileen urteetako asmotan atzerapausoak bizi genituen, eta aste honetan Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioak ur kudeaketaren aulkiak banatzeko adostu duen erabakiak argi uzten du El Salvadorreko ur kudeaketan interes pribatuek gailenduko direla.

Honen arabera uraren kontseilu zuzentzailean uraren neurrigabeko erabilera egiten duten industria sektoreko eta eraikuntza sektoreari loturiko ur partzuergoetako kideak izango dira, lurraldeko uraren kudeaketa jasangarria izateko eta ur eta saneamendua giza eskubidea gauzatzeko arazo gehienak sortzen dituztenak denak ere.

Uraren instituzionalizazio guztiz publikoaren beharra ezaguna eta joera den honetan, El Salvadorreko gizarteak datozen egunotan, Uraren Pribatizazioaren Aurkako Aliantza Nazionalak definitu duen “emergentziazko” egoera honetan, aldarrikapen ezberdinak burutuko ditu, ura ez dela saltzen, zaindu eta defendatu beharra dagoela gogoraraziz.

Antolakuntza eta borroka El Salvadorren ura defendatzeko

Koordinakundeko lagunekin batera bideo bat atera dugu “Antolakuntza eta borroka El Salvadorren ura defendatzeko” izenburupean. Jakin nahi al duzu zer egiten ari garen?

Uraren defentsaren aldarrikapena bizi

San Isidroko ingurugiro artista eta aktibista zen Marcelo Riveraren erailketaren bederatzigarren urteurrenean bertan, uztailaren 5ean, herrialdeko hainbat txokotan milaka pertsona atera ziren kalera uraren pribatizazioaren aurka eta orain dela 12 urtetik mugimendu sozialek aldarrikatzen duten Uraren Lege Orokorraren defentsan.

Informazio gehiago:

#ApruebenLeyGeneralDeAguasYa
#NoALaPrivatizacionDelAgua

Hiriko drainatze-sistema iraunkorren unibertsitate-ikerketa abian

El Salvadorreko Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultatearekin (FIA/UES, gaztelerazko siglak) dihardugun unibertsitate-lankidetza prozesuan erronka berri bati ekin diogu azken hilabete hauetan, hiri dranaitze-sistema iraunkorren (SUDS, gaztelerazko siglak) ikerketari.

3 drainatze-sistema iraunkorren diseinu eta muntai helburu duen erronka honetan, aurreko proiektuan moduan Herri Lanen Eskolako ikasle elkartearen (ASEIC, gaztelerazko siglak), ikerlarien eta zuzendaritzaren koordinazioarekin hasi ginen.

Heziketa eta ikerketa prozesu berritzaile hauetan ikaslegoaren parte hartzea sustatze aldera, ikasketa-planean dituzten “ordu-sozialak” proiektu honetan gauzatzeko aukera aurkeztu zitzaien uztailaren 3an buruturiko bilera irekian.

Uraren kudeaketa eta hirigintza egokiaren beharra oinarri duen proiektu honetan ia 30 ikaslek adierazi zuten parte hartzeko asmoa, ASEICek eginiko aukeraketaren ostean  horietatik 24 ikaslek modalitate horretan parte hartuko dute (9 emakumeak izanik), zortzik diseinuaren fasean eta beste hamaseik muntaian, gai hauetan aditua den ingeniari baten koordinaziopean.

Uztail eta abuztuan zehar, diseinuaren ardura duten ikasleek ur isuriak gelditzen dituen sistema, ur isuria kontrolatzeko sistema eta bio-atxikipena bultzatzeko lorategia kokatzeko asmoa dauden eraikuntzen datuak jasotzeari ekin zioten, bai unibertsitateko sail ezberdinetan informazioa eskatuz baita tokian tokiko informazioa bilduz. Behin horrela, eraiki nahi diren sistemen plano eta zehaztasun tekniko guztiak kalkulatu dituzte.

Hala ere, unibertsitateko kafetegietako urak tratatuko lituzkeen lorategiaren diseinuari dagokionez, gai konplexu eta esperimentala denez, El Salvadorren eta Ertamerikan zehar gauzaturiko kasu ezberdinak ezagutzea eta aztertzea beharrezkoa izan da. Lan horretan, irailean zehar mota honetako lorategi eta beste saneamendu alternatiba ezberdinen inguruan dituzten zalantzak argitzeko, ACUAko ur eta saneamendu teknikari baten laguntza izan dute, GKE honek hainbat urtetan Balsamo mendilerroan gai hauek landu izan dituelako. Diziplina anitzeko azken solasaldi honetara Roberto Aguado ISF-MGIko kidea eta UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoko doktorea ere batu da.

Kalkulu guztiak finkatu eta hurrengo hilabeteetan sistema hauen muntaketa martxan jarriko da, betiere UPV/EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoaren babesarekin abiatu den prozesu honetan.

Ur kudeaketaren aulkiak

20 aulki,… 10 hobe, ezta? Ondo da?…….. Ez! Orain hobe 7,… ez hobe 5, ez 7! Aulki zenbakien arabera laburbildu daiteke 11 urte luzetan El Salvadorren uraren lege orokorraren inguruan darabilen eztabaidak. Oraintsu aurkeztu du Universidad Centroamericana “José Simeón Cañas” (UCA, gaztelerazko siglak) unibertsitate pribatu esanguratsuko aholkulari talde batek azken proposamena, 7 aulkiduna, ekainean bertan El Salvadorreko alderdi kontserbadoreek Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioan eztabaidatzeko aurkeztu zuten 5 aulkitako proposamenak sortu zuen zalaparta soziala baretze aldera.

Hala ere aulkien zenbakietan baino, aulki horiek osatuko luketen uraren kudeaketaren kontseilu zuzentzailean nor eseriko den hautatzean dago gakoa. 7 bat hilabete lehenago beste 7 aulkidun proposamen batek eragin zuen moduan, uraren kudeaketaren boterea noren esku utzi nahi den izan da azken hilabetetako Uraren Pribatizazioaren Aurkako Aliantzak (non El Salvadorreko Uraren Foroak ere parte hartzen duen) buruturiko ohar abisu eta ekintza guztien muina. Horren adibide dugu, uztailaren 11ean El Salvadorreko 14 departamentuetan aliantza honek burutu zituen ekintzak. Uraren Foroko Balsamo Mendilerroko Lurralde Mahaiko lagunak La Libertad departamentuko Santa Tecla hirian, eta ADES Santa Marta eta Osasun Foroko kideak Cabañas departamentuko Guacotecti herrian izan ziren, adibidez.

Aliantza honen izenak berak argi uzten duen moduan, jakina da azken proposamen hauek aulki gehienak uraren kontsumo altua duten El Salvadorreko zein sektore ekonomikoren esku utzi nahi dituzten. Hori dela eta, argi dute Ur Giza Eskubidea gauzatzeko kudeaketa publikoa eta komunitario izan behar dela, 2012tik 10 aulkidun proposamena aurkeztu ondotik Asanblada Legegileko Ingurumen eta Aldaketa Klimatikoaren komisioaren eztabaidetan adierazi izan duten moduan. Horixe da pribatizazio eta merkantilizazio prozesuen aurrean ISF federazioko “ura guztiona, eskubidea da, ez salgaia” kanpainaren ideietan laburbiltzen dena, eta parte hartzailea, gardena eta kontu-ematean oinarritzen den uraren kudeaketaren ereduaren oinarria. ISF-MGIk El Salvadorreko erakunde ezberdinekin elkarlanean eredu hauek bultzatzen jarraitzeko ekinean dihardu, eta aulki jolas honen azken kapitulu honi adi jarraituko diogu aste eta hilabete hauetan zehar.

Hori bai, ez dago inongo berririk Asanblada Legegileko 84 aulkitan eserita dauden diputatuek legealdi honetan onartzeke duten konstituzioko 69. artikulu berriaren inguruan. Ura eta elikadura giza eskubidea Game Over omen dabil oraindik El Salvadorren.

GrALa garapenerako lankidetzan egiteko ilusioa

Ia pasatu dira ia 2 urte Sergiok bere GrALa garapenerako lankidetzan egiteko erronka hartu zuela. Garai hartan ilusioz erantzun zigun orain gure blogean berreskuratzen dugun elkarrizketan:

Zergatik lankidetza arloko GrALa?

Graduko 4. maila hastean Gradu Amaierako Lana (GrAL) zeri buruz egitea aukeratu behar nuen. Irakasleek proposatzen zituzten proiektuek ez ninduten gehiegi motibatzen eta, gainera, giza garapenerako lankidetza arloan zerbait egiteko ideia nuen. Izan ere, duela hiru urte Ghanan egon nintzen umezurztegi batean eta antzeko esperientzia errepikatu nahi nuen. GrALa gustora egin nahi nuen, zerbait aurrera eramateko balioko lukeena eta ez gradua amaitzeko tramite huts bat bakarrik. Horregatik, Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkartearekin harremanetan jarri nintzen eta egun eskuetan daukadan proiektua lortu genuen.

Zertan datza zure GrALak?

El Salvadorreko Asociación Comunitaria Unida por el Agua y la Agricultura (ACUA) elkarteak proposatutako Conacaste kantoiaren komunitate batzuetarako ur-hornidura sistema bat diseinatuko dut. Lana Bilbotik aurrera eramateko, gaiari buruzko informazioa eta beharrezko datuak partekatu dizkidate eta sistemaren eskema egiten hasi naiz. El Salvadorrera heltzerakoan, egindako eskema osatuko dut bertan dituzten datu zehatzagoak erabiliz eta GrALa egingo dut: kalkuluak egin, ondorioak atera, alternatiba aukeratu, etab. eta lan osoa idatzi.

Zer espero duzu bertan egingo duzun egonalditik?

Ekainean El Salvadorrera joango naiz hilabete eta erdiko egonaldia egitera. San Salvador hiriburuan egongo naiz lo egiten eta egunero Zaragozara joango naiz ACUAn lan egitera. Noizbait komunitateetara gerturatuko garela uste dut proiektuaren errealitateaz jabetzeko: bertan bizi diren pertsonak eta euren bizimodua, gabeziak eta premiak ezagutzeko.

Bilbora umilago bueltatuko naizela uste dut. Esperientzia honek gure bizimodua erlatibizatzeko balioko dit eta guretzat normalak diren eskubide eta baliabideak beste leku batzuetan existitzen ez direla ikusiko dut, edo hauek lortzeko egin beharreko esfortzua zein den.

Egonaldi honekin giza garapenerako lankidetzan esperientzia bereganatu nahi dut: nola funtzionatzen duen, proiektuak aurrera eramateko trabak zeintzuk diren, langileak nola antolatzen diren, komunitateetako pertsonekin harremana nolakoa den, etab. Lankidetzan lan egiten jarraitzera motibatuko nauela uste dut.

Zure ustean, mota honetako GrAL bat zein neurritan izan daiteke eraldatzaile?

Nire GrALean proposatuko dudan ur-hornidura sistema aurrera eramango denik ere ez dakit. Hortaz, zuzenean batere eraldatzaile ez izatea suerta daiteke. Baina GrALa egiteko aitzakiarekin El Salvadorrera banoa, ACUA elkartearekin tailerretan parte hartzen badut, etorkizunean lankidetzan lan egiteko kontaktuak egin eta esperientzia bereganatzen badut eta nire egonaldian bizi izandakoa lagun eta ezagunekin partekatzen badut, eraldatzailea izango da neurri batean edo bestean.

GrAL hau egiteak etorkizunari begira zer ekarriko dizula uste duzu?

Alde batetik, GrAL bat egiteak industria ingeniaritza arloko proiektuak ezagutzea, prestatzea, idaztea eta aurrera eramatea du helburu, eta baita arazo edo gabezien aurrean konponbideak proposatzeko gaitasuna bereganatzea, ikasitako kontzeptuak, kalkulu tresnak eta metodologiak erabiliz. Beste alde batetik, ohiko GrAL bat beharrean garapenerako lankidetza arlokoa denez, nire lana proiektu handiago baten parte izango da. Horregatik, unibertsitatean aurkeztu behar dudanaz gain beste hainbat aspektu landuko ditut eta lankidetzako proiektu erreal baten egitura eta lan egiteko modua ikusi eta ikasiko ditut. Honek beste ikuspegi praktikoago bat emango didala espero dut, benetako proiektuetan ematen diren arazoak biziko ditudalako eta irtenbide eman beharko diedalako.

Partekatu nahi duzun beste ezer?

Ingeniaritzako graduan ikuspegi soziala falta da. Errentagarritasun ekonomikoa lantzen da baina proiektuen onura edo zergati sozialak ez dira aipatzen. Horregatik erabaki nuen Gradu Amaierako Lana giza garapenerako lankidetzan egitea: beste ikuspegia ere bereganatzeko, ez bakarrik unibertsitatean irakatsi diguten ikuspegi partziala.

Behin esperientzia pasata, Sergio, esperotakoa bizi izan zenuen ala ilusio hutsa izan zen? Animatuko zenituzke honelako esperientzia batera unibertsitateko ikasleak? Ia gure facebook-eko sarreran erantzuten digun.

ISF-MGI El Salvadorren martxan

Bisitez betetako astea igaro genuen El Salvadorren ISF-MGI-ko kideok urtarrilaren amaieran. ESF Catalunyako adiskideekin etorkizuneko erronkei buruzko solasarekin hasi, eta El Salvadorreko unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Fakultateko (FIA/UES) dekanotzako eta ASEIAS ikasle elkarte antolatuko kideekin batzartu ginen. Bertan, UPV/EHUko OFICOParen babesarekin sustatu den unibertsitate-lankidetzaren esperientziatik guztiok jaso ditugun ikasbideei eta etorkizunari begira elkarlanean burutu ditzakegun ekintzei buruz mintzatu ginen.

Hiritik irten, eta arnasestuka dabilen Balsamo Mendilerrora jo genuen, bertako komunitate eta elkarte antolatuekin Ur eta Saneamendu Giza Eskubieen eta ingurumenaren defentsaren borrokan azken bi urte hauetan ACUA, ASAPS eta CORCULL erakundeekin daramangun ahalduntzen prozesuen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Uraren Giza Eskubidearen defendatzaile hauek elkarte moduan komunitate eta lurralde mailako antolamendurako beharrei aurre egiten ari dira trebakuntza prozesu ezberdinen bidez, beste hainbat erronken artean, estatuko beste hainbat elkarterekin batera Uren Lege Orokorra gauzatzeko beharraren aldarri nekaezinari eusteko adibidez. Uraren defentsaren eguneroko lan horretan emakumeek duten protagonismo aktiboaren (ez ikusizkoa oro har) lantze aldera oraintsu hasi da beraiei zuzendutako iturgintza trebakuntza. Prozesu hau eta ASAPS osatzen duten komunitateetako ur batzordeekin gauzatuko diren beste batzuk, ANDA estatuko uraren antolatzaile publikoaren landa-eremuko sistema eta komunitateentzako atentziorako gerentziarekin elkarlanean gauzatuko dira, ur edangarria bideratzen duten sistemen antolatzaile eta kudeatzaileentzako formakuntza integralerako gune berrian. Prozesu hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntzen deialdi ezberdinen bidez burutzea posible izan da.

 

San Jose Guadalupe komunitatera hurbilbuta 2015an hasi eta 2016 bukatu zen uraren hornidura-sistemaren eraikuntza proiektuaren lorpenak aurrez aurre ezagutu genituen. Aipatzekoa da ur sistema honen diseinua Garapenerako Lankidetzan oinarrituriko Gradu Amaierako Lan baten bidez gauzatzea lortu zela. Horrez gain, gaur egun martxan dagoen saneamendu proiektuaren aurrerapenei buruz komunitateko kideekin solasa izan genuen. Komunitate honetako proiektu berri honek ere Bilboko Udalaren garapenerako nazioarteko lankidetzarako diru-laguntzen deialdiaren bidez gauzatzeko aukera izan du.

 

Azken bisita honen ostean Radio Balsamoko kideek ISF-MGIko kide den Aitor Gomezi egindako elkarrizketaren berrian laburbiltzen den moduan “ura ezinbestekoa da bizitzarako, eta Balsamoko mendillerroaren kasuan, (…) beharrezko lana da honakoa bizirik irauteko, beste aukera batzuk izateko eta herritarren gaitasunak sendotzeko”. Berri horretan bertan Steve Magaña esatariak laburtzen duen moduan horretan jarraitzen dugu ISF-MGItik “Ura Giza Eskubidea den eskakizunaren bitartez komunitateko antolakuntza sendotuz”.

Erronka zahar-berriak ditugu eskuartean beraz. Denon artean, aurrera ba!

El Salvador-eko Uraren Foroak gobernuaren eta ANEP-en artean Uren Lege Orokorraren aurreproiektu berria negoziatzea salatzen du

Hamar urte pasa dira El Salvador-eko Uraren Foroaren inguruan antolaturiko gizarte mugimenduek Uren Lege Orokor bat proposatu zutenetik. Proposamen honek herrialdeko uraren babesaren ardura ardatz harturik kudeaketa publikoa, partehartzailea, iraunkorra eta bidezkoaren ikuspuntua zuen, uraren kudeaketa komunitarioa aintzatetsiz.

Aldarrikapen aintzindari honek 2012an El Salvador-eko Gobernuarekin Uren Lege Orokorraren aurreproiektu bat adostea lortu zuen. Bertan uraren erakunde zuzentzailea guztiz publikoa izango zela bermatzen zen, honen buru Ingurumen eta Baliabide Naturalen Ministerioa (MARN gaztelerazko siglak) izango zelarik eta honek Uraren Kontseilu Nazional (CONAGUA gaztelerazko siglak) baten laguntza izango zuelarik, besteak beste, unibertsitate, landako eta komunitateetako erakunde, alkatetza eta sektore pribatu beraren parte hartzea ahalbidetuz.

movilizacion_pormiderechoalagua_24022015

Uraren foroaren “nire ur eskubidea” ekinaldiko mobilizazioa. 2015-02-24

Read more