Lurraldearen eta Giza Eskubideen defendatzaileen lana zuzenean ezagutzeko hainbat topaketa egin ondoren, defendatzaile horiek babesteko aktibatzen diren elkartasun-mekanismo eta -sareez jakin nahi genuen. Nola egiten dute lan? Zenbateraino dira egokiak? Emakume defendatzaile askok genero-arrazoiengatiko indarkeria mota askori aurre egiten diete, hala nola sexu-indarkeriari eta mehatxuei, jazarpenari eta emakume izatearekin lotutako difamazio-kanpainei. Egoera horren aurrean, geure buruari galdetzen diogu: zer paper bete dezakegu Iparralde Globaleko erakundeek gatazkan defentsan laguntza emateko?
Fernando Armendarizek, Protection Internationaleko giza eskubideen aldeko ekintzaileak, aintzat hartzeko garrantzitsuak diren gakoetako batzuk partekatzen dizkigu. Giza Eskubideak defendatzeak botere ekonomikoei aurre egitea esan nahi du, estraktibismotik datozen garro guztien aurkako etengabeko borroka da. Arrisku handiko jarduera da, eta, emakumeen kasuan, aparteko zaaurgarritasun egoera dakar, ez baitute beti ikusten beren komunitateek laguntzen dietela. Testuinguru horretan, Protection Internationalek komunitate-arloa indartuko duen eta nazioartean eragingo duen laguntza proposatzen du, babes-mekanismoetatik politika publikoetara igarotzeko.
Bertaratutakoen arteko eztabaida zabaltzean, hainbat lekutatik entzuten ditugu lekukotasunak, jasotako mehatxuengatik beren lurraldeetatik aldendu behar izan duten defendatzaileak eta nazioarteko elkartasunaren taula globalean kokatzeko modua birentsatzen jarraitzen duten Iparralde Globaleko ekintzaileak. Alde horretatik, hasieratik sor daitezkeen pribilegioak berrikustearen garrantzia azpimarratzen da, haien gorputza lehen lerroan jartzen duten pertsonei beren behar bezalako laguntza eman ahal izateko. Zentzu horretan, bide luzea dugu oraindik egiteke.
Pandemiaren aurrean, estatu askok aitzakia ezin hobea aurkitu dute babes neurri asko bertan behera uzteko. Premia psikoafektiboei lotutako ikuspegi feminista aplikatzen badugu, gaur egungoa bezalako uneetan inoiz baino garrantzitsuagoa da laguntza-neurriak indartzea, defendatzaileei sostengu emozionalean laguntzea, eta ondasun komunen pribatizazio handiagoaren aurrean gerturatzen den eraso berrirako prestatzea.
Eraso gehiagori, borroka eta erresistentzia gehiago. Baina, era berean, ez dezagun ahaztu, gehiago eta hobeto lagundu.