Joan den urtarrilaren 18an saio bat emateko aukera izan genuen UPV/EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak masterrean, “Sistema zientifiko-teknologikoaren eraikuntza soziala zalantzan jarriz” izenburupean. Saioaren helburua hainbat ideiaren inguruan hausnarketa kritikoa egiteko gune bat sortzea izan da: zer jotzen dugu zientziatzat?, zer da zientzia ez-normatiboa?, ba al dago egungo sistema zientifiko-teknologikoari eusten dion menderatze-matrizerik? Saioa UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean egin zen, eta bertan, masterraren koordinatzaileak harrera atsegina egin zigun.
Teknika pedagogiko parte-hartzaileak eta inklusiboak erabiliz, ekarpen teorikoak eta gogoeta politikoak biltzen zituen espazio bat sortu zen, hala, parte-hartzaileen artean eztabaida sustatzeko dinamikak eta jarduerak burutu ziren. Taldea oso dinamikoa eta parte-hartzailea zen, eta horrek bideratzen ari zen hausnarketa kolektiboa erraztu eta aberastu zuen.
Beraz, lehenengo blokea zientziaren eraikuntza soziala zalantzan jartzean zentratu zen, sistema tekno-zientifikoa egituratzen duen menderatze-matrizearen atzean dauden kausa eta ondorio batzuk batera aztertuz. Oso gogoeta interesgarriak egin ziren sistema heteropatriarkal, kolonial eta kapitalista legitimatzeko zientzia nola erabili den eta egoera hori iraultzeko zer tresna kolektibo eraiki ditzakegun azaltzeko. Bigarren blokean, emakumeek zientzian egindako ekarpenak nola ikusezin bihurtu diren eta historikoki zientzia gisa legitimatutako ezagutza hori eraikitzetik kanpo nor geratu den landu zen. Horretarako, jakintza eta asmakizunei buruzko irakurketa bat egitea proposatu zen, legitimaziorik gabeko eta gizartean baloratu gabeko espazioetatik abiatuta, eta, ondoren, gaiari buruzko hausnarketa kolektiboa abiaraztea.
Hirugarren eta azken blokean, LGTBI ikuspegia eta transfeminismoa Euskadiko Mugarik Gabeko Ingeniaritzan nola txertatu diren azaldu zen, baita metodologia feministetatik ikerketak nola egin behar diren ere.Saioari amaiera emateko, parte-hartzaileak hainbat konpromiso hartzera gonbidatu zitzaien: zientzia zer ikuspuntutatik egin nahi dugun eta nola jarrai dezakegun zientzia feminista bat eraikitzen hausnartzera.