Egilea: Irati Gorostidi
Apunteak, pantailak eta boligrafoak izan ohi diren lekuetan, gaur orratzak, hariak eta apurtutako jantziak izan dira protagonista Mugarik Gabeko Ingeniaritzak antolatutako arropak konpontzeko tailerrean. Ordu batzuez, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasgela bat bestelako ikaskuntza-gune bihurtu da: ezagutza berriak eskuratzeaz gain, ohiturak zalantzan
jartzeko eta ahaztuta genituen trebetasunak berreskuratzeko lekua bihurtu da. Izan ere, erabili eta zaborrontzira botatzeko ohituraren aurrean, proposamena argia izan da: gelditu, konpondu eta daukagunari bizitza luzatzea.
Saioari hasiera emateko, galdera sinple baina deseroso bat egin da: Zure jantziak konpondu edo, akats txikiena agertu bezain pronto baztertu egiten dituzu? Hortik abiatuz, hitzaldian ehungintza-industriaren eraginak azaldu dira, eguneroko ohiturak birpentsatzera bultzatzen dituzten haietakoak. Urtero 100.000 milioi jantzi inguru ekoizten dira, baina horietako asko
ez dira inoiz erabiltzen. Urruneko arazoa dela pentsatu arren, Europar Batasunean pertsona bakoitzak 11 kilo arropa-hondakin sortzen ditu urtean. Datu horien atzean zenbakiak baino zerbait gehiago dago: ultra fast fashion-ean oinarritutako eredu bat, gainprodukzioa, kontsumo azkarra eta ingurumenean nahiz industria horretan lan egiten duten pertsonen
gaineko presio handia dakarrena.
Arazoa ez da hondakinen sorrera masibora edo baliabideen kontsumo intentsibora mugatzen (20.000L ur, kilo bat kotoi ekoizteko), baizik eta ekoizpen-kate osoa zeharkatzen du, non pertsona askok oinarrizko lan-eskubiderik gabe egiten duten lan: soldata baxuak, gehiegizko lanaldiak eta ingurune ez-seguruak. Egoera horren aurrean, eredu gardenago, arduratsuago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko beharra planteatu da, non kontsumo kontzienteak eta jantzien bizitza luzatzeak garrantzi berezia duen.
Baina tailerra ez da diagnostikoan geratu. Hausnarketaren ondoren, ekintza iritsi da. Jostorratzak, hariak, guraizeak eta jakin-min handiarekin ekin diote lanari parte-hartzaileek. Mahaien gainean zulodun galtzerdiak, bakero puxkatuak, kamiseta hautsiak edo hilabeteak atzeratzen ari zen konponketa baten zain zeuden prakak agertu dira; izan ere, batzuetan
aitzakia bat baino ez da behar, egin behar zenuena egiteko.
Ezagutza ezatik hasi eta esperientzia aurreratueneraino, jakintza-trukaketa espontaneoa sortu da: galtzerdiko zuloak nola konpondu, apututako prakak partxe batekin nola indartu, botoi bat nola josi edo zulo bat nola itxi.
Perfekziotik haratago, ikuspegia argia izan da, hobe konponketa xume bat ezer ez egitea baino. Erreparatzea irakaskuntza prozesu bat izateaz gain, eredu kontsumistaren aurrean errebeldiazko jarrera gisa ere ulertu da. Kontsumoak erritmoa markatzen duen testuinguru batean, jantzi bat konpontzea trebetasun bat baino zerbait gehiago bihurtzen da: ezarritakoa
zalantzan jartzeko modu bat da.
Egunaren amaieran, partekatutako sentsazioa argia izan da: guztientzat baliagarria eta beharrezkoa den zerbait ikasi izana. Eta, zorionez, ez da azkena izango. Asmoa esperientzia errepikatzea da; konpontzeko, jakintasunak partekatzeko eta, nolabait,
inguratzen gaituen guztia zalantzan jartzeko espazioak sortzen jarraitzea.









